Zer gertatzen da basamortuaren erdiko barnetegi batean zarraturiko ipotxak matxinatzen direnean?
Kotxeekin San Fermingo entzierroa antolatzen dutela, bazterrak txikitzen dituztela, loreak erretzen dituztela, sadismo mota guztiei ekiten dizkietela, eta… KIXMI agertzen dela.
Hemen duzue bideoa. Ni oraindik sinistu ezinik nago.
Gogoratzen Alberto Peñalba, El Juguete de Mari idatzi zuena, blog honetarako tren batean elkarrizketatu nuen tipo misteriotsua? Aurreko batean kasu egin zidan. DVD bat eskutan hurbildu zitzaidan: “Tori. Hemen datorren eskena bat gustatuko zaizula uste dut”, esan zidan, irri maltzur bat ezpainetan.
Ipotxak ere txiki hasi ziren (Auch Zwerge haben klein angefangen) pelikula dator diskoan. Werner Herzog zuzendari alemaniarrak 1969-70 aldera eginiko filma bitxia.
Lanzarote uhartean egin zuen, dokumental estiloan, eta aktore guzti guztiak ipotxak dira.
Filmak kontatzen duenez, kontzentrazio esparruak gogora ekartzen dituen heziketa zentru bateko ikasleak arduradunen kontra matxinatzen dira, zuzendaria kanpoan dela baliatuta, aspertuta daudelako jasotzen duten tratuarekin eta egin behar izaten dituzten nekazaritza lanengatik.
Edonola ere, ez da ipotxen inguruko filma. Gizateriari buruzkoa da.
Gizartearen hierarkien eta konbentzioen kontrako matxinada gordina erakusten du Herzogek. Ipotxak gizaki arrunten sinbolo dira, eta erraldoi bihurturiko mundu baten aurka errebelatzen dira (matxinadaren bultzatzaileetako batek Hombre du izena, eta beste batek Territory). Kaosa erabatekoa da: animaliak hiltzen dituzte dibertitzeagatik, eta beste ipotx itsu bat ere, auskalo zergatik.
Herzogek bere zinegintzari buruz teorizatzen zuenean esaten zuenez, filme guztiek izan behar dute gutxienez irudi nahastezin eta ahaztezin bat, ikusleen gogoan txertatuko dena.
Ipotxak ere txiki hasi ziren honetako irudi ahaztezin hori ikusi duzue dagoeneko goiko bideoan. Tximino bat gurutzean jarri eta prozesioan ateratzen dira ipotxak, eta kaosaren ke beltza intzentsuaren lorratz zuriarekin nahasten da.
Heriotza mehatxuak jaso omen zituen Herzogek eskena horrengatik. “Blasfemia” salatzen zuten elizgizon kristauez gain, animalien eskubideen aldekoek ere gogor gaitzetsi zuten filma.
Krudelkeriaren antzerkia
Amos Vogel zine kritikariak idatzi duenez, “Herzogen ereduak Kafka, Céline eta Buñuel dira, baina berak baditu berezko fantasiak ere”. Kafkak bezala tximino bat jartzen du Herzogek gizakien zoramenaren erdian. Alejandro Jodorowsky eta Fernando Arrabalen “antzerki panikoa” ere pelikula honen aurrekaria da. (Jodorowskyren kristo buztandunena kontatu nuen aurreko batean). Antonin Artauden “krudelkeriaren antzerkia” dago azken horien guztien oinarrian, noski.
(Eta bistan da Marilyn Mansonen Disposable Teens bideo-klipa zuzendu zuenak pelikula hau ezagutzen zuela)
Ipotxak ere txiki hasi ziren honen testuinguru historikoa Frantziako 1968ko maiatzako matxinada da, eta filma hau horren alegoria dela diote kritikari batzuk.
Herzog alemaniarregia da ipotxen matxinada mugimendu askatzaile gisa ikusteko. “Herzogek berak ikusten du 1968ko matxinadaren amaierak ekarritako ezkortasun kultural hau komedia beltz ilun gisa, komikotasun absurdua tragedia sakonarekin hezur-mamitua”, dio Carsten Baumgardt kritikariak.
“Filmaren gai nagusiak sadismoa, krudelkeria eta primate “gorenaren” imitazio ahalmena dira”, dio Alfredo Colozzo argentinarrak. Berriz Herzog eta berriz tximinoak. Gogoratu Aguirre, Jainkoaren amorrua.
Andrei Tarkovskyk eta Jodorovskyk gizakienganako itxaropena agertzen dute euren pelikuletan, eta itxaropen hori, hain zuzen ere, pertsonaia mutante, ipotx edo deformatuetan irudikatzen dute. Haatik, Herzog, Pier Paolo Passolini bezala, nihilista hutsa da. Ez dago itxaropenik giza arrazarentzat, eta kristo-tximinoak irudikatzen du hau mugitzen duten indar ilun kontrolaezinak.
Gizateria ipotxa da, eta KIXMI bere profeta.