Tokatuko zaigun zaintza

Puntua, 2020-05-29


Argian zioen asteon Aritz Galarraga unibertsitate irakasleak pribilegiatu bat dela badakiela, etxealdi honetan bizi izan duen egoera beste askorena baino errazagoa izan delako. Hala ere, esaten zuen, “zaharrengan pentsatzen dudanean, aurki gu ere izango garen zahar horiengan, korapiloa egiten zait zintzurrean”. Leire Palaciosek ere Euskadi Irratiko Amarauna saioan pribilegioetatik egin du berba asteon: “ekonomia edo zaintza, zentroan zer jarri garbi dut nik”; salatuz darabilgun zaintzak ez dituela
pertsonak erdigunean jartzen.

Zaintza. Horixe koronabirusak aurpegiratu diguna modurik gordinenean: zaintza, gure zaharrena, edadetuena, adinekoena, mendekotasunen bat duten pertsonena. Zaintza ez dugula zaintzen, alegia. Badira egunak, asteak, hilabeteak ez ditudala gurasoak aurrez aurre ikusten. Normalitate berri ditxosozko honetan estreinatu dugun bigarren fasean ere ezinezko izango zait bisitan joatea: debekatuta dago probintzia arteko mugikortasuna. Zati batean lasai nago: gurasoak sasoiko daude (bakoitzak bere zerak dituen arren) eta euren buruaren zaintzan fin dabiltzala zin egin dit amak.

Hala ere, ezin burutik kendu nabil Hego Euskal Herrian pandemiak hil dituen pertsonen %40 pasatxo zahar-etxeetako egoiliarrak izan direla. Eta, hotzikara izugarria eragiten dit jakin badakidalako egoitzak direla gure bizitzen amaierako bizitokiak. Gure familia eta bizi ereduak ez digu etxeko zaintza bermatzen, eta asmatu ditugu edadetuak gordetzeko lekuak. Gordeleku horiek, gainera, negozio bihurtu ditu gure sistemak eta ikusten ez dena existitzen ez denez, ez gara arduratu han barruko egoeraz. Baina pandemiak hori ere bistaratu digu eta agerian geratu da gure zaintza-eredua ez dela inondik inora gizatiarra. Akaso, urruti samar geratuko zaio nonori edadetuen zaintza, baina gu guztion patua da. Horregatik, eta besterik ezean gure pribilegiotatik, berraztertu eta konpon dezagun zaharren zaintza-eredua, egoitzetan lan egiten dutenen lan-baldintzak eta jar dezagun erdigunean bizitza duina, guztiona; besterik ez bada, tokatzen zaigunerako.

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude