Martxoaren 13an izan nintzen azkenekoz amarenean. Gaur, ekainak 12, atzera ikusi dut. Etxe-aldia lehenengo, eta deseskalatzearen probintzia artean mugitzeko debekuak gero, gaurko egunera ekarri gaitu. Eta, ez nuen espero; ez behintzat horrela izango zenik. Maskara jantzita igo naiz gurasoen etxera, jakinda besarkatu egingo ginela eta badaezpada. Baina ez nuen espero, inondik inora, amaren besarkada estua, amaren emozioa, ia negarrez hasteraino. Luze egon gara besarkatuta, elkar laztantzen. Ederra izan da, baina ez, ez nuen espero.
Egunero egin dugu hizketan telefonoz, eta astean behin-edo elkar ikusi gara bideo-deiei esker. Baina, ez; ez nuen espero. Sorpresaz harrapatu nau amarenak.
Nire etxera itzulitakoan pentsatzen jardun dut: zenbat besarkada, zenbat musu eta laztan galdu ditugu? Eta zenbatek ez dute aukerarik izango atzera une hori bizitzeko? Artean situazio horiek hurbil sentitu barik egon naiz. Ez dut pandemian, zorionez, gertuko inor galdu. Eta horrek ere nolabaiteko hesia eraikiarazten dizu. Distantziarena. Ez da hoztasuna, baina galera hori presente ez duzunez, ez duzu zure burua horretan jartzen.
Akaso, horrek eragin du amaren besarkada gozoagoa sentitzea. Ez dut gogoratzen holako unerik gure artean eta luzaroan gordeko dudala iruditzen zait, ez baita gauza bera izango hurrengo domekan atzera amarenera bazkaltzera joaten naizenean…