Bobby pelikula ikusten izan naiz asteburuan. Gurean bizi dugun giro nahasi honetarako aproposa, han kontatzen den istorioa ere, giro nahasi baten gertatzen baita. Kennedy presidente erahilaren anaiaren hilketa kontatzen du filmak, baina horretarako egun haietan Hotel Ambassadorren bueltan egon ziren hainbat herritarren historiak erabiltzen ditu zuzendariak pelikula osatzeko. Kontatzeko era gustatu zitzaidan, erritmo aldetik ere (amaiera izan ezik) ondo neurtua dagoela iruditu zitzaidan; ez ninduen aspertu, amaierak izan ezik; tarteka, irribarrea ere eragin zidaten pertsonaiei gertatzen zaizkienak. Hala ere, pelikula hobeto osatu zitekeen sentsazioarekin atera nintzen zinetik.
Zuzendariak pelikularako sortutako irudiak eta sasoi hartan hartutakoak nahasten ditu; EEBBk Vietnamgo gerraren kontra esnatzen ikusi zituen bere herritarrak eta manifestazioak, protestak eta gobernuaren kontrako jarrerak orokortzen ari ziren sasoi hartan girotuta dago pelikula.
Irudi horien guztien nahasteak sentsazio arraroa sortarazten diote pelikula ikusten dagoenari; dokumental itxura hartzen baitu tarteka zintak; of ahotsa beharrean, telebistan ematen ari diren Bobby Kennedyren diskurtsoa edo kazetari-aurkezleen komentarioak edo bestelakoak entzuten (eta tarteka ikusten) dira: pelikulako pertsonajeen logeletan daude telebistak, edo tarbernako apalean… Aitzakia dira pertsonajeak beste hori kontatzeko eta protagonismoa eman egiten zaien arren, beti dago beste zera hori atzetik.
Kontua da zinera bakarrik joan nintzela eta aukeran Eastwooden gerra pelikula nuela ikusteko. Hortaz, eta hain pelikula gogorra ikusi nahi ez nuenez, Emilio Estevezek zuzendutako Bobby ikustea aukeratu nuela, El Laberinto del Fauno jada ikusita nuelako. Eta, tira, ba esandakoa, ratu bat pasatzeko moduko pelikula da, baina beste barik. Nahiz eta pertsonaje guztiak aktore ezagun-ezagunak diren, gazte gehienak izan ezik. Hona aktoreen zerrenda: Anthony Hopkins, Freddy RodrĂguez, William H. Macy, Christian Slater, Shia LaBeouf, Brian Geraghty, Sharon Stone, Nick Cannon, Joshua Jackson, Emilio Estevez, Demi Moore, Lindsay Lohan, Martin Sheen, Helen Hunt, Elijah Wood, Harry Belafonte, Jacob Vargas, Svetlana Metkina, Laurence Fishburne, Heather Graham, Ashton Kutcher, Joy Bryant, Mary Elizabeth Winstead, David Krumholtz eta Spencer Garrett.
Izen ezagun mordoa ikusteko aukera parebakoa, orduko jantzi eta orrazkerekin eta hori dena gerra baten inguruan presidentea kargutik kentzeko kanpaina amerikarrarekin nahastuta. Gaur egun Bushek horrelako areriorik izango ote du?