Hasier Arraizek bere kontrako epaiketaren harira adierazi du (Euskadi Irratian), hainbatek elkartasuna adierazi diola era publikoan, baina izan dela era pribatuan elkartasuna adierazi dionik ere. Azpimarratu du pribatuan izan dela hauteskundeak daudelako ekainaren 26an. Dudarik balego, beraz (inoiz utzi zaio?), antzezte-sasoia abiatu dugu.
Eta, horri tiraka, Izquierda Unidak eta Podemosek bart lortutako akordioa islatzeko gaurko egunkari espainiar baten izenburua aipatu nahi nuke: “Garzonek IU eman dio Iglesiasi, 8 eserlekuren truke”; tira, titularra barik, horri emandako erantzuna.
Berehalakoa izan baita @AGarzonen berak emandakoa: Twitter bidez, ia gauerdia zela, El Mundoren azala bertxiotu du zera esanez:
En realidad brindábamos por el éxito de la huelga de mañana de los trabajadores de Unidad Editorial. 😉 pic.twitter.com/3tNK4x5LAl
— Alberto Garzón (@agarzon) May 9, 2016
El Mundo argiratzen duen Unidad Editorial enpresak 224 kazetari kaleratuko ditu (EAEko ordezkaritza ere kendu egingo du). Eta, horixe salatzeko erabili zuen IUko ordezkari nagusiak El Mundo egunkariaren azalaren eta titularraren jokoa: Iglesias eta Garzon garagardo botilatxo banakin agertzen diren argazkia, “El pacto de los botellines” gisa bataiatu dutena (argazkia hainbat lekutan argitaratu dute).
Ekimen hartzea
Gustatu zait IUko ordezkariak eman duen erantzuna, nola ekimena hartu duen eta, gainera, kritika egiteko erabili duen El Mundoren informazioa. Aurreko hauteskunde kanpainan ere IUko hautagaiak sare sozialez egin zuen erabilera asko aipatu zen: originala, freskoa eta ausarta izan baitzen, bere buruaz barre egiten zuen eta umore beltza zein ironia izan zituen ezaugarri. Bere kanpainan aritu ziren #LaCueva deitu zuten komunikazio-taldeko kideek aldez aurretik oso ondo definitu zuten sare sozialetan egin asmo zutena, eta, gainera, askatasunez jokatu zuten ironia hori baliatuz.
Ildo horretan, beraz, atzo gaueko txioak erabateko zentzua hartzen du: El Mundoren azpi-jokoen kontra zuzenean jo gabe, langileen kontra hartu dituen enpresa-erabakiak salatzeko greba egingo duten kazetarien alde eginez (#ElMundoEnHuelga). Eta 5.400 aldiz bertxiotu da 9 orduan Garzonen mezua eta beste horrenbeste atsegin lortu ditu.
Publiko mugatua
Sare sozialek espektro txikia ordezkatzen dute gizarte osoa kontuan izaten badugu; gainera, ez du hartzen adin tarte osoa. Baina garbi dago mugimendu politiko berri edo aurrerakoiagoa ordezkatzen duten alderdiek hortxe badutela erakusleiho bikaina eta badabiltzala erabiltzen. Gainera, komunikabide tradizionalek ere sarean esaten dena jasotzen dute, oihartzuna emanez.
Ekainaren 26ra bitartean kanpaina amaigabea egingo zaigu, baina, era berean, interesgarria izango da eta aztertzekoa mezuak zabaltzeko moduak, medio tradizionalak erabat posizionatuta baitaude, eta lehia maila dezente igoko dela dirudi. Eta, hain justu, estrategiak aldez aurretik ondo definitzeak ekarriko du sare sozialen erabilera egokiagoa; jakinda, lehen esan bezala, publikoaren zati txikia dela hor aritzen dena. Baina eztabaida-plaza horrek, hainbatek ukatzen segitzen duten arren, garrantzia gehiago hartuko du oraingo hurrengo hauteskundeei begira.
Argazki azkar bat
- @agarzon: 47.000 txio
- @Pablo_Iglesias_: 11.999 txio
- @sanchezcastejon: 17.600 txio
- @marianorajoy: 16.000 txio
OH:@hizpidea irratsaiorako prestatutako kolaborazioa