Tranbia Debagoienean

Ez da samurra izaten eskualde baterako estrategikoa den proiektu batek Udalak, Foru Aldundia eta Jaurlaritza alde edukitzea. Trazatuan hainbat adostasun lortzearen faltan, tranbia adostu zen Debagoieneko mugikortasun arazoarentzako irtenbide moduan.

Azken hilabeteetan ordea , alkateokin izandako batzarretan, Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak tranbia baino gehiagotan erabili dituzte BRT hizkiak (Bus Rapid Transit), bus erraila. Tranbia baztertu ez baina lehenetsi BRT egingo zutela joanden asteko kontua da. Agian etorkizunean tranbiarentzako baliagarria izango litzakela errail beria.

Eta tranbia (adostauna) hiltzat ematen genuenean … Gaur Idoia Mendiak EAJri proposatzen dio elkarrekin garatu daitezkeen proiektu estrategikoen artean dagoela Debagoieneko tranbia. Kontuak ateratzen hasi eta gaur bertan bukatzen zen Aralarrek legebiltzarrean Debagoienko tranbiaren gainean egindako legez besteko proposamenari zuzenketak egiteko epea.

Eta batek pentsatzen du, zertarako batu Eusko Jaurlaritzarekin gero prentsan jakingo baduzu benetan zein den bere asmoa… Eskerrak legebiltzarrean aukera izango dugun, bene benetan Eusko Jaurlaritzak Debagoieneko tranbiari (adostasunari) bultzada ematea gura dion edo ez ezagutzeko. Izan ere, egin dugun proposamena aurrera ateratzea lortzen badugu, ekainerako ekarri behar lituzke Jaurlaritzak Debagoieneko tranbia ezartzeko egutegia, plangintza eta txosten teknikoa.

Herrixa dantzan

Elgeta dantza lekua zala askotan entzun izan dotset ni baiño nagusixauei. Askotan etortzen ei ziran Egan-ak eta frontoia bete… Domekan “Herrixa dantzan” ekimena hasiko da, hilleko azkenengo domeka iluntzetan dantzan egiteko aukera aparta.

Korro dantzak begiratu, helduta egitekon baten gerrixa mobidu eta ia “atzetik aurrera, bat, bi…” pasutik aurrera egiten doten hirugarren saiakeran.

Martxoko azkenengo domekan gaiñera Jainaga eta Narbaiza etorriko ei dira, iaz plazia dantzan ipiñi zeben jaixetan.

Herrigintzan dihardu Elgetako Udalak, “Herrixa dantzan” beste adibide bat. Ia erantzuna…

Beti galdu

“Eztabaidatu gura duzuena, erabakia hartzen dugunean denok gure ostean etorri beharko duzue eta” hori izan daiteke atzo erakundeak emandako agiriaren laburpena. Militarrek erabakia hartuta dutela ere ematen du.

Denok ez gaude erakundea jarraitzeko prest, batzuk aspaldi eman genuen pausua bakarrik borroka politikotik ekiteko. Norberak hartu behar du erabakia: estrategia politiko-militarra atzean laga eta estrategia politikoari ekin. Eta erabakiak hartu ezean, galdu. Beti galdu.

Polorik ez iparraldean

Frantziar Errepublikako eskualdeko hauteskundeetan AB eta Batasunak EH Bai koalizioa bultzatuko dute. Sei ardatz hauen inguruan jardungo dute: Euskal Herria hitza eta erabakia, euskararen
ofizialtasunaren aldarrikapena; errepresioaren amaiera; AHT berriari
ezezkoa; Euskal Herriko Laborantza Ganberaren lanaren goraipatzea eta
lantegien itxiera eta langileen kaleratzeen salaketa. Iparraldean borroka armaturik ez egoteak posible egiten du elkarlana ezker abertzaleko sentsibilitate desberdinen artean.

EAk koalizioan parte ez hartzea erabaki du, iparraldean beraz ez dugu polorik ikusiko. Nafarroan ere ez, Nafarroa-Bai ei da EAren apustua. Hortaz, poloa edo denadelakoa EArentzako Bizkaia, Araba eta Gipuzkoara mugatzen dela esan daiteke.

Poloan baino, sinesten dut ezker abertzale politikoan, iparraldean posible dena gura nuke hegoaldean.

Urte berria fokatze zaharra

Lortu dugu erantzun bateratua ematea Etxerat-ek deitua zuen manifestazioa debekatu ostean. Hainbat alderdik adostu genuen prentsaurrekoa ematea deialdi berriaren berri emateko. Gara eta Berria egunkariek erretratu berdina aukeratu zuten albistea ilustratzeko.

Bat fokatua eta besteak ez. Urte berria eta iaz moduan jarraitzen dugu. Eta entzungo dugu “ez ikusi ez dagoenik”.

Euskal Preso Politikoak Euskal Herrira

Estatuak ere gerra estrategian dihardu. Preso politikoen eskubideak aldarrikatzeko urteetan egin den manifestazioa debekatu du estatuak. Erabaki honekin, ere, ez nago ados. Eta topatu beharko dugu modua erantzun egoki eta bateratua emoteko.

Probokaziñotan dihardu estatuak aste osuan eta erantzun bihar dogu buruarekin, ez tripekin.

Iritzi desberdina izateko eskubidia

Taldeko eztabaidetan aberasgarrixa da iritzi desberdinak izatia. Eta eztabaidak mugara eruaten diranian, norberak eztabaida nun hasi eta nun bukatzen daban kontuan hartzekua izaten da. Ondokuak egiten daban bidia be bai…

Batzuk ohituta dare bidia modu batera egiten. Ados ez dagonarentzako txilindrua. Horren arira idatzi dogu gaur Deian. Disidentiak diran preso politikuek be eskubidiak dittue, hainbeste ez dala disidentiak diran preso politikuen erretratuak herriko tabernetatik kendu dittuana Ares izan ez dan arren, eta euren eskubidiak be aldarrikatuko dittugu urtarrillak 2xan Bilbon.