Barikuan Seiurte taldearen kontzertua ikusten egon nitzan Gernikan. Etxe aurreko Musutruk tabernan jotzen zuten berriztarrek eta aspaldi Iokin ikusi barik nengoenez gerturatzeko plana egin nuen. Anboto astekarian lanean nenbilela ezagutu nuen Iokin. Zutabegile zen bera eta hilean behin bere pertsonaien istorioak kontatzen zituen Anbotoko azkeneko orrialdean. Idazkera berezi zuen; lagunekin bizi izandakoak ekartzen zituen gogora eta lehenengo pertsonan barik, asmaturiko pertsonaien ahotan jartzen zuen istorioa. Horixe ekarri nion gogora Elortzatar anaietako Iokini, agurtu ostean. “Ez, jada ez dut idazten!” esan zidan, baina “justu atzo deitu egin zidaten kontzertu baten kronika egingo nien galdetzen”. Urte batzuk joan dira lankide izan nuenetik; beste bi disko atera dituzte Seiurtekoek bitartean; hirugarrena,gainera, eurek ekoiztu dute, “Metak itxi egin zuten-eta”, esan zidan Iokinek. Kontzertua primeran egon zen. Gazteenek kantak buruz zekizkiten. Rock eta pop doinu atsegina egiten dute Seiurtekoek; gustura entzutekoa eta alaia egiten den melodiez osatutako kantak. Zorionak, mutilak!
Bera agurtu aurretik haren lagun Iban Gorritiri sms-a idatzi nion. “Sei Urte ikusten nabil”. Eta, berak orduan: “Etorriko zara Martxoak 31 ikustera Durangora?”. Bada hilabete imeila bota zidala kazetari-argazkilari-musikari Iban Gorritik. Bera ere lankide izan nuen Anboton. Gogoan nuen Durangoko Plateruenean kontzertua egiteko asmoa zutela eta berriz ere Martxoak 31 izan zena batu eta zuzenekoa egitekoak zirela. “Igual joango naiz, gainera publizitate zibernetikoa egin dizut!” esan nion Ibani eta berak “eskerrik asko, irakurriko dut!”. Hara! Zer galdetu eta zea aditu! Nik imeila berbidali nuela esan nahi nion, baina berak blogean idatzi nuela ulertu zuen. Beraz, eta berandu baino lehen, publizitate zibernetikoa egitea pentsatu dut: Durangoko Plateruena kafe antzokian Martxoak 31 taldeak kontzertua egingo du; denboratxoa da talde desegin zutela, baina datorren zapatuan berriz ere zuzenean ikusi eta entzuteko aukera egongo da Plateruenean! Igual han ikusiko dugu elkar Iban; eta Iokin ere handik ibiliko da, kontzertu berean arituko baitira Martxoak 31 eta Seiurte: Durangoren bonbaketaren 70. urteurrena betetzen den egunean.
Iban Gorritik beste mezu bat bidali dit goizeko 3ak aldera:
“Hey! Hey! Hona hemen MARTXOAK 31ren web orria, 19 urte ta gero interneten txoko bat daukagu zuentzako: http://www.iditu.com/martxoak31/
Zabaldu mezua!!!”
Webgunea Rober ‘Insolventes’-ek egin du.
Ia ba, mezua eskegita; gura duena kuskusea dezala. Nik, behintzat, eta Durangaldea beranduago ezagutu nuenez, koadrila hori hain gazterik ikusteak itzelezko grazia egin dit; a ze kakamutikoak! Iban, Alberto, Andoni eta Iokin! Beti gazte!