Joan zen martitzena ezkero, lanera autopistaz joan beharra izan dut. Entzun nion Martin Barriusori Mezularian autobideen alternatibarik ez daukagula. A-8an izandako lur-hazien kontura ari ziren, eta Gipuzkoako bide azpiegituren diputatu Eneko Goiak zela esan zuen lanak egiten ari diren bitartean autobidea debalde edo merkeago jartzeak, zirkulazio gehiago eragingo zuela. Orduan ohartu nintzen nik baneukala erabat publikoa den errepide aukera, lanera joateko. Baina joan zen astean autobideko ordainsaria pagatzen aritu naiz, eguaztenetik barikura, lanerakoan eta lanetik bueltan: Etak 25,5 euro + 6,6 euro zor dizkit.
Barikuan jada ireki zuten Legutioko errepide nazionala eta gaur goizean handik joan naiz Gasteizera. Inpresioa hartu dut itzela. Inoiz ikusi barik neukan leherrarazitako eraikin bat nola geratzen den. Handik paretik pasatzean, atentatua izandako lekutik pasatzean, inpresioa eragin dit itzela guardia zibilaren kuartelaren egoera tamalgarriak; horrek eta errepidearen beste aldean zegoen baserri zaharra birrinduta ikusteak (pentsatzekoa da botatzen amaitu dutela agintariek, erortzeko arriskuan geratu omen zen eta). Kuartel paretik pasatzerakoan, ikusi dut barruan bazela jendea. Han bizi zirenetako lagunetako batzuk izango ziren, oraindik gauzak jasotzera-edo joandakoak.
Niri 32,1 euro zor dizkit the organizationek; txikikeria bat handik pasatzerakoan igarri dudan sentsazioaren ondoan.