Apirilak 17 ditu gaur eta Orreagatik atera da gaur aitxa Santiagora bidean. Done Jakue bidea egitea du helburu eta hilabetean edo bueltan dela agindu digu. Guri, etxekooi, eta Antzuola guztiari; ze, jakin dudanez hainbat aldiz aritu da kalean Done Jakue bidea egingo duela esaten. Hortaz, eta herenegun esan nion moduan: “Santiagon ateratako argazki barik bueltatzen bazara, jai daukazu herrian!”.
Apustuak egitea ere pentsatu dut; seguru antzuolar bat baino gehiagok onartuko lukeela apustua! Baina ez naiz alaba hain gaiztoa izango eta pentsatu dut aproposena dela gaueroko bere kronika hona ekartzea.
Atzo Antzuolan autobusa hartu eta Iruñera joan zen; handik Orreagarako autobusa hartzera. Erromesen etxera jo zuen zuzenean, baina aurretik informazio bulegotik pasa arazi zuten, izena ematera. Lehenengoa izan omen zen erromes etxera iristen eta oraindik fresko-fresko zegoenez (bidea autobusean egin zuelako-edo) bueltatxoa jo zuen eta 8retako mezetara joan zen: erromesendako meza ei zen.
Afaltzeko babarrunak eta arraina jarri zioten; eta austriar birekin, Malagako batekin, frantses batekin eta hiru alemanekin egon zen. Malagarra gogaituta omen zegoen jada hainbeste arrainekin eta xerraren bat atera ziotela ere kontatu zigun aitak.
Ostean amarekin telefonoz berba egin zuen eta gaueko bederatzietarako ohera, goizeko 6etan altxatzen baitzituztela esan ziotelako. Ordu izan ditu gaur erromes-etxea laga eta Done Jakue bidearen lehenengo etapari ekiteko.
Gauean amarekin geratu naiz, atzera, telefonoz aitaren kronika jasotzeko.
k miersda