Durangoko azokan bost egunetan aritu nintzen azokaren webgunearekin eta bestelako kontu batzuekin laguntzen komunikazio arduradun izan den Izaskun Ellakuriagari. Aukera izan du egun horietan hainbat lagunekin egoteko eta azokaz aritzeko eta denak bat etorri dira azokaren formatu aldaketaren premiaz. Durangoko azokak badauka leku finko bat, merezi zuen duintasuna aitortzen diona eta udazkenaren azken egunetako hotzari aurre egiteko berogailu indartsua duena, gainera. Baina, zertan bihurtu da Durangoko Azoka, saltoki erraldoi baten ezbada? Niri horixe begitandu zait han egin ditudan bost egunetan; leku pribilegiatuan ego naiz, goiko solairuko balkoitik begira une askotan. Eta, aurten, egunero, orduoro, jendearen joan-etorria izan da han goitik ikusi dudana. Bigarren egunean azoka ondo eraikinean ere jende asko egon bazen ere, han egin ziren ekitaldietaz gozatzen, azoka barruan jendea “automatak” moduan sartu, pasilloetan barna ibili, zerbait erosi, eskatu, opari hartu… eta kanpora.
Horregatik diot, han egon naizen egunetan hainbatek esan didatenak hausnarketarako balio beharko liekela azokaren antolatzaileei. Azokak parte-hartzaileagoa behar duela izan da atera dudan ondorio nagusia. Gazteenek euren “artista faboritoak” ikusi eta haien autografoak eskuratu nahi dituzte; guztiek ere musika erosten dute! Nagusiagoek, liburu-egileekin gauza bera egiten dute. Baina horretan geratzen da egile-kontsumitzaile binomioaren arteko hartu-emana.
Horri begira edo, Paisen azokari buruzko kronikak egiten aritu den Juanan Hernandezek komentatu zizkidan ideia bi ekarri nahi ditut leiho honetara, ia norbaitek bere egiten dituen-edo. Lehenengo musika sortzaileei begirakoa: zuzeneko akustikoak antolatzea landakogunean bertan. Era horretara, nobedadeak entzun eta gozatu ahalko lituzke bisitariak. 15 minutuko saioa izan daiteke, ez gehiago; nahikoa artista euskaldunak ikusteko, entzuteko eta ezagutzeko.
Horrekin lotuta, ezinbestekoa litzateke, hari musikalari beste keinu bat eragitea: sikeran, kantak aurkeztu. Hori ez litzateke gaizki egongo. Izan ere, goizeko 10etatik arratsaldeko 8ak arte musika entzuten da bozgorailuetatik, baina ezagutu ezean, inork gutxik daki zer entzuten den azokan. Zaindu beharrekoa da, eta egileek eskertuko lukete eta bisitariek ere, entretenimendu gehiago izango lukete, jakina. Disko jartzaile batzuk eraman, nobedadeekin jolas egitera.
Eta, beste hau ere Juananen proposamena: liburu egileek, idazleek, euren lanen irakurketa laburrak egitea eta eurekin batera irakurtzera animaraztea bisitariak. Polita litzateke hori ere eta sinpleki azoka parte-hartzaileago bihurtuko litzateke. Literaturaz eta musikaz gozatzeko aukera emanez.
Animatzen Gerediagara proposamenak bidaltzera?
-
Azken bidalketak
Kategoriak
Iruzkin berriak
- Euskal blogosfera eta blogariak, osasuntsu? | Ikasle eta irakasle(e)k Zer berri Blogetan? bidalketan
- xegun altolagirre(e)k Zer berri Blogetan? bidalketan
- marijo(e)k Aizue! EiTBk bere erabiltzaileen defentsa bulegoa dauka! bidalketan
- Luistxo Fernandez(e)k Aizue! EiTBk bere erabiltzaileen defentsa bulegoa dauka! bidalketan
- marijo(e)k ETB1 eta ETB2 lehian bidalketan