Esanaren faltan ez zen inor jakin gabe
geratuko: Euskadi Irratiak 25 urte bete ditu kanpai buelta artean.
Eta nik poza hartu dut, oso gogoan baitut EITBren lehen alea sortu
aurreko basamortua. Ez ditut gutxietsiko Loiola, Segura eta beste
irratiak. Meritu handiko lana zen haiena, baina irrati publikoak
beste anbizio bat ekarri zuen, agintearen bulkada lagungarria.
25 urte geroago, estimu handian dut
Euskadi Irratia. Izan ditu gorabeherak, baina gaur oso maila onean
dago. Egunero entzuten dudan irrati bakarra da eta aski zait behar
beste informazio jasotzeko. Hori asko da euskaraz bizi nahi
duenarentzat. Baina, gainera, zinez uste dut EITB talde osoan Euskadi
Irratia dela produkturik duinena eta lehiakorrena. Zorionak horregatik.