Badira bi urte eta erdi alderdi politiko baten komunikazio arloan ari naizela. Legebiltzarrean lan egitea tokatzen zaidanez, alderdiaren mezu politikoa bai, baina ekimen zehatzak hedabideetara zabaltzea da gehiago nire lana.
Askotan entzun beharra izan dut politikoen adierazpenak saltzea dela gure egitekoa; batek eta besteak esandakoaren balorazioak egin eta horiekin prentsa oharrez betetzen ditugula kazetarien posta elektronikoak. Berriako zuzendaritza taldearekin izan nintzenean ere horretaz aritu ginen eta orduan ere nire kexa aurkeztu nien: ekimen parlamentarioak arlo sozialari begira egiten direnean ez dute inolako oihartzun mediatikoa izaten. Berdin dio ekimena ze sasoitan aurkezten den, kontua da, beti dagoela auzitegiren baten sententzia, galdeketaren inguruko eztabaia antzuren bat, manifestazio baten kontrako Ertzaintzaren erantzuna…
Atzo bertan etxebizitzaren arazoa aintzat hartuta, ekimen parlamentarioa aurkeztu genuen Legebiltzarrean. Nik dakidala horixe da Legebiltzarreko ordezkarien egitekoa, hau da, gizartearentzako onuragarriak izateko asmoz ekimen zehatzak aurkeztea eta horren inguruko eztabaidak bideratzea osoko bilkuran edo batzordeetan eta, ahal dela, adostasunez hartutako erabaki horiek gobernuari egin ditzala agintzea.
Baina atzoko prentsaurrekoan hiru kazetari baino ez ziren egon; agentzia bat eta irrati bi (RNE eta COPE). Han ez zen ez Euskadi Irratia, ez Radio Euskadi, ez Berria (albistea jaso duen hedabide bakarra izan den arren), ez Herri Irratia, ez Noticias, ez Gara, ez Correo, ez Diario Vasco (ez daukate kazetaririk Legebiltzarrean, bueno, Gasteizen ordezkaritzarik ez dute), are gutxiago Euskal Telebista.
Gure albistegiak adierazpenez betetzen ditugu egunero; kexatu egiten gara politikoek ezer ez dutela egiten esate dugunean, baina nik neuk ikusi dudanagatik behitzat, “arrakasta” duten prentsaurrek politiko bakarrak, inon kontra adierazpenak egiteko prentsaurrekoa dira. Politikoek euren lana egiteko hedabideak deitzen dituztenean, editoreek “interesik ez duela” erabakitzen dute. Honekin ez dut adierazik nahi inondik inora auzitegien sententziak, manifestazioak edo bestelako adierazpenak ez direnik albiste. Gure herrian, zoritxarrez, egunerokoaren parte bihurtu dira eta horren bueltan hartu behar izaten dira erabakietako asko.
Kazetaritza erabat aldatu da azkeneko urteetan. Lehen albisteak modurik argienean eta zintzoenean kontatzea zen kazetaritza; azkenaldian, berriz, adierazpenen inguruko kronikekin konformatzen gara.
Jakina, nire esperientzia xumetik ari naiz.