Interneten, grebaren berri dauden albisteak irakurtzen, Publico egunkarian ikusi dut argazkia.
Correon ere badago argazkia
Ikusi izan ditugu antzeko irudiak.
Hau baina, martxoko greba orokorreko protesta ekitaldiren batekoa da.
Poliziak bere burua mehatxatuta ikusi du eta erreakzionatu egiten du;
berritasunik ez horretan, baina niri inpresioa egin dit irudiak, nire
amarekin gogoratzeraino. Berak ere greba egingo zukeen gaur, lana utzi
izan ez balu orain dela bi hilabete. Lan murrizketekin hasi zitzaion
garbiketa enpresa eta bere adinarekin, erretiroa luzatuko zitzaiola
ikusita, eta geratuko zitzaion pentsioa ere gutxituko zela ikusita,
langabezian dago orain, aurrejubilatzeko gazteegi delako.
Emakume horiek ikusita, garbiketan, zaintzan eta antzeko lanetan ari
diren emakumeekin gogoratu naiz; Gasteizko Ariznabarra erresidentziako
emakumeekin (14 hilabete greban) edo Agifeseko emakumeekin (ia 3
hilabete greban) gogoratu naiz irudia ikusita, lan baldintza duinak
aldarrikatzen ari diren emakumeekin, batzuk aipatzearren.
Polizia jauna! aginduak agindu, lotsarik ez duzu? Zu ere langilea zara!
Zuen arloko sindikatuek ere egiten dituzte protestak eta
aldarrikapenak; legebiltzarrera ere joan izan zarete zuen lan
aldarrikapenekin. Zertara dator langileen kontra horrela jardutea!
Manifa ostea
Bilbon sindikatuek egin duten manifestazioan egon ondoren, eta kotxera bidean, Arenaleko zubia moztuta topatu dut. Soka lila bat zegoen zubiaren alde batetik bestera, eta alde banatan, errekarantza, gazte bi eskegita. “Kapitalismoaren aurrean ekintza zuzena” pankarta eskegi dute albian.
Gazte asko batu dira eskegitako bi lagunak animatzera eta txalotzera; suhiltzaileak aritu dira, bi gazteak nola gora igo asmatzen; soka moztea aukera bat zen, baina uretara jausiko lirateke biak. Suhiltzaileen barkura igo dira ertzainak, eta gazte bat zubira igo dute eta bestea txalupan jaso dute. Orduan atxilotu dituzte, ez oso modu onean.
Desobedientzia zibilaren beste adibide bat, gazteena.