Podcast bidezko irrati-kontsumoa sustatzeko ekimenak

Teknologiak irratigintzan eta irrati-kontsumoan ere sekulako aldaketak eragin ditu, batez ere, irrati-saioak nahieran entzuteko aukerari dagokionez. Podcast deritzan horiei esker, edozein unetan, play sakatu eta zuzenean entzun ez dugun saioaz gozatzeko aukera ematen digute telefono-mugikorrek.

Irudia: Spotify

Ez da, oraingoz bederen, kontsumo oso adierazgarria, merkatu-kuotari erreparatzen badiogu, baina hor badago irratigintzan esperimentatzeko eta berritzeko plaza zabala.

Estudio General de Mediosek, aurten ekin dio podcast kontsumoarekin lotutako galderak egiteari audientzia-ohituren neurketetan (PrNoticias): era horretan, irratien ohiko audientziari dagokion informazioa osatzen lagunduko du. Iaz erabaki zuten horretan hastea, irrati-konpainia handiek lehia bizia baitute baita sarean jartzen dituzten edukien-kontsumoarekin ere.

Hala ere, ikusteko dago zer nolako informazioa emango duten EGMren neurketek; izan ere, oro har, podcast kontsumoak, Espainiar estatuan, ez ei du beste herrialde batzuetan besteko arrakastarik izan orain arte. Gurean, irratigintzaren ezaugarri bilakatu dira buletina eta tertuliak eta, ez da izaten astirik bestelako irrati-saioak lantzeko. Esaterako, Ameriketako Estatu Batuetan bada fenomeno sozial bilakatu den ikerketa kazetaritzarekin lotutako irrati-seriak bat: gazte baten hilketa baten ingurukoa da, sekulako arrakasta izan du, baina horrekin batera, aurrekontua ere itzela izan du. Serial izena dauka saio horrek eta irratia nahieran kontsumitzeko ohitura hedatzen lagundu du, gainera: estatubatuarren %21ek hilero podcast bat gutxienez entzun zuen 2016an; Spotify %13an geratu zen (Edison Research-en datua): 2015ean 100 milioi dolar mugitu zituen negozio horrek.

Horregatik, akaso, audientzia hazteko erakutsi duen ahalmenagatik, podcast sortzaile diren hainbat enpresekin harremanetan dabil Spotify musika-plataforma: DIGIDAY atariak aurreratu duenez, ekimen berrirako sozio bila dabil Spotify eta dagoeneko iragarri ditu 3 proiektu berri:

  1. Showstopper: telebistako saio arrakastatsuenen musikaren ingurukoa. Otsailaren 23an estreinatu zuten eta elkarrizketen bidez, hamabostero, pop-musikaren analisia egiteko eta telebistako une-musikalik gogoangarrienak gogora ekartzeko. Horretarako, “Girls” eta “Stranger Things” moduko telebista-serieetan lan egin duten musika-arduradunak elkarrizketatuko dituzte, besteak beste.
  2. Unpacked: AEBtan egiten diren musika-jaialdien ingurukoa. Martxoaren 14an estreinatuko dute. Iragarri dutenez, musika festibaletara joaterik ez dutenei esperientzia osoa podcast bidez eskaintzea litzateke, musika jaialdietan egoten diren agente guztiak elkarrizketatuz (ez soilik musika taldeez arduratzen direnak, baizik eta teknikari, janari eta edari saltzaile eta bestelakoak). Dirudienez, Texasen urtero egiten den “South by Southwest” konferentzia eta jaialdiarekin hasiko dira.
  3. The Chris Lighty Story (WT) audio-dokumentala. Apirilean iritsiko da musika-industriako exekutiboak hip-hop artisten ibilbideak nola zuzendu zituen azaldu nahi duen erreportajea.

Esperimentazioa

Ez dira hauek Spotifyk esku-artean dituen egitasmo bakarrak. Izan ere, plataformak duen erabiltzaile kopurua oso erakargarria podcastak sortzen aritzen diren banatzaile eta konpainientzat, beraz, publiko bila dabilen oro, Spotify plataforman interesaturik dago. Aurretik, esaterako, .Mic konpainiarekin musikatik bizi diren hainbat jenderekin elkarrizketak grabatu dituzte, eta 8 bat minutuko bideoak egin dituzte.

Zenbakiei erreparatuta, Estatu Batuarrek euren denboraren %80 musika entzuten ematen ei dute; gainerako %20, hizketaldi-entzunaldiak dira. Spotify moduko musika plataforma batentzat, aparteko eszenatokia da. Baina, ez da horrekin konformatzen eta bestelako edukiak sortzen aritzeko interesa dauka.

Musikan espezializatutako plataforma honek, beraz, teknologia baliatu nahi du, bere entzuleei ahalik eta eduki gehien eskaintzeko. Esperimentazioan 2015ean ere iragarri zuen podcast originalak eskaintzen hasiko zela, baina 6 hilabete behar izan zituen zerbait egiten hasteko. Hala ere, orduko esperientzia hura, nahiko mugatua izan zen: esaterako, mahai-gaineko aplikazioan ez daude eskuragai podcast horiek eta mugikorretarako aplikazioan ere, ez daude batere eskura. Baina, badirudi zerbait aldatzen ari dela Spotifyren asmotan.

Izan ere, eta gaur gaurkoz oraindik zurrumurruak besterik ez badira ere, NiemanLab plataformako kideen iritziz, iraultzatxoa gertatzen ari da Estatu Batuetako podcast konpainien artean. Martxoaren lehenean, esaterako, #TryPod izeneko kanpaina abiarazi zuen, podcasten 37 editorez osatutako talde batek; tartean, AEBko podcast konpainia ezagunenak zeuden, baita National Public Radio, American Public Media edo ESPN, besteak beste. Kanpainak jendea erakartzea du helburu bakar, oraingoz: ikusmina sortzea.

Oraingoz, zaleak bilatzeko propaganda kanpaina besterik ez da. Baina aldarrikapena garbia da: eduki independentea entzuteko eta hedatzea: eduki berriak, eta originalak entzun nahi dituzte zaleek eta horren “aldarrikapen” modukoa dela esan genezake, betiko komunikabideek sortzen dituzten edukietatik harago.

Amazon plataforma ere hasi zen “Audible” audio-liburuen zerbitzuan podcastak eskaintzen : podcast originalak, jakina, harpidetza bidez entzuteko. Baina, proiektuak izan duen arrakasta nahiko mugatua izan da. Jakina, lehia ez da batere erraza: EEBBetan podcast entzule gehienak, gaur gaurkoz, Apple eta iTunes bidez iristen dira: datu bat: Apple-n podcast aplikazioak 1000 milioi harpide zituen iaz!

Gaztelaniazko podcast edukiak eskaintzen dituen Ivoox plataformak hilero 60 milioi entzunaldi oso ditu. Gainerakoan, oso zatikatutako dagoen audientzia da, hainbat eta hainbat aplikazio baitaude podcastak eskaintzen dituztenak, baina hauetako batek ere ez dauka merkatu-kuota esanguratsua.

Espainiar estatuan, esaterako, podcast edukiak sortzen eta hedatzen duen plataformarik ezagunena Toni Garrido kazetariak duena da: Podium Podcast deitzen da eta honek ere komunikazio enpresa handi baten babesa dauka: Prisa.

Baina, Garridok berak dioenez, era honetako irrati-kontsumoa zabaltzeko lagungarri litzateke bideoekin gertatu den bezala, youtube moduuko bat izatea, baina audioarena: hau da, profesionalen eta amateurren edukiak bilduko lituzkeen plataforma bakarra, eskura jarriz eduki eskaintzari zabalena. Ez dezagun ahaztu mugikorren erabilera geroz eta handiagoa dela eta horrek esku-eskura jartzen digula era horretako edukia kontsumitzeko aukera.
Hortaz, Spotify egiten saiatzen ari dena, interesgarria da teknologiaren ikuspetigik eta kontsumo-ohituretan eragin dezakeenagatik.

Zebrabidea saioko kolaborazioa (2017/03/08)

Lotura interesgarriak:

 

Kategoria: Kazetaritza, sare sozialak Etiketak , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude