Eta, han ziren bada herritarrak. Garai baten Eusko Jaurlaritza egon zen egoitzaren parean. Eta han, baina barruan, ziren politikoak. Gaur egungo Jaurlaritza osatzen dutenak eta baita beste erakundeetako ordezkariak eta hamaikatxo politiko.
Barrukoak jakinaren gainean ziren, ez ordea kanpoaldean zirenak. Eta, horregatik, Carlton Hotelaren aurrealdean eta jende andanaren artetik osatutako “aukeratuentzako” bideskak, “aukeratuak” pasa eta tarte baten iraun zuen. Ibarretxe handik pasako zela uste zutelako eta hura ikusi nahi zutelako. Izan ere, berari elkartasuna adierazteko joan ziren horra hotel aurrera. Baina, Ibarretxe agertu ez. Eta, dezepzioa han inguruan. Lehenengo eskutik dakit, aprobetxatu nuelako hura pasabidetxoa metrora iristeko eta bidean, hainbat aldiz entzun nuelako:
– … ze, baina, ja?
– … ta Ibarretxe non da ba?
– … goazen, goazen, ze jada ez dator…
Eta, antzeko bestelakoak ere entzun nituen: “eta gu noiz sartuko gara ba?” edo “eta, herritarrak noiz gehitu gaitezke manifestaziora ba?”… Horrelakoak ere entzun nituen eta arrazoia ez zitzaien falta. Astelehen buru zuri baten, Bilbo erdiraino gerturatu, arratsaldeko 19:30ak aurretik lekua hartzeko eta lehenengo lerrotik “aukeratuak” ikusteko eta hara! Zain egon behar.
Gaur goizean zehar beste aukera bat dago Bilbon bertan, Ibarretxe auziperatu duten bilera hartan ere izan zirelako; beste aldekoak, mahaiaren beste aldekoak, alegia. Otegi 09:30ean izan da Bilboko Auzitegian; 11:30ean Pernando Barrena eta 12:00etan berriz Juan Jose Petrikorena.
Batasunako kideekin elkartasuna adieraztera ere hainbat lagun elkartuko da Bilbora, baina Barrenak esan dituenak entzun ostean, agian, herritar gutxixeago izango dira animoak ematera.
Eguaztenean, Piñeiroren aurretik pasatzeko txanda Ibarretxerena izango da.