Seximenduz eta sentimenduz

Atzo, etxeratu nintzenean, ez nintzen sarera konektatu. Aspaldiko partez musika jarri eta liburua hartu nuen eskuetan. Atzo gainera, liburu arin bat hartu nuen; gero irakurri dudanez, “batez ere nerabeei zuzendutakoa”. Iruditu zitzaidan izango zela erosi nuenean, baina arin baten irakurtzeko proposamenak erakarri egin ninduen eta eserialdi baten hasi eta amaitu nuen Fernando Morilloren Sexi-menduz liburuxka. Nerabetan, sexu grinaz eta hormonak sutan izan zituzteneko garaiko kontuei buruz ari dira lagun bi liburuan, batek neskatan egiten ikasi zuela eta besteak oraindik, bide luzea egiteko duelako. Kontuak kontu, baina, gustatu zitzaidana zera izan zen: bi orduz liburuari begira egon nintzela, jazz apur bat entzuten nuen bitartean, bestelako desio barik: ez txateatzeko, ez postarik bidaltzeko, ez foroetan aurkitutako beste linketara sartzeko…
 
Aitortu behar dut Euskal Hiria Sutan liburua zain dudala amaitzeko mesanotxean, baina aldi batez Xabier Montoiaren liburuarekin batera Iban Zalduaren Itzalak ere irakurtzen aritu nintzenez, istorio luzexeagoak nahi nituelako utzi nituen biak atseden egin zezaten. Beste libururik hasi barik, Internetekin aritu naiz hainbat hilabetetan, baina atzokoa eta gero, paperezko literaturari tartea egingo diodala agindu diot nire buruari. Izan daiteke baita atzo goiz etxeratu nintzelako eta egunak argi ordu asko zituela iruditu zitzaidala eta horrek udaldia gogorarazi didala eta horrelakoetan etxean baino kalean egotea gustukoago izaten dudala eta liburuarekin askotan ateratzen naizela, uda sasoian, kalean irakurtzera.

Horren kontura elkarrizketa egin zieten atzo Euskadi Irratian Harkaitz Cano eta Angel Errori. Biek parte hartu dute «Irakurri» liburuan, beste bederatzi euskal idazlerekin batera. Idazleak irakurketaz ari dira, bakoitzak dituen bizipenetan irakurtzen ari denean, liburuez, literaturaz… Bitxia idazleak irakurketaz aritzea, baina idazle izan aurretik irakurle dira, gure antzera, hemen idatzi eta han irakurri/entzun gero atzera hemen idazteko…

Ia gaur ere astindutxo bat ematen diodan liburuen apalari.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude