“Badago halako ikusezintasun bat, batez ere euskaraz ez dakitenen aldetik”, zioen Bingen Zupiriak Berrian Garikoitz Goikoetxeak egindako elkarrizketan. Kulturaz eta euskal munduaz galdetuta zioen Kultura sailburuak, zera: “Badago gure herrian bere burua elite kulturaltzat daukan giza mugimendu bat euskararekin eta euskaraz sortutako kulturarekin batere harremanik ez daukana eta mundu horri bizkar emanda bizi dena. Inolako problemarik gabe. Gero euskaldunok gaude, eta badaukagu gertatzen denaren berri. Urrutirago joanda, aldaketa izugarria gertatzen ari da kultura transmititzeko moduetan. Horrek izugarrizko eragina du kultur kontsumoan”.
Euskal Telebista etorri zait gogora niri: ETB1 eta ETB2 programazio erabat berezituak dituzten telebista elebakar publiko biak. Euskaraz sortu zen telebista publikoa bi kanaletan banatzeko erabakia hartu zenean, tartaren banaketa hartan, ETB1i tokatu zitzaion euskara eta euskal kultura sustatzea; gainerakoa, “gauza inportanteak”, gaztelaniaz emititzea erabaki zuten. Eta, espainolez esaten den bezala: “De aquellos polvos vienen estos lodos”. Izan ere, zer egiten du Euskal Telebistak euskarazko kanalean emititzen duen programazioaren berri izan dezaten bigarren kanaleko ikus-entzuleek? Erakusten ote da gaztelaniazko kanalean ETB1en erakutsiko dena? Badaki akaso zer galtzen duen “euskaraz sortutako kulturarekin batere harremanik ez daukan eta mundu horri bizkar emanda bizi den” horrek?
Galdera beste batera eginez: zergatik ez erakutsi, propaganda egin, saldu, euskara ez dakiten horiei ere, euskaraz emititzen den programazioa? Euskaraz sortzen den edukia?
ETB2n euskarazko kanalaren promozioak erakusteagatik ez dira ETB1en audientzia datuak hobetuko. Edo, agian, bai! Izan ere, ETBren estrategia arduradun Andoni Aranburuk aitortu zuenez, Durangoko Azokan, “ETB1ek eta ETB2k lehia puntua dute”. Ez zuen zehaztu, ordea, lehia, izatekotan, euskal hiztunengatik dela. Eta, agian, hori ez da interesantea audientziari eusteko ETB2ren estrategiatik. Batek daki.
(Mahai-inguruan, 50:04 segunduan)
“De aquellos polvos estos abortos”, egia osoa.
Euskara eta erdarak ez dira elkarren osagarriak, elkarren kontrako hizkuntzak baizik… erdaldunentzat batez ere.
EAEko telebista publikoa erdaldunen eskuetan egon da, aldez edo moldez (Administrazio Kontseilua, etab.).
ETB aspergarri mediokre txatxu katolikotxoan ikusi dena da erdaldunak euskalduna akabatzea duela helburu. Horretarako hartu dute Segoviako Telebista eredu.
Euskal herritarren diruarekin.
Edorta, lastima ematen du bai, sarriegitan, eskaintzen diguten programazioak; hala ere, pentsatu nahi nuke, baduela eta badagoela, hobetzeko gogoa eta guri ere badagokigu adi jarraitzea eta ondo egiten dena, gutxienez, aintzat hartzea; esaterako, aspaldi honetan emititzen diren programatako batzuk: gutxi dira, eta euren bakarrik ez dira nahikoa programazio duina hezurmamitzeko, baina ahalegin horiek sendotzearen alde nago.
Pasadan Igandean, ETB2an Interstellar filma eman zuten. Beste estrainaldi bat, eta berriz ere ETB2n. Gainera, gaztelaniaz aparte, Jatorrizko bertsioa sartu zuten, gaztelaniazko azpititulu eta guzti. Hau da larriena. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak askatutako azpitituluetan, Interstellar filma dago. Hau da, Euskerazko Azpitituluak sartzea posible zen. Burutik ere ez zaie pasa hori egin daitekeela. Ze telebista modu daukagu? Benetan EUSKAL telebista al da hau? Utzikeria galanta ikusten dut EITBn.
PD: opendatako azpitituluak jaisteko: http://opendata.euskadi.eus/katalogoa/-/euskarazko-azpitituluak-filmak-eta-telesailak-euskaraz/
Aupa, Andoni. Eskerrik asko informazioagatik. Diozun bezala, onartezina da, diru publikoz ordaindu den lan bat, gero debalde denon eskura jarri dena, ETBk berak ez probestea. Teknikoki posible da, materiala badute, eta hala ere, kale.Estrategikoa beharko luke baliabide horiek guztiak hizkuntzaren alde erabiltzea eta jasota beharko luke ETBk ere, horixe egiteko asmoa eta plangintza.
Pingback: Euskal Telebista, bere buruarekin lehian? • ZUZEU