Kontatzen duzun historia hori zenbatek irakurtzen duten jakitea ondo dago, baina balio erantsia emango dizuna da jakitea nork irakurtzen duen eta horietako bakoitzari zer gehiago interesatzen zaion; era horretan, zure edukien eskaintza antolatzeko modua izango duzu, baita komunitateak sortzeko ere. Austinen egin den kazetaritza digitalaren nazioarteko sinposiumean esan omen zuten The Daily Dot-en sortzaile Nicholas White-k eta Penny M. Abernathy, unibertsitateko irakasleak. Halaxe jaso du Eduardo Suarez-ek bere blogean egin duen laburpen interesgarrian.
Datu horiek, kuantitatiboak, baina batez ere, kualitatiboak nola jasotzen diren azaltzeko lana hartu zuen Gemma Muñozek, InnoBI14 jardunaldietan, joan zen larunbatean. Bere mezua argia izan zen: negozio planean ekintzak garatzeko eta gauzatzeko balio behar dute metrika horiek guztiek. Ekintzak gauzatzeko erabakiak hartzera eraman behar gaituzte webaren neurketek.
Ideia biak, beraz, lotuta doaz: nork irakurtzen du zer, ba hari eskaini hori eta gehiago. Nola jakin? Neurketen irakurketa egokiak eginez.
Eta, esaterako, New York Times-ek bide horri heldu dio harpideentzako sortu dituen azkeneko aplikazioetan: NewYorkTimesNow da horietako bat. Ez ditu bakarrik eskaintzen bere edukiak, kanpo loturak ere eskaintzen ditu. Antolatuta ematen dizkio harpideari, bere gustuen eta interesen arabera, hilean 8 dolaretan. Prezioaren inguruan ere bada eztabaidarik; izan ere egunkariko harpideek jasotzen dutenaren eduki berbera, baina era arinagoan, eskaintzen du iphone eta ipaderako app berriak. Sustatzaileek diotenez, irakurketa errazagoan aurkezten dituzte edukiak –egungo erabiltzaileak darabilen presari egokituta, esan genezake.
Dena dela, helburua, audientziari bila ari den hori ematea da. Eta, bila ari ez bada ere, ohartu dadila horixe dela nahi duena.