Arrazoia zenuten

Gurasoei zuzenduta esan zuen
Carmen Gisasolak “Gaur zortzi” bere lehenengo eleberriaren
(Alberdania) aurkezpenean. “Besterik uste bada ere, gure heziketan
biolentziak ez du kabidarik izan. Gure aurreko belaunaldiek
ezarritako baloreetan inor ez hiltzea transmititu digute eta hori
bakoitzak geure etxean bizi izan dugu”, argitu zuen. “Baina …
borroka armatuan sartu izan garenean, gurasoek kontraesan batean bizi
izan dute aberriarekiko gure atxikimedua, kasu askotan: hartu dugun
bidearekin ados egon ez arren, seme-alabekiko estimu osoa mantenduz”.

Carmen

Askotan etorri zait burura
seme edo alaba bat helburuak lortzeko erailketa zilegizko tresnatzat
darabilen erakunde bateko kide izanik, nolako bizipenak izango
dituzten euren gurasoek. Ezagun baten gurasoekin izan nuen lehenengo
pentsamendua. Inoiz presoen eskubideen aldeko manifestazio batean
egon barik, pankarta eustera pasa ziren, semea espetxeratu zutenean.

Ez da erraza izan behar
hortik pasa den alaba batek “arrazoia zenuten” aitortzea bere
amari. Pentsatzekoa da prozesu baten ondoriotik datorrela
baieztapen horretara heldu izana; hausnarketa sakon baten ostean.
Hein baten, halaxe adierazi zuen Gisasolak prentsaurrekoan;
gazteleraz esan beharra izan zuen, kazetariek “korte bat, mesedez” (Goizalde Landabasoren antzera),
hainbat aldiz eskatu zioten arren. Berak argi adierazi zuen liburua
euskaraz egin duela, eta euskaraz prestatu zuela agerraldia eta ez
gazteleraz. Azkenean, ordea, kazetariek hamaika galdera egin
zizkioten eta zera esan zuen “no he escrito el libro pensando en
nadie, ha sido una aportación a la convivencia, porque es
responsabilidad de todos; sin hacer esa reflexión no podremos
avanzar”. Hortxe koska, hausnarketa egin barik ezin aurrera jo.
Gauzak uste izandako moduan gertatu ez direnean, horixe egin behar
izaten da, egoera guztietan, eta are gehiago 50 urte luzez iraun duen
indarkeria ziklo baten ostean.

Prentsaurrekoaren ostean,
galdetu egin zuen Carmenek, ia zer moduz egon zen, urduri zegoela-ta,
bihotza oso azkar zebilkiola hainbeste kazetari ikusita. Ondo aritu
zen. Aitortu zuen bezala, bere lehenengo prentsaurrekoa izan bazen
ere, esateko zuena ondo prestatua zekarren, ondo hausnartua. Berak
esan zuen bezala, “Egia Handiaren zerbitzuan aritzeko dinamikak
gehiegikeriak justifikatzera eraman gaitu behin eta berriz, eta gure
barruan kontraesan asko sortu … eta gaur egun, Egia Handiaren
ordez, ziurtasun txikietan besterik ez dut sinesten nik neuk”.

Emakume indartsua; konbikzio
sendoduna. Eskerrik asko, Carmen lekzioagatik.

Bide batez, Durangoko Azokara joateko gogoa zuela esan zigun, hurrengo “baimena” orduan eskatuko duela. Hortaz, inork nahiko balu, Alberdaniaren erakus-mahaitik pasa azoka egunetan.

Kategoria: Politika Etiketak , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude