Gerra ala krisi, beti ari gara kulturan galtzen
Krisi garaiotan murrizten den lehenengo aurrekontua kulturakoa izaten da. Kultura ez da lehentasuna izaten, BPGk gora egiten duenean, enpresek txip eroaleak faltan dituztenean, autoaren depositua betetzea inoiz baino garestiago denean, covid19ak pandemia eragiten duenean, ostalaritzari kasu gehiago egiten zaionean … kultura beti ateratzen da galtzen.
Eta zer esan gerra batean! Egunotan ari gara errebisionismoa sustatzen duten hainbat eta hainbat ekimenen berri izaten, kultura errusiarra debekatzeko, ezabatzeko, ez erakusteko …
Antza, ez gara gai artista eta bere jaioterria bereizteko; artelanaren sortzailea eta artelana sortu den herriko agintariak bereizteko, are agintari horrek beste herrialde bat inbaditzeko erabakia hartzen duenean. Orain denok egon behar gara Errusiako artelanen erakusketen kontra, zinema errusiarraren kontra, artista errusiarren kontra, eta vodkarekin egiten den Moskow Mule koktelari izena aldatu. Lehen Marxen Komunismoa ezin zen irakurri eta orain, berriz, Tolstoiren lanak ere erre beharko ditugu.
Imajinatzen duzue Kandinskyren margolanak erretzea errusiarra sortu zelako?
Edo Natalia Goncharovaren (Nagaevo, 1881- Paris, 1962) koadro eder honi sua ematea, Errusiar inperioaren baitan jaio zelako? Guggenheimen ikusgai egon zen Emakumeak abstrakziogile erakusketan ezagutu nuen Goncharova margolari kubofuturista. Abstrakzioari emakumeek historian egindako ekarpenak erakusketa sekulako bilduma egon zen ikusgai museoan; egon zirelako baita Kandinsky baino lehenago emakumeak artelan abstraktuak sortzen: Hilma af Klint, suediarra, kasu.
Kontua da, deseroso sentiarazten nauela Errusiako presidenteak hartu duen erabaki guztiz gaitzesgarriaren ondorio izatea kultura errusiarra eta artista errusiarrak, den-denak, erruduntzat hartzea eta Putin eta bere soldaduak Ukrainako herriaren kontra egiten ari den sarraskia salatzea lotuta joatea Errusiako herriaren kontra egitearekin.
Jarraitzen dugu dena nahasten; egoerak ulertzeko beharrezko zaigun sinplekerien alde egiten. Gauza bat da Mendebaldeko agintariek Ukrainaren inbasioagatik Errusiako gobernuaren kontra hartu dituen neurri ekonomikoak babestea, presio-bide moduan eta zigor horietara gehitu izana, esaterako, Disney, Warner eta Sony zinema plataforma handiek hartu duten erabakia euren film berriak Errusian ez estreinatzeko –edo Netflix plataformak bertan behera laga izana Errusian ikusi ahal izatea–, enpresa multinazionalak izanik Mendebaldean ere negozioa dutelako eta bezeroak galtzeko prest ez daudelako; eta beste kontu bat da, gorrotoa zabaltzea errusiar herritarren kontra, kultura errusiarraren kontra. Talibanak saiatu ziren suntsitzen Afganistango artelanak (Bamiyaneko Buda erraldoia, kasu), eta gaitzetsi genituen. Ez gaitezen gu ere taliban bihurtu. Putinen kontra egitea ezin da izan herri oso baten kontra egitea.