ASTELEHENEKO GOIENKARIA, 2009-05-11
Pedro Ugarteri irakurri
nion zapatuan, Paisen, Patxi Lopez lehendakari
berriak, Axular izan zuela gogoan inbestidura saioan eta “Axular
herri honek eman duen idazlerik onenetakoa dela… Baina, ze herritaz
ari gara? Axular goi-nafarra izanik Lapurdin bizi eta hil zen. Ez dakigu
lehendakariak zerbait esan nahi izan zigun bera gogora ekarrita. Ziurrenik
ez”. Aintzane Ezenarrok egunean bertan esan zion
Lopezi “poztu egiten gara Pedro Axular zure herriko
erreferente bezela izendatu izana, horrek erakusten digulako zuentzat
ere Euskal Herria existitzen dela”. Ez dakigu nork esan zion Lopezi
Lauaxeta, Sarri eta Axular gogoan izateko Legebilzarreko
inbestidura saioan, ezta Kirmen Uriberen olerkia irakurtzeko
lehendakari karguari zin egiteko ekitaldian. Jaime Otamendik
elkarrizketatu zuenean argi esan zuen EAEko lehendakariak “euskaraz
gehiago hitz egiten den lekuetan gazteleraz gehiago ikasiko da eta gazteleraz
hitz egiten denetan, euskaraz gehiago ikasiko da. Hezkuntza sistemaren
helburua da derrigorrezko bigarren hezkutzaren amaieran neska-mutilek
euskaraz zein gazteleraz jakitea”. Erronka badauka PSEk Basagoitiri
hori ikustarazten.