Ze pena! Ze pena!
Hori entzuten egon nintzen joan zen martitzenean Gernika-Lumon udaletxe plazan egin zen salaketa kontzentrazioan. Indarkeria matxista salatzeko jende mordoa elkartu ginen Don Tellon, asko! Izaskun eta bere alaba gogoan, bai;baina baita gizonen erasoak jasan dituzten beste hainbat eta hainbat andrazko gogoan.
Hantxe ginen, plaza betetzen. Gehienak emakumezkoak; (baina baziren gizonezkoak ere, gazteak gehienak).
Etxekoandre, ama, ikasle, langile, agintari… emakumeak. 15 minutuko elkarretaratze isila izan zen, baina nire inguruan izan nituen andre biren arteko elkarrizketa entzuten nuen: ze pena, ze pena. Besterik ez zuten asmatu esaten.
Aurretik bai, hasi aurretik entzun nituen elkarri zela esaten zioten:
ezagutzen zenuen?; bai, institututik, gure alabaren gelakoa; ene, inork ez zekien ezer; bai jende asko etorriko da; bai denak etorriko dira…
Horrela aritu ziren tarte baten, baina gero… gero ez zegoen besterik: ze pena.
Zer esango duzu bada horrelako egoera baten?
Inpotentzia besterik sentitzen ez duzuenean, ze pena.
Komunikabideetan informazio lagungarria topatu beharrean prentsa horia, nazkagarria, baino ikusten ez duzunean ikusten (bizilagunen “iritziak”, eraso matxista izan dela salatzeko informazio gehigarririk ematen ez duten datu zantarrak), ze pena.
Ingurura begiratu eta ama mordoa ikusten dituzunean behera begira, begiradak gurutzatzeko beldurrez, ze pena.
Indarkeria matxista, baita gure herrian ere, guztiok salatu behar dugu, bai; baina hortik aurrera ere lan egin behar dugu berdintasunaren alde, horixe baita era honetako eraso sexistak gainditzeko bidea.
Ze pena, bai, baina ekin behar diogu hortik aurrera guzti-guztiok berdintasun errealaren alde lan egiteari, emakumeak eta gizonak, denon ardura delako eraso sexistak geratzea.
Formula magikorik ez dago, urteak dira borroka horretan lanean ari direnak eta pausuak eman diren arren, era horretako gertaerek asaldatzen gaituzte maiz. Horregatik egin behar dugu guztiok bat izurrite nazkagarri honen kontra.
Eraso sexista gehiagorik ez!