Are gehiago, zerbait
egin beharra ote daukat? Horixe buruan izan nintzen abenduan
Berradiskidetze sozialerako gune irekian. Lokarrik antolatu zuen BECen
eta 200 bat lagun egon ginen han, goizetik eguerdira bitartean. Egia
esateko ez nekien oso ondo zertara nindoan, baina sentsazioa izan nuen
hara elkartuko ginen guztiok bat gentozela herri honetan berradiskidetze
prozesuan gutariko bakoitzak inplikatu beharra duela.
Metodologia berezia izan zen eztabaida egiteko Lokarrikoek aukeratu
zutena: open space deitu zuten. Lehenengo eztabaida gaiak proposatu
zituen jendeak, gero eta eztabaidagai gustukoenaren arabera taldeka
banatu ginen eta amaieran konklusioak atera eta post it banatan eskegita
laga genituen esaldi bana arbelean. Asmoa zen eztabaida taldeetan zehar
mugitzea, entzutea, parte-hartzea. Bitxia izan zen metodologia, eta
jarraipena eman behar zaiola uste dut; era horretako “kedada” gehiago
behar ditugula uste dut. Ze, elkarbizitza, biktimak, giza eskubideak,
biktimarioak, barkamena, errekonozimendua… gutxiago edo gehiago, guztien
ahoetatik atera ziren berbak izan ziren, baina susmoa daukat abiapuntua
adostu beharra dugula aurrera egiteko; izan ere, berradiskidetze horrek
zer esan nahi duen ba ote dakigu? Gutariko bakoitzak berradiskidetze
prozesu horretan zer ekarpen egin dezakegu?
Baketik-ek esaterako “Berradiskidetzeari buruzko 2012 indarguneak: bost
proposamen” aurkeztu ditu. Eta, bizikidetzaren berradiskidetze-prozesu
bat bultzatzeko gogoeta horretan aipatzen diren bost proposamenetako bat
Gizarte zibilaren eremuan lan egitea da. Dioetenez, “desberdinen arteko
elkarrizketa-, topagune- eta formazio-eremuak sortzea proposatzea etika
erreferentzia izango duen eremua partekatzeko”.
Bada, ados nago horrekin: berradiskidetzea, azken baten, elkarbizitza
era normalizatuan egin ahal izatea delako. Eta, horretarako, gizarte
zibilari antolatzea dagokigu. Elkarrekin bizi besterik ez dugunez, ahal
dela, elkarri errespetatuz egin dezagun. Horregatik, garrantzitsua
deritzot era horretako ekimenetan parte hartzea. Gizartea beti joaten
delako gobernuen, erakundeen, alderdi politikoen, aurretik eta kasu
honetan ere, eta politikoki akordioak lortzea gehiegi kostatzen denez,
herritarron arteko elkarbizitzarako akordioa adostu behar dugula uste
dut. Berradiskidetzea eremu sozialean kokatzen delako, maila
pertsonalean eta hor, barka eskaerak ere erabaki pertsonalak direnez,
dagokionean etorriko dira, baina, landu egin behar dira horretarako
egoera egokiak eta bai Lokarrik zein Baketikek jorratzen dituzten
ekimenek lagungarriak izango zaizkigu.