Gernikatik Gasteizera, ni egunero

ASTELEHENEKO GOIENKARIA (2008-10-27)

Aldekoak ados  jarri ziren:
Gernikan, Zornotzan, Durangon, Urkiolan, Legution, Gasteizen eta Baionan
izan ziren Hego eta Ipar Euskal Herriko herritar eta hautetsiak. Kontrakoak
ere bai, bakoitza bere aldetik jakina. Urriaren 25a vs kontramanifestazioen
eguna: Hitza Hitz vs Kursaal; Hitza Hitz vs Lopez; Hitza
Hitz vs Ynestrillas vs Independentzia eguna.

Ni Gasteizera joan nintzen,
lanera; bestela, Gernikan geratuko nintzateke (gaur ere gauza bera,
urriko azkeneko astelehena bada ere). Patxi Telletxeak, Antxon
Karrera
k, Onintza Lasak eta Eider Mendozak Euskal
Herriari, Bakeari, Elkarrizketa politikoari eta Erabakitze eskubideari
Bai esateko eskatu zuten. Mariné
Pueyo
k ere antzekoa: “(…) benetako demokraziara pasatzea. Horixe
da herri honen gehiengo sozialaren desioa eta, segurutik, Gernikatik
Gasteizera bildura diren herritarren gehiengoarena (…) Indarrak batzera
autodeterminazio eskubidearen alde”. Jakina. Ibarretxek aurkeztu
eta Legebiltzarrak, gehiengoz, onartu zuen legeak zioen: kontsulta nahi
dugu, euskal herritarrok gure etorkizuna zein izatea nahi dugun erabakitzeko
eskubidea badugulako.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Urriko azken astelehenaren bezperan

gernika08

Hauxe Urriko azkeneko asteleheneko bezpera. Gure etxeko leihotik ateratako argazkia. BBK-k azkeneko urtetan jartzen dituen etxolek aurten berritasun bat daukate: koloretako eguzki-oihal edo toldoak. Beste itxura bat ematen diote kaleari, alaiagoa edo. Jendetzaren zain, horixe gure kalearen itxura.
Egia esateko, zapatu gauean ere, egon zen kristolako jendetza, urteroko bezperako juergan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 2 iruzkin

Rafa Ruedak disko berria aurkeztu du gaur

kolibria

Rafa, rafita… meloso bat zara! Eta ez hartu zentzu txarrean, ez behintzat hiztegiak esaten duenari jaramon eginez, ze harek ez dauka batere itzulpen gozorik. Baina aizu, gustuko dut eta zer egingo diot ba. Zure azkeneko lanaz nabil, jakina. Gustatu zait.

Gasteiztik bueltan nentorrela jarri dut Zuhaitz okerretan gora noa azken kanta bilduma eta nire kantaren esperoan egin ditut kilometroak aurrera; buelta osoa eman aurretik harrapatu dut. Ni ere hainbat bider sentitu naiz berezi, bakarra banintz moduan. Zuk Goiz batez abestian diozun moduan itsasoari begira, edo zergatik ez, eguzki printzek laino artetik sartzean sortzen dituzten zeru-koloreei begira. Berezi eta batzuetan baita bakarra ere.
Abesti guztietan sendo entzuten da bateria; autoan, izan barik,
subbuferra nuela zirudien. Eta Goiz batez abestia da, animatu egin nau eta autoan abestu ere egin dut; tira, abestu… letra lehenengoz entzuten duzunean ez da abesti bat kantatzen, baina estribilluan sikeran  aritxu naiz.

Abesti bakar bat aukeratzea zaila egiten zait; oraingoan ere, pop doinu arin, sakon eta dantzagarriak nahastu dituzu. Autoan  abestiaren gitarra doinuek erakarri naute eta Kolibria neu nintzela pentsatzen gozatu dut 😉

Paris 1919 abestian gitarrak eta zure ahots jolasak nahastu dituzu; bikainak!  Loturak, lehenengo singelaren bideoa ere ikusgai dagoela kontura naiz. Lagun batekin komentatu dut eta berak ere gauza bera esan dit: une batez metrosexuala zinela iruditu zaigu bioi; badakizu, paparrean ilerik batere ez ikustean!

Honek kronika bat beharrean lore sorta bat emoten dau! Ene…
Argi dago euskal pop hori gustuko daukadala!

Beno, txori batek esan didanez, abenduaren 5ean Plateruenean, eta aurretik, azaroaren 22an, Gernikako Trinketean. Hortaz, bolo jokoa hastera doa!

Zorionak lan berriagatik eta zorte on!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

“Los GAL fueron la actuación más nefasta, cruel y vil que puede llevar a cabo un Estado”

Baieztapena Antonio Rivera talde sozialistaren
legebiltzarkidearena da. Joan zen barikuan Legebiltzarreko osoko bilkuran
egindakoa. Aralarrek aurkeztutako ekimena eztabaidatzen ari zirela bota zuena,
baina Correok bakarrik jaso du zapatuko egunkarian.

Zehazki hauxe esan zuen: “que sin ninguna duda el GAL fue la actuación más nefasta, cruel y vil que puede llevar a cabo un estado, porque un estado además nefasto, cruel y vil cuando
utiliza los medios que le deslegitiman, que incluso una organización terrorista. Quede claro aquí ante todos sus oídos y también ante el diario de sesiones por si acaso hay que recordar de vez en cuando esto que les estoy diciendo”
(pleno eztabaida osoa irakurri nahi izanez gero, Legebiltzarreko webgunean).

Aralarrek Amnistiaren Aldeko Batzordearen kontrako epaia salatzeko eskaria egin zion Legebiltzarrari eta horixe eztabaidatzen aritu zirela egin zituen adierazpenok Rivera legebiltzarkideak.

Egia esateko, ez bere hitzez, ezta Legebiltzarrak hartutako erabakiak, ez zuten aparte oihartzunik izan hedabideetan. Hasteko eta behin, sozialistek erabakia hartu zutelako aldez aurretik, ahalik eta zaratarik txikiena ateratzekoa legebiltzarreko eztabaidan. Horretarako, jarri zuten Antonio Rivera euren jarrera defendatzen. Izan ere,  talde sozialistaren kontrako jarrera askoz ere
gogorragoa eta politikoagoa izango litzateke Pastorrek
edo Aresek egin izan balute defentsa. Baina ostiralean sozialistek ekimenari
garrantzia kendu nahi izan zioten. Euren taldeko oratzailerik onena aukeratu
bazuten ere, “independentea” da. Eta, adierazpena egin aurretik, taldeko
bozeramaile moduan ari zela gogoratu zuen arren, adierazpena berak, Riverak
egin zuen, ez zuen hori Aresek, ez PatxiLopezek ezta Pastorrek ere egin.

Beraz, hurrengo eguneko egunkarietan, Correok
jaso bazuen ere (ez titularrean jakina),  ez Garak, ez Berriak ezta Vocento taldeko
beste egunkariak ere (Diario Vascok) ez zuten jaso. Azkeneko  honek gainera, albisteari garrantzia osoa
kenduta, EHAKren bozeramaileak esan zuenaren haritik (irakurri Gara) ari zirela
zirudien; lau lerro laburretan jaso zuen albistea.

Hiru hilabete eskas geratzen dira legegintzaldia amaitzeko eta arrapalada baten dabiltza gobernua osatzen duten taldeek azkeneko orduan aurkeztu dituzten lege proiektuak aurrera atera nahian. Osterantzean, sozialistek ez dute odolik egingo “eurekin ez doazen” eztabaidekin eta, hortaz, aurrekontuen osoko bilkura arteko eztabaidak, nahiko aspergarriak izango direla aurreikusi genezake.

Dena dela, bitxia gutxienez badela iruditu zait AMMren kontrako epaia salatzeko ekimena aurkeztu behar izatea sozialistek hain adierazpen argigarria egiteko. Baina, jakina, haiek ere ez dute nahi orduko gertakari haiekin inolako harremanik izatea, hauteskunde bezpera giroan murgilduta dabiltza eta asteburuan gertatutakoak eta aurreko egunetan Lasa eta Zabalaren desagertarazi zituztenetik 25 urte bete direla gogoratu bada ere, “orduko kontuak” ez dituzte inguruan entzun nahi. Behin egingo dute era horretako adierazpena, eta inon atera ez; bitxia.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

U2 zuzenean 7,80 eurogatik

U2

Hiru dimentsiotan ikusi izan dut aurretik ere ikus-entzunezkorik. Gogoan daukat, urte mordoa dela, Universal Picture estudioen parkean bisitan izan ginenean Terminator filmaren inguruko atrakzioa ikusten. Harritu egin ninduen efektu bereziek eragin zidatena. Baina honek, U2ren filmak, gainditu egin du sentsazioa: U2-3D kontzertua zuzenean ikustea eta entzutea da; jakina, bertan, saltoka, bultzaka, zarataka, izerditan… egotea izugarria izango da (ez nuen sarrerarik lortu), baina film hori ikustera joatea da irlandarren zuzeneko bat ikustetik gertuen dagoena. Entzun, bikain; ikusi, dena eta gehiago; eta sentsazioak! Atera kontuak: zineko gure eserleku-lerro osoa mugitzen genuen, denok buruak astintzen igaro genuelako ordu eta erdia. 7,80 euro zinera joatearren asko da, baina… zuzenekoaren aldean, gutxi.
Aukera baduzue, eta U2 zaleak bazarete, ez galdu aukera eta bisitan joan, behingoagatik mega-zine-areto-merkantil horietako bat. Hiru dimentsioetako aretoa izan behar du eta betaurreko barregarriak jantzi beharko dituzue, baina gozatu ere egingo duzue!
Bono hain gertutik niri begira egongo zenik ere! Zelako ahotsa duen! Zoragarria!
The National Geographic izan da ekoizlea. Kontua ez da hiru dimentsioetan ikusten dela; hori baino gehiago da; kamera bikoitzarekin grabatu zituzten Hegoameriketan egin zituzten zuzenekoak eta gure begiekin hartzen dugun ikuspegi zabalera osoa hartzea lortu dute grabaketa sistema horrekin.
Benetan, ez da bakarrik filmaren produktoreek egin duten marketing kanpaina izugarriagatik; ikusteko aukera izan dut eta asko-asko gustatu zait eta asko-asko gozatu dut kontzertuan.
Txalo ere egin dugu; guk eta alboko familiakide guztiek: aitak, amak, seme-alabek eta lehengusuek!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Lopez vs Ibarretxe, biak ala biak epailearen aurrean agertuko diren hautagaiak

Atzoko iragarpenaren aurretik jada jakina zen hurrengo hauteskundeak, Legebiltzarrerakoak, alde bikoak izango zirela. EAJ vs PSE arituko dira nor baino nor. Eta atzoko iragarpenaren ondotik, hau da, urtarrilaren 8an epailearen aurrera agertu beharko direla esan dutenetik, titular nagusia hori beharrean, hau da, elkarrizketa praktikatu duten politikoak epaituko dituztela azaldu beharrean, “hautagai bi epaituko dituztela” da albistea. Paisek argi eta garbi idatzi du: “Bi hautagairi epaiketa kanpaina zabaltzeko”.

Erronka, beraz, ez da Patxik egin beharko duen lasterketa lehendakaritzara heltzeko, edo Ibarretxek azken aukeraz baliatzeko egin beharko duen esfortzua lehendakaritzari eusteko. Legebiltzarrerako hauteskundeetan, erronka, beste alderdiek izango dutena da: ikustarazteko erronka. Lekurik  badutela jakin arren, komunikabideek egingo ote dioten ez dakite; hortaz, kanpaina orijinalak antolatu beharko dituzte, entzutetsuak sortuko dituzten ekitaldiak, eta, jakina, handiei begira egon barik, errealak proposamenak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

IV. FanZINE Festivol Durangon, urriaren 19an

Badira urte batzuk Iban Gorriti argazkilari, kazetari, abeslari… todoterrenoa ezagutu nuela. Durangon lanean hasi nintzenean, Anboto aldizkarian. Bera argazkilari modura aritzen zen gurekin, baina gero jakin nuen musikan, zinegintzan, kazetarigintzan eta beste hainbat eta hainbat kontutan sartuta zebilela. Horrela jarraitzen du tipoak eta gaur bertan IV.
FanZINE Festivol
delakoaren berri jaso dut, berak agindutako imeil bati esker. Hortaz, hona ekarri dut, ahal dela, eta ekimenak merezi duelakoan, mezua gehiago zabaltzeko, ahal dela:

FanZINE Festivol-Ainhoa Martin


Urriaren 19an, Durangon

Hiru arte eszeniko batuko dituen jaialdia izango da: film laburrak, bakarlarien musika eta umorea. Dena, Durangaldekoek sortua. Herritik sortuta eta herriarentzat izango da. Autoekoiztutako ekimena, baina San Agustin kultur gunea eskenatoki legez. San Fausto jaien barruan eta debalde izango da ikuskizuna. Aurreko aldian jende mordoa batu zela eta, bi emanaldi antolatu dituzte: lehenengoa
18:00etan eta  19:30ean
bigarrena. 300 bat eserleku ditu lekuak, hortaz, lekua hartzen azkar ibili! Emanaldiek, gutxi
gora behera, ordu bat eta erdi irauten du.

Hurrengo parrafoa, antolatzaileek hitzez hitz idatzitakoa da: “FanZine Festivol-en
laugarren edizio honetan, 30 pertsona baino gehio  hartu dute parte,
nahiz eta musu-truk izango zela jakin. Edozertan, kultura inbertsio honetan,
agian askok, dirua galtzea lortu dute.
Horregatik,
honako hau esan nahi dugu:
 
Udaletxeak
kobratzen duen azkeneko ekitaldia izatea gustatuko litzaiguke, hau
da, bai durangar edo elkarte batek San Agustin Kultur Gunea edota Landako
Erakustazoka erabiltzea eskatzen duenean, gune hauen erabilpena doan
izatea aldarrikatzen dugu. Beraz, premiazkoa ikusten dugu, eta horregatik
honela eskatzen dugu, bai alderdi politikoei edo ordezkapena ez dutenei,
herriarengan konprometitu daitezen alokairua ez kobretako. Benetan,
lotsagarria! Hau da, Udalak bere buruari ez kobratzea txakur txikirik.
Behintzat, horrela pentsatzen dugu, horrelako jarrerekin bakarrik ilusioak
pribatizatzea lortzen delako eta Durangoko kultura herrikoia hiltzea,
bizirik baldin badago, noski”.

Saioa

Sei film labur eskainiko dira; bi berri-berriak: Looking for Míster
X
eta A Marte. Gutxi gorabehera 35 minutu iraungo dute.
Musikari dagokionez, sei kantautore izango dira, ia gehienak euskaldunak, hauetatik bost Durangaldekoak. Eta umorea benetako aktoreen
eskuetatik etorriko da.


Gonbitea
Antolatzaileek esan dutenez,
“FanZine
Festivola  orain arte egin den dibertigarriena izatea espero
dugu, behintzat helburu horrekin antolatu dalako barriro ere. Eskerrik
asko!. “.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Agur Paul, datorrela Maritxu (Asteleheneko Goienkaria 2008-09-29)

Itzali dira Zinemaldiko fokoak, Mikel Intxaustik Garan zioenez, ez polemika gutxirekin gainera! “Atzera ere
epai-mahai kideek ez zituzten kritikoek eta publikoak kinieletarako
aukeratutako filmak kontuan hartu”. Itzali dira baita ere begi urdinak. Berriako Aitor Abaroa kazetariari lapurtutako izenburuari nire ekarpena
eginez, “itzali dira zinearen historiako begi urdin ederrenak”. Agur Newman jauna.

Beti gertatzen da, onena amaitzen da eta
txarrenarekin ez dago amaitzerik. Gure herriak asko daki horretaz. Txarra da
inora heltzeko balio ez duten eztabaidetan murgiltzea. Barikuan esaterako,
halaxe aritu ziren Ibarretxe, Lopez, Barreda, Egibar, Erauskin, Ziarreta, Matute eta Ezenarro; gero, jakina, denak gustura
zeudela esan arren. Oscar Rodriguez sozialistak, esaterako, “ez
da nire jefea delako, baina Patxi
oso ondo egon da” bota zigun legebiltzarreko plenoaren ostean. Lopezek birritan
esan zuen “lehendakari” izango dela. Sinistuta dabil gizona. Urkulluk, Ibarretxeren aldeko apustua
egin zuen atzo; txutxumutxuak isiltzeko-edo. Ibarretxek “azken 30 urtetan
lideratu dugu herri hau eta horretan jarraituko dugu” erantzun zion. Ikusteko
dago.

Ze, martxoa iritsiko da, baina barikuan Maritxu Kajoi agertuko da Mondragoen miraria egitera. Hari eskatu behar
benetako miraria.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Politikoek esan eta egin, ala esan bakarrik egiten dute?

Badira bi urte eta erdi alderdi politiko baten komunikazio arloan ari naizela. Legebiltzarrean lan egitea tokatzen zaidanez, alderdiaren mezu politikoa bai, baina ekimen zehatzak hedabideetara zabaltzea da gehiago nire lana.

Askotan entzun beharra izan dut politikoen adierazpenak saltzea dela gure egitekoa; batek eta besteak esandakoaren balorazioak egin eta horiekin prentsa oharrez betetzen ditugula kazetarien posta elektronikoak. Berriako zuzendaritza taldearekin izan nintzenean ere horretaz aritu ginen eta orduan ere nire kexa aurkeztu nien: ekimen parlamentarioak arlo sozialari begira egiten direnean ez dute inolako oihartzun mediatikoa izaten. Berdin dio ekimena ze sasoitan aurkezten den, kontua da, beti dagoela auzitegiren baten sententzia, galdeketaren inguruko eztabaia antzuren bat, manifestazio baten kontrako Ertzaintzaren erantzuna…

Atzo bertan etxebizitzaren arazoa aintzat hartuta, ekimen parlamentarioa aurkeztu genuen Legebiltzarrean. Nik dakidala horixe da Legebiltzarreko ordezkarien egitekoa, hau da, gizartearentzako onuragarriak izateko asmoz ekimen zehatzak aurkeztea eta horren inguruko eztabaidak bideratzea osoko bilkuran edo batzordeetan eta, ahal dela, adostasunez hartutako erabaki horiek gobernuari egin ditzala agintzea.

Baina atzoko prentsaurrekoan hiru kazetari baino ez ziren egon; agentzia bat eta irrati bi (RNE eta COPE). Han ez zen ez Euskadi Irratia, ez Radio Euskadi, ez Berria (albistea jaso duen hedabide bakarra izan den arren), ez Herri Irratia, ez Noticias, ez Gara, ez Correo, ez Diario Vasco (ez daukate kazetaririk Legebiltzarrean, bueno, Gasteizen ordezkaritzarik ez dute), are gutxiago Euskal Telebista.

Gure albistegiak adierazpenez betetzen ditugu egunero; kexatu egiten gara politikoek ezer ez dutela egiten esate dugunean, baina nik neuk ikusi dudanagatik behitzat, “arrakasta” duten prentsaurrek politiko bakarrak, inon kontra adierazpenak egiteko prentsaurrekoa dira. Politikoek euren lana egiteko hedabideak deitzen dituztenean, editoreek “interesik ez duela” erabakitzen dute. Honekin ez dut adierazik nahi inondik inora auzitegien sententziak, manifestazioak edo bestelako adierazpenak ez direnik albiste. Gure herrian, zoritxarrez, egunerokoaren parte bihurtu dira eta horren bueltan hartu behar izaten dira erabakietako asko.

Kazetaritza erabat aldatu da azkeneko urteetan. Lehen albisteak modurik argienean eta zintzoenean kontatzea zen kazetaritza; azkenaldian, berriz, adierazpenen inguruko kronikekin konformatzen gara.
Jakina, nire esperientzia xumetik ari naiz.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Betiko zoriontsu izango naiz

– Betiko zoriontsu izango naiz. Hala erabaki dut eta horixe egingo dut.
– Betiko zoriontasunik ez dago.
– Zergatik diozu hori? Nik hartu dut erabakia eta betiko zoriontsu izango naiz.
– Bai, bai… Zu betiko zoriontsu izango zara eta horrek ni poztuko nauenez, neu be izango naiz betiko zoriontsu.
– Aizu, ba gogo kontua da dana!
– Bai, jakina, gogo kontua, ez besterik. Ez dauka zerikusirik norberak bizi nahiko lukeen eran bizitzearekin, ezta ondo bizitzeko behar den guztia izatearekin ere… Betiko zoriontasuna eskatu eta… zas! hortxe! Tori, eskura!
– Ez didazu ulertzen, baina badaukat nik teoria bat: betiko zoriontasuna posible da egiten dugun eta sentitzen dugun horrekin gustura bagaude eta ez bagaude aldatzeko ahalegina egiten dugunean. Horrek ematen digun satisfazioak zoriontsu egiten gaitu eta hortik dator betiko zoriontasuna.
– Ala! Ta orain filosofatzen etzaigu ba hasi!
– Bale, nahi duzun moduan, baina ni betiko izango naiz zoriontsu.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina