Gernikan ere egin du elurra. Goizeko 8etan ateratako argazki honetan, oraindik kaleko argiak piztuta zirela, halaxe aurkitu dut Industria kalea.
2006/01/27an ere antzeko argazkia atera nuen. Azkeneko elurtean kanpoan izan nintzen, baina amak bidali zidan Antzuola elurtuta ikusteko argazkia; oporretan nintzen, han ere jertsea aldean, baina tarteka eguzkipean.
Neguan elurra egiten du; umetan bai behintzat. Ta orduan ez daukat gogoan albistegietan hainbesteko tartea hartzen zuenik “parte meteorologikoak”. Euria gehiagotan egiten zuela gogoan daukat; edo amak sukaldean arropa zabaltzeko soka bete-betea izaten zuen negu osoan zehar. Eskolatik bueltan etxeratzean sentsazio bikoitza izaten genuen: butanozko estufaren beroa igartzen zen sukaldean, bazkaritarakoarekin nahasten zen butano usaina, baina gure buru gainetan eskegita ikusten genituen erropek umeltasun sentsazioa ere ematen zuten. Antzuolako etxean, neguan, ezin izaten zuen amak erropak balkoiko alde banatan zuen esekitokian eskegi. Plastikoarekin estali arren, denbora asko behar izaten zuen sikatzen, eta anaiak eta biok nahikoa lan ematen ei genion amari erropak sikatzen hainbeste denbora behar izateko.
Gaur elurra egin du eta atzera albistegi guztitan ikusiko ditugu gure herriko bazterrak elurtuta; negua izan arren ere, albiste da elurra egin duela. Hala izango da.