Asteleheneko Goienkaria-2007-10-01
Zelako aztorameneko astea! Eguenean Zinemaldian Lou Reeden filma estreinatzen zela eta, bere baxu-jotzaile Fernando Saundersek sms-ez gonbidapena bidali zidan. Nik, baina, ezetz: goizeko 6etan jaiki beharra nuela Ibarretxeren iragarpeneko plenora joateko. Gasteizen ere, beste era batekoak, baina izar dezentekin topatu nintzen. Patxi Zabaletarekin eskaileretan gora Pernando Barrenarekin gurutzatu ginen; ez zen agur oso beroa izan, seguruenik goiz samar zalako. Xabier Lapitz ere agurtu nuen, baina uste dut ez zela nIrekin akordatu; eta hori, bere aginduetara bekadun egon nintzen azkeneko egunean, irratsaio amaieran “gracias, Marijo Deogracias” grazia egin zuela! Barkatuko diot; izan ere, Ibarretxeren iragarpenaren ondotik izan zen, eta asko ziren zer esan jakin barik geratu zirenak. Horietako bat Pastor sozialista izan zen, Egibar, Ezenarro eta EITBko zuzendari Andoni Ortuzarren aurrean bota zuen-eta: “ta ni sinistuta Mesias bakarra zeuala!” (gero hedabideen esan zuen Laudion beste Mesias bat zegoenik ez zekiela). Baina, Victoria Pregoren artikuluaren izenburuarekin geratuko naiz: “Ibarretxek aukera egiteko eskatu digu: susto o muerte”. Espainian horrela ulertu ote dute?