Zuzeneko telebista parte-hartzailea, Hangout erabilita

Martxoaren 25ean Maria Shriverek sustatutako “Paycheck to Paycheck” dokumentalaren harira, mahai-ingurua eskaini zuten Google+Hangouten. Gustatu zitzaidan ideia, hau da, internet bidez emateko mahai-ingurua. Egia da amerikarrak showak egiten bikainak direla eta telebistak, orokorrean, hara begira egiten direla han etahemen. Baina, kasu honetan, saioa sarerako egitea gustatu zitzaidan, proposamen gisa. Dokumentaleko protagonista gonbidatu zuten elkarrizketara, dokumentalaren egilearekin eta Oprah Winfrey AEBko telebista izar nagusienetakoarekin aritu zen. Antzokia aukeratu zuten ohiko telebista platoaren ordez. Publikoan emakumeak nagusi. Dokumentala euren umeak bakarrik hazten dituzten emakume gazte eta ekonomikoki premia larriak dituztenen inguruan da. Horraino edozein telebista saioren formatua zuen mahai-inguruak. Berritasuna, baina, euren etxeetatik galderak egiten aritu ziren hiru emakumeak izan ziren. Hangout-ek eskaintzen duen aukeraz baliatuta, elkarrizketan parte hartzeko aukera eman zioten audientziari. Hiru baino ez ziren aritu, aurretik aukeratuta, baina zuzeneko telebista saio baten aurkezlearen pare aritzeko aukeera izan zuten. Pantaila handi bat jarri zuten eskenatokian, taula gainean zeuden hiru emakumeekin batera, eta han ikus zitezkeen elkarrizketan parte hartzera gobidatu zituzten beste hiru emakumeak, bakoitza bere etxean.

Medio digitalek narratiba berriak eta komunikazio praktika berriak ekarri dizkigute. Ikus-entzunezkoen gehitzeak berak ere ekarri du narratiba berrien eta komunikazio praktiken aberastea. Are gehiago, Bahiako unibertsitateko ikerlari Juliana Fernandes Teixeirak dioenez (“A configuração do audiovisual nos conteúdos jornalísticos dos dispositivos digitais”, “Notícias e mobilidade” liburuan, 2013), “unibertso digitalaren eta ikus-entzunezkoaren ezaugarrien hibridazioa gertatu da”. Horixe ekarri dio Hangout-ek web telebistari: sarearen eta telebistaren uztartzea, zera berri bat sortuz.

Kolonbian ikus-entzunezko irakasle eta telebista kritiko ezaguna den Omar Rinconek dioenez, sarerako sortutako bideoek balio erantsia izan behar dute (“Televisión pública: de consumidor a ciudadano”, 2002). Hala behar du izan, audientzia erakarri nahi bada, behintzat. Ikus-entzunezkoa erabilgarri bihurtzeaz hitz egiten du berak, “gizabanakoari bere egunerokotasunean parte hartzea ahalbidetzea”.

Aipatutako mahai-inguru saioak audientziaren zuzeneko parte hartze aktiboa bilatu zuen, audientzia erakartzeko. Izan ere, sareak audientziaren segmentazioa areagotzea eragin du eta geroz eta zailagoa da audientziari eustea, are eskaintza gero eta tematikoagoa bihurtu denean.

Hala bada, audientziaren inplikazioa lortzea bihurtu da helburu nagusi. Ez da nahikoa ikus-entzuleak izatearekin, horrek ez du engagement delakoa ematen. Hori dela eta, sareak eskaintzen dituen abantailek telebista eredu berrian esperimentatzen segitzeko aukerak gehitzen ditu. Eta, audientziak zuzeneko saioan parte hartzeko aukera izatea bere gailutik, bere etxetik edo dagoen lekutik, esperimentazio maila horretan ulertu behar da. Esango nuke, baina, esperimentazioak baduela ohitura bihurtzerik, edo gutxienez, gurean ere probatzerik. Egia da sareak abantaila daukala, alde horretatik, ohiko telebistarekin alderatuta. Baina, akaso, “modernitzatzen” joateko ordua ere bada, esperimentatzeko, jolasteko, audientzia inplikatzeko. “Salgarria istorioak dira, industrial bilakatzeko formatuetan bilakatzen direnak: ideia, produkzio modua, estetetika eta filosofia irizpideak, dramaturgia, errelatu estiloa…” (Ricón, Omar; “Manifiesto por una televisión posible”, 2013:95).

 

 

Kategoria: Web Telebisten inguruko inkerketa Etiketak , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude