Kazetaritzaren iraultza –jada, gainbehera esatea gaizki ikusia dago– ekarri zuen teknologia geratu barik dabil. Kazetaritzan ekiteko eta storytelling–istorioak kontatzea– egiteko geroz eta aukera gehiago dago, sareak ahalbidetzen dituen aukerak mugaezinak direlako.
Vox Media taldeak, esaterako, bere tresna propioa garatu zuen edukia kudeatzeko, Chorus. Software hori erabilita, komunikazio proiektu espezializatuak garatu zituen: kiroletako SB Nation (2003tik martxan dagoena, unibertsitate arteko ligari buruz), teknologiaz The Verge, bideojokoez Polygon, tendentziei buruz Curbed, eta, oraintsu, informazio orokorraz, Vox.com.
Erabiltzen duten teknologiak erraztu egiten dio kazetariari bere informazioa osatzea. Loturak, argazkiak edo informazio gehigarria automatikoki eskaintzen dio sistemak, eta kazetariak, editore lana hartuko du une horretan, bere istorioa osatzeko beharko lituzkeen elementuak aukeratzeko. Lotura horiek guztiak era automatikoan eskaintzen ditu sistemak eta kazetariari ahalbidetzen dio kontatu nahi duen istorioan denbora gehiago eman ahal izatea.
Informazioa beste modu baten aurkeztuta
Vox.com sakontzeko kazetaritza da, ez da kontsumo azkarreko informazio proiektua –NYTimes Now aplikazioan bezala. Erreportajegintza lantzen dute, albisteak ulertzeko informazio bildumak osatzen dituzte: “Understand the news”. Snowfall estiloko erreportajegintza lantzen dute, narratiba
estiloari erreferentzia egiten dio, testua, bideoak, argazkiak, infografiak, komentarioak… Denetarik nahasten du, baina era antolatu baten aurkezten du. New York Timesek kaleratu zuen era horretako lanari zor dio izena. Ezberdintasuna, baina, kasu honetan, zera da: eskaintzen diren loturak ez direla barne loturak, ez direla medioak berak landutako informazioak, artikuluak, elkarrizketak, bideoak, argazkiak…New York Timesek egin zuen bezala. Vox-en kasuan, istorioan sakontzen lagunduko diguten informazioak, beste hedabide batzuek kaleratutakoak dira, beste nonbait argitaratutakoak, beti ere medioagatik kontrastatutakoak; softwareak ahalbidetzen du era horretan lan egitea.
Software espezializatuak
Ildo horretan, 2010ean Irlandan sortu zen ere Storyful ataria. Filosofia berbera zen: sarean dagoen informazioa ikuskatzea, antolatzea eta egiaztatu ostean eskaintzea. Berezitasuna: bideoekin lan egiten duen informazio agentzia dela, nazioarteko hedabideentzat agentzia. Teknologiaz baliatzen dira kasu honetan ere kazetaritza egiteko. Adibide bat: Siriako konfliktoarekin mapeatzea edo siriarrek eurek grabatutako bideoekin egindako kontakizuna, Wall Street Journal egunkariarentzako egindako lanetako bat, Borderlands. 2013ko amaiera aldera News Corp enpresak erosi zuen Storyful.
Informazio iturriak:
-
Vox-i buruz, 233grados (2014): http://233grados.lainformacion.com/blog/2014/04/vox-y-la-tecnolog%C3%ADa-o-por-qu%C3%A9-abandonar-el-washington-post-para-fundar-un-nuevo-medio.html
-
Chorus softwareari buruz, Techcrunch (2012): http://techcrunch.com/2012/05/07/a-closer-look-at-chorus-the-next-generation-publishing-platform-that-runs-vox-media/
-
Sotoryful-en salmentari buruz, The Daily television (2013): http://thedailytelevision.com/articulo/new-media/storyful-una-movida-sin-riesgo-y-atinada-de-news-corp