“Positiboa da narcisismo kolektiboa sustatzea”

Di-da eta Gunegrafik diseinu enpresek
antolatutako kom’09 komunikazio jardunaldietan SUMMAko Conrad Llorens eta
Innobasqueko Pili Kaltzada entzuteko aukera izan dut. Durangoko Landakogunean
jende talde polita elkartu ginen lehenengo kataluniarra eta gero euskalduna
entzuteko.


20090401

Gunegrafikeko Xabik aurkeztu zuen Llorens,
emozioari ezin eutsita, aitortu zigun moduan. “Gaztea nintzen hartan adi-adi jarraitzen
genituen SUMMAk egiten zituen lanak; Internet ez zegoen sasoi hartan horrela
aritzen ginen ez baitzen batere erreza beste leku batzuetan egiten zen diseinu
lana eskuratzea eta urtero Katalunian ateratzen zen bildumaren zain izaten
ginen. Horregatik gaur niretako ohore handia da Conrad zuei aurkeztea”.

Eta benetan gustura egon nintzen
marka-identitatean aditua den SUMMA aholkularitza taldeko kidea entzuten.
“Geroz eta pisu gehiago hartzen ari da besteek norberari buruz daukan iritziak”
eta horregatik da ezinbestekoa enpresarentzako bere identitatea, bere marka,
ondo definituta izatea eta enpresak berak eman nahi duen irudia eta sortu nahi
duena definituta izatea; izan ere, “produktu-markaren esanahia da ezagutzera
ematen saiatzen garena, hori da balio duena”.

Horretarako lau arlo jorratu behar dira:

1/ Kontzeptua:
jendeak zerekin identifikatu nahi gaituen definitu behar dugu; legitimoa,
bereizgarria, nabaria eta iraunkorra behar du izan.

2/ Adierazpena:
estilo propioa sortu behar dugu; ikuspegi estrategiko bati zuzendu behar
gatzaizkio.

3/ Kultura:
kontzeptuaren barneratzea; enpresa barruko jendeak ulertu egin beharra dauka
kontzeptua eta bera adierazteko aukeratuko bidea eta honek bere lanpostuak
eragingo dituen ondorioak

4/ Kudeaketa:
ideiak, ekimenak, betebeharrak; lan arlo guztietan berrantolaketa eskatzen du.

SUMMAk egin dituen lanetako batzuk aipatu
zituen Llorensek, adibide gisa. Horietako bat RTVEk egin duen irudi korporatibo
berria da. Markaren itxura berritzeaz gainera, kontzeptua ere berritu nahi izan
dute: talde multimediaren irudia indartu eta TALDE legez funtzionatu arazi
erakunde horretako lan arlo guztiak. “Egia da 3.000 langileren kaleratzearekin
bat egin duela denboran eta hori ez dela onena enpresaren irudiarentzako”
gogorarazi zigun kataluniarrak. Horretan ere, Abanderado markarekin egiten ari direna egin behar
izan dutela, “narcisismo kolektiboa” bultzatu behar izan dute. “Abanderako etxeko saltzaileak motibazio barik ateratzen ziren euren kantzontzilo eta bestelakoak saltzera maioristei, baina sinistuta merkatua galdua zutela erosleek Calvin Klain edo 3 euroko kantzontzilo txinatarrak aukeratzen dituztela; baina merkatu azterketa batek esan digu erosleen %80k ez duela ez bata ez bestea erosten, beraz, uste dugu Abanderadok baduela joko-zelaia eta horretarako “gizon errealarentzako barruko erropak” proposatuko ditugu eta saltzaileak motibatzeko “Positiboa
da narcisismo kolektiboa sustatzea”. Eta, ez zaio
arrazoirik falta. Azken baten, komunikazioa “benetakoa” izan dadin,
jendearengana “naturaltasunez” iritsi nahi izan ezkero, eta jendea
“zintzotasunetik” erakartzea helburu izanda, zinez, norberak sinistu beharra
dauka egiten duen eskaintzak merezi duela, eta nolabaiteko
korrespontsabilitatea eskatzen duela identitate horren parte izateko orduan.

Pili Kaltzadak berrikuntzaren kudeaketan
komunikazioa tresna estrategikoa dela esaten hasi zen. Aurretik Llorensek esan
zuenaren haritik, Kaltzadak zioen “proiektuarekiko identifikazio falta
komunikazio estrategia faltak eragiten duela”. Bai Kaltzadak zein Lloresek
ezinbesteko jotzen zuten barne komunikazioa, kanpo komunikazioa egin aurretik.
Proiektu, marka, produktu edo dena delako egitasmoaren inguruan lanean ari
direnek argi izan behar dute zer lortu nahi duten, zer eragin nahi duten
gizartean, merkatuan, nola identifikatuak izan nahi duten merkatuan elkartzen
garen pertsonengatik. Izan ere, “taldeko edo enpresako guztiok gara komunikazio
agenteak eta hori barneratu beharra daukagu”.

Hori lortzeko, Pili Kaltzadak hainbat tresna
aipatu zituen, teknologia berriak hizpide hartuta:

            1/
cruetrain manifestua:
merkatuak elkarrizketak dira

            2/
blogak:
enpresa-hizkuntzak ez du erakartzen, elkarrizketa pertsonalek bai

            3/
hizkuntza:
enpresen eraginkortasunetik begiratuta hizkuntzak hurbildu egiten du
eta gure esparruan, euskarak egiten du hori. Kaltzadak ahaztu egin zuen (nahita
egingo ote zuen) arlo guztietan behar duela horrek, baina Legebiltzarrean eta
Eusko Jaurlaritzan euskaraz egiten ez duten bi lehendakari jarri behar
dituztenean.

            4/
iritziak:
asko dira merkatu horretan gertatzen diren elkarrizketetatik
informazio praktikoa jaso nahi izaten dituzten enpresak eta hainbat teknika
erabili izan dira horretarako, ohiko inkestaren gainetik; izan ere,
iritzi-emaileak atendituta izan behar dira, eraginkorrak izan daitezen.

Nire lanari dagokionez ere, datu esanguratsu
eta, era berean, kezkagarriak ere aipatu zituen Pili Kaltzadak:

        
erredakzioetara iristen diren
prentsa-oharren %85 baztertu egiten da

        
egunero, batez beste, 69 prentsa
ohar iristen dira erredakzioetara (handienetara 160ra iritsi daiteke kopuru
hori)

        
erredakzioetan %12 prentsa ohar
erabiltzen dira (horrez ez du esan nahi argitaratzen direnik)

Garbi dago komunikazioaren gizartean
komunikazio estrategiarekin asmatu ezean ez dagoela norberaren mezua
gizarteratzerik eta geroz eta zailagoa dela, gainera, identitate marka hori web
2.0 teknologiari esker sortutako iritzi trukaketa leku edo elkarrizketa guneen
bidez zabaltzen diren iritzietatik kanpo geratzea. Merkatuan elkarrizketak
gertatzen dira, pertsonen arteko elkarrizketak, eta komunikazioa ona izateko,
ezinbestean pertsonen arteko elkarrizketa horietan egon beharra dago, parte
hartu beharra dago.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude