Mugikorrari etekina nola atera, komunikabideen erronka

Mugikorretatik geroz eta informaio gehiago kontsumitzen dela diote estatistikek behin eta berriz, hala ere egunkariek gaur gaurkoz ez dute lortu kontsumo hori monetizatzea. Hala dio Reurter Institute erakundearen azkeneko txostenak:  digitalizazioak eta internetek hankaz gora jarri dute idatzizko prentsaren sektorea eta oraindik, ez dute negozio eredu sendorik asmatu.

zebrabidea-argazkia

(Zebrabidea irratsaiorako egindako kolaborazioa: 2016/11/02)

Urrian aurkeztu zuen Berria egunkariak mugikorretarako aplikazio berritua eta Bilboko Alhondigan egindako ekitaldian izan ziren baita Ara eta Nacio Digital egunkarietako arduradunak. Han adierazi zutenez, Ara egunkariaren kasuan, mugikorretatik datorkie jasotzen duten trafiko digitalaren %60, eta Nacio Digitalen kasuan, berriz, %70era heltzen da trafiko hori.

Bestalde, Euskarazko Komunikazioaren Nazioarteko II. Digitaro biltzarrean (urriaren amaieran egin zena, EHUn), “Sare sozialak gaur egungo komunikazioan” hitzaldia eman zuen Warwick unibertsitatean ikerlari dabilen Arkaitz Zubiaga ikerlari arrasatearrak. Sare sozialen azkartasuna komunikabideen “aliatu” bihurtu dela aipatu zuen, baina tamalez, gehiegitan egiaztatu gabeko informazio asko hedatzen dela azpimarratu zuen eta hori dela eta, kuratze lanak duen garrantzia azpimarratu zuen: benetako informazio ona bilatu, sailkatu eta eskaintzea, alegia; hori ere, bai baita mugikorretatik informazioa kontsumitzen dutenengana heltzeko modua.

Reurters Institute erakundeak egindako azken txostenera itzulita, Europako 6 herrialdeetan ari diren 25 informazio-erakunde galdekatu ditu, mugikor bidezko informazio-kontsumoaz, eta atera duen lehenengo konklusioa da, ez dagoela estrategia bateraturik, eta hedabide bakoitza bere metodoa erabiltzen ari dela, sarean etekina eta errentagarritasuna lortzeko. Diotenez, Finlandia, Frantzia, Alemania, Italia, Polonia, eta Bretainia Handiko egunkari eta irrati komertzialek euren audientziaren ehuneko handiena lortzen dute internet bidez. Hala, ordainpeko informazio-atariak gehitzen ari direla diote, audientzia txikiagoa lortu arren, fidelagoa delako, sarean arituagoa den audientzia delako. Elkarrizketatuko hedabideek diotenez, euren diru sarreren %10etik 20ra bitartean atari digitaletik datorkie. Beraz, mugikorretara hobeki egokitzea komunikabideen lehentasuna bilakatu da.

Arazoa, ordea, esfortsu eta inbertsio horri etekin ekonomikoa ateratzea da; izan ere, informean agertzen den Finlandiako Iltahehti egunkariko zerbitzu digitaleko arduradun Antti Haaralak dioenez, “jendea mugikorra geroz eta gehiago erabiltzen ari den arren, gu ez gabiltza gurako genukeen irabazi portzentajea lortzen”. Adibide bat jartzeagatik: Le Monde egunkariaren kasuan, gaur gaurkoz, dauzkaten irabazien %80 negozio eredu tradizionaletik datorkie. Hala ere, eta trafiko digitala sendotzeko asmoz, Les Décodeurs izeneko proiektu informatiboa garatu dute: informazio zaila lantzeko, modu ulergarriago eta erakargarriago batean eta Le Monde egunkariaren trafiko digitalaren %10 eta %15 bitartean eragiten du proiektu horrek.

Kuratzea (curation) estrategia gisa

Finlandiako Ilthalehti egunkariak, bestalde, aukeratutako 25 istorio eskaintzen dituen aplikazioa garatu du; eurek sortutako edukien kontsumo aukerak gehitzeko, edukiontzia zaintzea giltzarri bihurtu da eta New York Timesen Innovation Report dosierrak ere horrela azpimarratu zuen: sortutako edukia berrerabiltzeko aukera ematen du sareko estrategiak.

Berria egunkariak ere ildo horretan Astekaria izeneko aplikazioa sortu zuen: asteko albisterik garrantzitsuenak edo irakurrienak aukeratzen ditu eta aplikazioaren bitartez irakurleari eskaintzen dizkio bilduma txukun batean, astean behin: beraz, edukia berrabiltzeko aukera ematen dio horrek Berriari. Hasieran aipatu dugun kuratzea lantzen du Berriak bere edukiekin.

Kuratze lan horretan zeresan handia daukate baita komunikabideetatik kanpoko plataformek: Facebook eta Google plataformek, batez ere. Plataforma hauek albisteak eskaintzeko tresna bereziak garatu dituzte, komunikabideei eskaintzeko, baina probatu duten guztiek ez daukate aldeko iritzi bera. Komunikabideak plataforma horietatik jaso dezakeena, asko jota, marka sendotzea da. Izan ere, plataforma hauek edukiak sustatzeko estrategiak aldatzen dituzte behin eta berriz, eta komunikabideak ezinean aritzen dira aldaketa horietara guztietara egokitzen eta publizitatea saltzen dutenak egunkarien edukie esker plataformak eurak dira.

Reuters Instituten dosierrean parte hartu duen Alemaniako Süddeutsche Zeitung egunkariko ordezkariak dioenez, Facebooken “berehalako artikuluen” zerbitzuak, esaterako, aukera gutxi ematen die eurei ezer erabakitzeko, Facebookek erabakitzen baitu bere plataformari dagokion oro, edukia bestelako iturrietatik jaso arren. Ez dugu ahaztu behar sare sozialen bitartez jasotzen den eduki informatiboa egunkarien informazio-kontsumoaren ehuneko oso handia dela, baina hortik etekin gutxi ateratzen dutela egunkariek, eurek kontrolatzen ez dituzten sareak baitira. Beraz, komunikazio-estrategiaren ezinbesteko atala da sare sozialen kudeaketa.

Etekin ekonomikoa ateratzeko modua iragarkiak jartzea izan da beti; interneteko eskaintzan, hala ere, lehen esan bezala, ehuneko txikia da oraindik egunkariek euren eskaintza digitalean jarritako iragarkietatik jasotzen duten etekina. Hala, ordainpeko edukien eskaintza sustatzen dabiltza, esaterako, Frantzia, Alemania eta Finlandiako egunkari nazionalak eta baita eskualdetakoak ere. Horretan ere eredu desberdinak darabilte: batzuek albiste kopuruaren araberako ordainpeko zerbitzua eskaintzen dute eta beste batzuek iragarkiak onartzearen truke hainbat albiste irakurtzeko aukera eskaintzen dituzte. Harpidetza berriak lortzeko eduki bereziak lantzea ere bada beste estrategia bat.

Italiako Il Corriere della Sera egunkariaren atari digitala esaterako ordainpekoa da: 4 hilabete eta erdian, 30.000 harpidetza lortu zituzten hasi zirenean. Hala ere, La Repubblica egunkariak askoz ere erabiltzaile gehiago ditu, eta doanekoa da.

Hortaz, eta laburbilduz, geroz eta gehiago dira informazioa mugikor bidez kontsumitzen dutenak, baina horri etekina nola atera asmatu ezinik segitzen dute komunikabide gehienek, batez ere, idatzizkoek.

Eta, euskarazko egunkari, aldizkari eta astekarien kasuan, ere badabiltza, ari zarete, sarean hainbat estrategia lantzen eta datu batzuk aipatuko ditut, Berriako Pello Urzelairi lapurtuak: Digitaro jardunaldietan aurkeztu zituen eta adierazi zuenez, tokiko komunikabideen kasuan mugikor bidezko trafikoa %38,29koa da; komunikabide orokorren kasuan, baxuagoa: %26,33 eta, gaikakoetan, berriz, %20,91. Horri etekina nola atera dute erronka hauek ere.

Kategoria: Kazetaritza, sare sozialak Etiketak , , . Gorde lotura.

Erantzun bat Mugikorrari etekina nola atera, komunikabideen erronka bidalketan

  1. Pingback: Ikus-entzunezkoen kontsumo geraezina, mugikor eta ordenagailuetan • ZUZEU

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude