Puntua (Goiena), 2020ko azaroak 20
Zein antza izango du gure munduak? Aldous Huxley idazle britaniarrak imajinatu zuen “Bai mundu berria” eleberriarena, ala George Orwellek asmatu zuen “1984”arena?
Arte telebista katearen erreportaje batean aritu ziren orain gutxi horren inguruan. Lehenengoan, genetikoki egokitutako gizakiak bizi dira, kastatan banatuta, gizatasuna kendutako munduan. Huxleyren distopia horretan, denok zoriontsuak gara, agintariek gure beharrak ase dituztelako eta, beraz, ez dugulako inongo iraultzarik egin behar. Bigarrenean, Anaia Handiaren kontrolpean bizi da gizartearen gehiengoa, ustez pentsatzeko eta erabakiak hartzeko gaitasunik ez duen gehiengoa, eta horren susmoa balego, agintzen duen gutxiengoak desagerraziko du. Alegia, Orwellen mundu distopikoan, hainbeste kontrolatuko gaituzte goikoek ezen ezingo dugun ezer aldatzeko –hobetzeko– ekimenik aurrera eraman.
Autore biak saiatu ziren etorkizuneko gizarte teknologiko aurreratua deskribatzen, hedonismoak hartutako mundu “naturala” batean; kontrolak hartutako mundu “normala” bestean. Horixe, zure normalitatea; alegia, gure askatasuna.
Eta, pentsatzen jarrita, bizi dugun 2020 honek ere badu, zati batean, distopia horien antza. Teknologiara gehiago lotu gara: lanerako, eskolarako, senideekin berba egiteko, lagunekin harremanetan jarraitzeko, poteo birtualak asmatzeko, dantza egiteko, musika kontzertuez gozatzeko, rol jokoetan jokatzeko, Durangoko Azokako erosketak egiteko… Bai, distopia horietan bezala teknologiaren bueltan antolatu gara. Baina ez dezagun hori baliatu teoria konspiratzaileetan jausteko. Bestela jausiko garelako gure tranpa indibidualistan, horrek garamatzalako norbanakoan bakarrik pentsatzera, gure salbazio partikularrean, eta komunitatea alde batera lagatzera. Ikusi bestela Trump: oraindik hor ari da AEBko hauteskundeak irabazi ez dituen gizona, “I won the Election!” txiokatzen.
Bizi dugun egoera honetan, lehentasunezkoak izan behar du elkar zaintzea eta birusari aurre egiteko gure esku ditugun babes neurri guztiak ondo erabiltzea. Asko direlako geroz eta okerrago dauden pertsonak eta egoerak: lan prekarioak zituzten bizilagunak, etxerik gabekoen herritarrak, Mediterraneo itsasoa edo Ozeano Atlantikoa zeharkatzen euren bizitza arriskuan jartzen duten pertsonak, gerra arriskuan bizi direnak…
Laga ditzagun distopiak zientzia fikziozko eleberrietarako eta baliatu dezagun munduaren ordena berriarena (holakorik balego) elkartasuna eta elkar zaintza oinarri izan daitezen