Egunkariak ezinbestean ari dira negozioari eutsi nahian, audientzia berriak bilatzen, teknologia ahalbidetzen merkatu berriak eskuratzeko. Ez da lehenengo aldia New York Times egunkariaz aritzen naizela hemen eta, seguru asko ez da azkenekoa izango. Izan ere, 2014an aurrera begirako informea argitaratu zuten, hainbat lan ildo jorratu beharko lituzketela iragarriz. Oraingoan, merkatu berria gaztelaniaz hitz egiten duten amerikarrek osatzen dutela iritzita, haiei begirako gaztelaniazko artikuluak argitaratzeari ekin dio egunkariak.
Bai, New York Times gaztelaniaz argitaratzen hasi da. Oraingoz, froga bat baino ez da, baina asmoa litzateke Amerika hispanoari erakargarriak zaizkion albisteak gaztelaniaz eskaintzea. Ez ei dute egunkari guztia gaztelaniaz eskainiko, ze, antza denez, gaztelaniaz argitaratutakoa ingelesezkoen itzulpenak baino ez dira, beraz, ez da gaztelaniazko edizio bat.
Denetariko albisteak
Venezuela, Cuba, Oscar sariak, Brasil eta EEBBetako albisteak agertzen dira nahasturik eta kopurua egunero ere aldakorra da; esaterako, otsailaren 21ean 3 albiste argitaratu zituzten gaztelaniaz eta otsailaren 20an, bi baino ez; otsailaren 19an, berriz, bost.
Lydia Polgreen, @lpolgreen, NYTeko kideak iragarri zuen Twitterren, otsailaren 11n, hasiak zirela “esperimentatzen” gaztelaniazko artikuluekin.
We are experimenting with publishing articles in Spanish. Here’s a collection of great NYT stories en español. http://t.co/48NKYBYjwQ
— Lydia Polgreen (@lpolgreen) February 11, 2015
Nieman Labe-ek 2015ean kazetaritza arloan egingo ziren ekimenen inguruan adierazi zuenez, New York Timesen asmoen artean dago EEBBetatik kanpoko irakurleek zer irakurri nahi duten jakitea. Onartuta ere asmoa ez dela egunkaria hizkuntza guztietara itzultzea, Polgreenen ustez, erabaki latzak hartzeko sasoia dator, ez hainbeste jendeak zer irakurri beharko lukeenaren inguruan zerbitzu egokia ematen asmatzeko, baizik eta zer jakitea gustuko luketen asmatzeko.
Berrasmatzea da #kazetaritza -n ari diren komunikazio enpresen patua eta eurekin batera, nola ez, kazetariona.