Aizue! EiTBk bere erabiltzaileen defentsa bulegoa dauka!

ETBko ikus-entzule gisa, defentsa bulegoan salaketa jartzeko eskubidea daukagu. Baina, susmoa dut ez dugula bide administratibo hori erabiltzen gure kexak, kritikak eta bestelakoak egiteko. Era publikoan egiten ditugu, bai, baina sare sozialetan. Nahiz eta “EiTBko telebista, irrati eta interneteko erabiltzaileen defentsa bulegoak” kexak, iradokizunak eta bestelako iritziak helaratzeko bidea abiarazi zuen, hala erabaki baitzuen 2016ko ekainean, administrazio kontseiluaren funtzionamendu berriaren barruan. EiTBren webgunean dago “kexak/irakodizunak/bestelakok” egiteko leihoa.

Izan ere, gehiago edo gutxiago, sare sozialen erabiltzaileek @euskaltelebista-ri buruz txiokatzen dute. Unean bertan telebista ikusten ari direnek egiten dituzte komentarioak sarean: emisioaren zuzeneko lekukoak dira (diotena hala ez bada, berehala zuzendu dakieke). Hortaz, oso aintzat hartzekoak iruditzen zaizkit audientziak neurtzen dituztenentzat zein programazioaren inguruko erabakiak hartzen dituztentzat, hau da, erabaki editorialak hartzen dituztenentzat. Izan ere, Twitter sare sozialean egiten diren komentario asko eta asko Euskal Telebistaren albistegiek eragiten dituzte, eta horrek zuzenean dauka ildo editorialarekin lotura. Eta, ez nabil alderdi politiko bati beste bati baino tarte zabalagoa eman zaiola, edo antzeko komentarioez. Gai sozialez, iritzi publikoan eragiten duten gaiez, albisteen tratamenduaz nabil. Azken egunotako adibide bi hemen:

Otsailaren 21ean: diru-sarrerak bermatzeko errenta eta yihadista izatea leporatutakoen atxiloketak hizpide izan zituzten eguerdiko albistegian:

Otsailaren 19an: indarkeria matxistaren inguruan, “ustezko” berbaren erabilera okerrak hainbat komentario eragin zituen sare sozialean.

Nik neuk ez dut inoiz EiTBko telebista, irrati eta interneteko erabiltzaileen defentsa bulegora jo. Eta interesgarria litzateke jakitea ea EiTBren erabiltzaileek, oro har, ezagutzen duten bulego hori; ea kexak, iradokizunak eta proposamenak aurkezteko eskubidea dutela badakiten.

Hona, badazpada, modua, EiTBren webgunean azaltzen den moduan: inprimakia deskargatu, bete eta posta elektronikoz bidali, defentsa_bulegoa@eitb.eus helbidera, NAN, pasaportea edo AIZ kopiarekin batera. Nahi izatera, ohiko posta zerbitzutik ere bidali daiteke: Defentsa Bulegoa – EiTB, Basurtuko kaputxinoak 2, Bilbo 48013 (Bizkaia).

Iturria: Eitb.eus (http://www.eitb.eus/eu/eitb-taldea/defentsa-bulegoa/bidali-zure-iradokizuna/)

#euskaldunanaizetazu?

Bide batez, “Euskalduna naiz, eta zu?” telebista saioaren kontura sortu den eztabaida interesatua dela eta, balia dezagun kexak jartzeko modu ofiziala, EiTBk ofizialki merezi dugun azalpena eman diezagun (saioa emateagatik, eta desagerrazteagatik).

Kategoria: Kazetaritza, sare sozialak Etiketak , , , . Gorde lotura.

2 erantzun Aizue! EiTBk bere erabiltzaileen defentsa bulegoa dauka!-ri

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude