Garak jaso du gaur Gordexolako konkorren albistea. Atentzioa deitu dit, orain dela bi aste Artziniegara joan behar izan nintzelako (Artziniegako museoan antolatu zuten emakumeak eta politika mahai-inguru batera) eta bueltan hortik pasatzerakoan “flipatu” egin nuelako. Artziniegara Gasteiztik joan nintzen, baina Gernikara bueltatzeko, Artziniega Bizkaira pega-pega egina dagoenez, Bilbora bidean, Gordexolatik pasatu beharra izan nuen eta hogei biderrez jauzi egin kotxearekin.
Artziniegako lagunek jakinarazi ziguten “gazteak” Bizkaiko Diputazio aurrera protestan joan zirela Gordexolako 20 konkorren kontura. Ez nuen ulertzen zehazki zeri buruz ari ziren, baina kotxearekin handik pasa nintzenean, orduan bai, orduan neuk ere jasan nuen 7 km-ko inpernua. Ai, ene! Egunero lanera bide hori hartuta joan behar dutenek zelako ernegoarekin iritsi beharra duten!
Gainera, behin km horiek pasata, Kadaguako korridorea dator, eta pentsatzekoa da, hara iristean, Artziniegako eta inguruko herritarrek azeleragailua bestelako baino gehiago zapaltzeko grinari kasu egiten diotela, horrek berak dakarren arriskuagatik.
Gordexolako Udalak “legez kanpoko” konkorrak jarri dituela salatu dute Artziniegako bizilagunek. Arabako herritarrak hasarre daude Bizkaiko bizilagunekin. Agintariek, kasu honetan, Bizkaiko Diputazioak, bere lurralde historikoko herriko Udalak hartutako erabakia gainbegiratu beharko luke benetan jasangaitza baitira ditxosozko 20 konkorrak.
Gainera, Arabako alde hori, bisitatzeko modukoa da, ederra da; asteburu pasa edo egun pasa joateko, museoa bisitatu, inguruan ibili, bazkari pasada ederra jo… Aste Santurako jendetza espero dutela aitortu zidan Artziniegako museoan ari den Ainhoa Astarloak; baina ze umorekin iritsiko diren, errepidea ezagutzen ez dutenek… Hori ezin jakin!
-
Azken bidalketak
Kategoriak
Iruzkin berriak
- Euskal blogosfera eta blogariak, osasuntsu? | Ikasle eta irakasle(e)k Zer berri Blogetan? bidalketan
- xegun altolagirre(e)k Zer berri Blogetan? bidalketan
- marijo(e)k Aizue! EiTBk bere erabiltzaileen defentsa bulegoa dauka! bidalketan
- Luistxo Fernandez(e)k Aizue! EiTBk bere erabiltzaileen defentsa bulegoa dauka! bidalketan
- marijo(e)k ETB1 eta ETB2 lehian bidalketan