Belamendirentzat zenbait argipen

Patxi Salaberrik Belamendi izeneko bere blogean energiaren eta aerosorgailuen inguruan idatzi du, eta beste askoren artean ni ere zeharka aipatzen nauenez, erantzun bat zor diodala pentsatu dut. Ez naiz esaten duen guztia eztabaidatzen hasiko, hainbat kontu aurrez aurreko elkarrizketa batean lantzea eraikitzaileagoa litzatekeela iruditzen zaidalako, baina bere idatzian badaude zenbait ondorio datuen interpretazio oker batean oinarritzen direnak, eta gaiaren inguruko eztabaida zorrotz eta informatu baten mesedetan, argitzea komeni direnak.

Estatua erreferentziatzat hartuta Patxik dio “123 Gw-ko potentzia instalatua daukan arren, nekez gainditzen dela 36 Gw kontsumo-langa”, eta, era berean, aditzera ematen du nahikoa berriztagarri dagoela jada instalatua: “71 Gw-eko ekoizpena… 36 Gw-ko eskaria asetzeko!”.

Baieztapen hauek egiten dituenean, potentzia eta energia kontzeptuak nahasten ari da Patxi. Gauza bat da potentzia instalatua, Gw-etan neurtzen dena, eta beste bat potentzia instalatu horrek denbora unitate jakin batean ekoizten duen energia, Gwh-tan neurtzen dena. Guztiz normala da erregistratutako potentzia pikoa (36 Gw) instalatutakoa (123 Gw) baino txikiagoa izatea, teknologia guztiek ez dutelako inoiz potentzia maximoan eta batera funtzionatzen, are gutxiago eolikoaren eta fotovoltaikoaren kasuan. Hauek eguzkia eta haizea dagoenean soilik funtzionatzen dute, eta, normalean, eguzki asko dagoenean haize gutxi egoten da eta alderantziz.

Berak erabiltzen duen iturri bera erabiliz, “red electrica” (REE), eta 2023. urtea aztertuz, ikusi dezagun zein den berriztagarrien errealitatea Estatuko argindarraren ekoizpenean. 2023. urtearen bukaeran 124,7 Gw-koa zen Estatuko sare elektrikoan zegoen potentzia instalatua. Hemen ikusi daiteke zein zen potentzia instalatu horren osaera teknologia ezberdinei dagokionean. Eolikoa, fotovoltaikoa eta hidraulikoa batuz, hauen potentzia 72,5 Gw-koa zen.

Potentzia instalatu horrek (124,7 Gw) 266.850 Gwh ekoitzi zituen 2023. urtean zehar. Hemen ikusi daiteke teknologia bakoitzak ekoitzi zuen energia kopurua. Hidraulikoak, eolikoak eta fotovoltaikoak ekoitzitakoa batuz gero, 125.431 Gwh ateratzen dira, hau da, guztizkoaren %47a. Argindarraren gainontzeko %53a nagusiki erregai fosilak erabiliz ekoitzi zen. Eta hau ez zen horrela izan berriztagarriak nahita geldirik egon zirelako, hau horrela izan zen instalatutako 72,5 Gw berriztagarriek ez dutelako askoz gehiagorako ematen. Beraz, ondorioa garbia da: fosilak ordezkatu nahi badira, potentzia berriztagarri gehiago instalatu beharra dago.

Askotan aipatzen da baita ere Estatuan ekoizten den energiaren zati esanguratsu bat Frantziara esportatzen dela. Hemen kontsulta daiteke 2023. urtean Frantziarekin izandako energia trukaketa. Saldoa esportazioaren aldekoa da, bai, baina 1.776 Gwh-takoa soilik, hau da, ekoitzi zen energia guztiaren %0,7a.

Beraz, ez dago soberakin berriztagarririk, alderantziz, oraindik ere ekoizten den argindarraren gehiengoa iturri fosilak erabiliz ekoizten da.

Bestalde, ekologismoaren barruko korronte batek erabiltzen duen argudioa bere eginda, azpiegitura berriztagarriak eraikitzeko erregai fosilak erabiltzen direla dio Patxik, eta beraz, aditzera ematen du CO2 isurketen ikuspegitik ez dagoela alde nabarmenik argindarra sortzeko berriztagarriak edo iturri fosilak erabiltzean. Esan gabe doa baieztapen honek ez daukala inolako zorroztasunik. IPCC1-k dioenaren arabera, hauek dira, bizitza ziklo osoan ematen diren isuriak aintzat hartuta -materialak naturatik erausten direnetik azpiegituraren esplotazio fasea bukatu bitarte-, teknologia ezberdinekin ekoitzitako kwh bakoitzeko isurtzen den CO2 kopurua:

  • Energia fotovoltaikoa teilatuetan: 41 gCO2 ekoitzitako kwh bakoitzeko
  • Energia fotovoltaikoa lurrean: 48 gCO2 ekoitzitako kwh bakoitzeko
  • Eolikoa lurrean: 11 gCO2 ekoitzitako kwh bakoitzeko
  • Eolikoa itsasoan: 12 gCO2 ekoitzitako kwh bakoitzeko
  • Ikatza: 820 gCO2 ekoitzitako kwh bakoitzeko
  • Gas naturala: 490 gCO2 ekoitzitako kwh bakoitzeko
  • Biomasa: 230 gCO2 ekoitzitako kwh bakoitzeko
  • Geotermia: 38 gCO2 ekoitzitako kwh bakoitzeko
  • Termosolarra: 27 gCO2 ekoitzitako kwh bakoitzeko
  • Hidraulikoa: 24 gCO2 ekoitzitako kwh bakoitzeko
  • Nuklearra: 12 gCO2 ekoitzitako kwh bakoitzeko

Datu hauek argigarriak dira oso. Eolikoak gas naturalak baino 44 aldiz CO2 gutxiago isurtzen du ekoizten duen kwh bakoitzeko. Eta teknologia berriztagarri guztietatik eolikoa da CO2 gutxien isurtzen duena, teilatuetan jartzen den fotovoltaikoa baino gutxiago.

Beste pasarte batean ondorengoa ere esaten du: “gaur eguneko teknologiak ez du ziurtatzen eta ez bermatzen aerosorgailuen funtzionamendu luzerik. Siemens-Gamesak egiten dituen 5 MWetik gorako aerosorgailu berriak, adibidez, akats larriak izaten ari dira lau urte bete baino lehen, teorian 30 urteko iraupen produktiboa izan beharko luketenean”. Siemens Gamesak modelo zehatz batekin arazoak izateak ez du esan nahi gaur eguneko teknologiak ez duela bermatzen aerosorgailuen funtzionamendu luzerik. Baieztapen honek ere zorroztasun gutxi dauka. 5 Mw-ko tamainako aerosorgailu baten teknologia ez da bereziki konplexua, kontutan hartzen badugu gaur egun 15 Mw-ko aerosorgailuak ari direla frogatzen itsasoan, eta 20 Mw-koak ere bidean direla jada, 4 aldiz handiagoak.

Larrialdi klimatikoa kontu serio da, eta trantsizio energetikoaren inguruko eztabaidak zorroztasuna behar du, ezin dezakegu errealitatea desitxuratu azpiegitura jakin baten inguruan norberak duen posizioa justifikatzeko. Eta iruditzen zait Patxiren idatziak asko duela honetatik.

  1. IPCC, 3. lantaldea, 5. txostena, 7. kapituloa, 511-597 orrialdeak, eskuragarri dago <ipcc.ch/site/assets/uploads/2018/02/ipcc_wg3_ar5_chapter7.pdf> helbidean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude