ASTELEHENEKO GOIENKARIA (2009-02-09)
Argazkia: Asier Arroita
Hasi da kanpaina. Martxora arte hilabete geratzen den arren, bideari ekin dio jada AEKren 16. Korrikak. Zapatuan aurkeztu zuen Edurne Brouard korriken arduradunak “Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira” leloarekin. Bilboko Euskaldunan Jon Maiari agindutako Bidaia intimoak dokumentalaren estreinaldia ikusteko aukera izan nuen. Korrika iritsi ei da lana estreinaldira; Rami, Mixele, Jesus Mari eta Tereixaren
istorioa. Hunkigarria, ederra irudietan, ondo osatutako lana, baina
nire irudikoz, luzexka.
Aralar egunetik bueltan egin nuen Bilbora
ostera. Gernikan laga nituen Aintzane Ezenarro, Jon Abril eta besteak dantzan, beste kanpainarako girotzen; Oxel Erostarbek lehenago egin zuen alde: Ibanen ‘despedidara’.
Kanpaina horrek ere luze joko du, seguru, baina hautagaiek lagun sarea gehituko dute: Ibarretxeren lagunek zapatuan egin zuten babes plataformaren aurkezpena; patxilopezek joan zen astean egin zuen, eta Luistxo Fernandezi irakurri diodanez, spam eta guzti ari da kanpaina erasokorrean Interneten.
Datorrela laster Korrika, daukagun panoramari begiratuta korrika alde egiteko gogoa ematen du eta.