Itzali dira Zinemaldiko fokoak, Mikel Intxaustik Garan zioenez, ez polemika gutxirekin gainera! “Atzera ere
epai-mahai kideek ez zituzten kritikoek eta publikoak kinieletarako
aukeratutako filmak kontuan hartu”. Itzali dira baita ere begi urdinak. Berriako Aitor Abaroa kazetariari lapurtutako izenburuari nire ekarpena
eginez, “itzali dira zinearen historiako begi urdin ederrenak”. Agur Newman jauna.
Beti gertatzen da, onena amaitzen da eta
txarrenarekin ez dago amaitzerik. Gure herriak asko daki horretaz. Txarra da
inora heltzeko balio ez duten eztabaidetan murgiltzea. Barikuan esaterako,
halaxe aritu ziren Ibarretxe, Lopez, Barreda, Egibar, Erauskin, Ziarreta, Matute eta Ezenarro; gero, jakina, denak gustura
zeudela esan arren. Oscar Rodriguez sozialistak, esaterako, “ez
da nire jefea delako, baina Patxi
oso ondo egon da” bota zigun legebiltzarreko plenoaren ostean. Lopezek birritan
esan zuen “lehendakari” izango dela. Sinistuta dabil gizona. Urkulluk, Ibarretxeren aldeko apustua
egin zuen atzo; txutxumutxuak isiltzeko-edo. Ibarretxek “azken 30 urtetan
lideratu dugu herri hau eta horretan jarraituko dugu” erantzun zion. Ikusteko
dago.
Ze, martxoa iritsiko da, baina barikuan Maritxu Kajoi agertuko da Mondragoen miraria egitera. Hari eskatu behar
benetako miraria.