Akaba dezagun Amy Winehouse!

Amy Winehouse abeslaria lurrean dago, burua lehertuta, odol putzu batean. Tiro bat jaso du bekokiaren erdian. Ustezko hiltzailea gorpuaren aldamenean dago, lasai eserita, arma eskuetan… William Burroughs idazlea da.

Ezin da erreala izan, noski. Eskultura bat baino ez da, Marco Perego artistak egina. New Yorkeko arte galeria batean dute salgai egunotan. The Only Good Rock Star Is A Dead Rock Star izenburua jarri dio artelanari egileak. Bideo honetan azaltzen du zer esan nahi duen eskulturarekin: “Rock izarrak dira egungo gizartearen sakrifizioa”.

Ez zaio arrazoia falta. Ez dut uste gehiegi esatea dela ia planeta osoa dagoela ikuskizunaren zain, Winehouse hilik noiz agertuko den esperoan. Are gehiago, horretara bultzatzen ari gara musikari gaztea.

Sakrifizioa

Aurreko batean kontatu nuen Georges Bataillek ekarri zuela sakrifizioaren gaia lehen planora joan zen mendeko erdialdean.

Jacques Derridak liburu oso bat eskaini zion gaiari: Donner la mort (1999). Abrahamen sakrifizioa jorratzen du filosofo frantziarrak. Isaac, bere seme bakarra, hiltzeko agintzen dio Jainkoak Abrahami. Bai eta honek obeditu ere. Ez du hilketa gauzatzen. Aingeru batek gelditzen dio eskua, labanarekin semeari lepoa moztera doanean. Horrez gain, Herman Melvilleren Bartleby narrazioa aztertzen du. Bere burua hiltzen uzten du protagonistak, apatia hutsez.

  • Nola ez harritu, bada, bi istorio ikaragarri bezain hutsal hauetan emakumearen faltagatik? Aita eta semearen istoria da, gizonezko-irudiena, gizonen arteko hierarkiena (Jainko Aita, Abraham, Isaac […].

Sakrifizioaren lege unibertsalari erantzuten dio horrek, Derridaren arabera, eta galderak egiten ditu filosofoak:

  • Sakrifizioaren erantzukizunaren logika aldatuko litzateke, bigunduko, desbideratuko, emakume batek horretan era erabakigarrian esku hartuko balu? Sakrifizioaren erantzukizunaren sistema hau […] funtsean  emakumearen bazterketa edo sakrifizioa al da?

Galderak airean zintzilik uzten du Derridak. Dena den, berehala argitzen du sakrifizio honek ez duela zerikusirik sakrifizio tragikoarekin edo heroiarekin. Horretan beti aritu da emakumea protagonista.

Bistan da, arrazionaltasun batetik (arrazoia absurdoa bada ere) azal ezin den sakrifizioaz ari da Derrida hor. Kontua ez da sakrifizio horrek ez duela zentzurik, baizik eta zentzua baztertzen duela. Are gehiago: zentzurik ez izateak bihurtzen du sakratu.

Halako sakrifizioa bilatzen zuen Bataillek, eta errealitatean gauzatzeko zorian ibili zen, aurreko batean kontatu nuenez.

Joan Vollmer

Halako sakrifizio batek bihurtu zuen idazle William Burroughs, ordura arte pijo-jonki bat besterik ez zena. 1951. urtean, Joan Vollmer bere emaztea tiroz hil zuen Burroughsek Mexiko Hirian. Askotan bezala mozkortuta zeuden biak, eta askotan bezala, lagunak entretenitzeari ekin zioten Wilhelm Tell jolas batekin. Vollmerrek edalontzi bat jarri zuen burugainean, eta Burroughsek tiro egin zuen, ontzia hautsi eta bere trebezia erakusteko.

“Zerk edo zerk nire eskua mugitu zuen”, esan zuen gero kalkulagailua asmatu zuen gizonaren bilobak.
David Cronenbergek horrela kontatu zuen gertaera, Naked Lunch filmean (1991):

Burroughsek “izpitu itsusi” delako bati egotzi zion gertaturikoaren erantzukizuna eta serio idazteari ekin zion, zulotik ateratzeko. Horren fruitua izan ziren Junkie, Queer eta The Naked Lunch eleberriak. Bistan da, heriotza sakrifiziala gisa ulertzen zuela Burroughsek berak Vollmerrekin gertaturikoa.

  • Beraz, joanen heriotzak harremanetan jarri ninduen inbaditzailearekin, Izpiritu Itsusiarekin, eta bizitza osorako borrokara behartu nau, non idaztea den nire irtenbide bakarra.

Inbaditzailea lengoaia da Burroughsentzat, hortik haren lelo “lengoaia birusa da”. Lengoaiak eta horretatik eratorritako arrazoimenak preso du gizakia. Bizitzaren arerio, birus, inbaditzaile edo Izpiritu Itsusi, horren kontrako borrokari eskaini zion Burroughsek bere lana, Vollmerren sakrifizioak behartuta.

Lengoaiaren aldarean hilak

Burroughsen lana eta Bataillerena lotuta daude beraz, Nietszcheren iturritik edaten dutenen heinean. Biek egin zuten gehiegikeriaren literatura, biek borrokatu ziren lengoaiaren kontra (Burroughsek cut-up teknikaren bidez, Bataille, Derridaren dekonstrukzioaren aitzindari gisa).

Sakrifizio zapuztu bat eta “istripu” bat, Thot lengoaiaren tximu-jainkoaren aldarean. Bi emakumeon gorpuen argazkiak ditugu. Ez ditut hemen jartzen morbo hutsarengatik. Posmodernitatearen benetako cadavre exquis bezala baizik.

peignothilda

 Colette Peignot hilda, 1938



 Joan Vollmer, Mexiko Hiriko morgean, 1951

Derridak azterturiko sakrifizio adibideetan ez bezala emakumeak dira hor protagonista. Protagonista diot, ez biktima. Paradigma aldaketa baten erakusgarri dira? Irakurketa feministarik egin daiteke? Ez dakit.

Amyren bihotz sakratua

Marco Perego artistak argi ikusi du egungo rock eszenak hartu duela sakrifizio paganoen eta sakrifizio kristauaren lekua gure gizartean: Elvis hil eta piztu egin zen, Jimi Hendrix, Ian Curtis, Kurt Cobain… Eta emakume bat: Janis Joplin.

Espektakuluaren mundu-moloch gose da. Oi Amy, zure gorpu hotz eskisitoa ikusi nahi dugu, aluminio paperean bilduta. Estigmak ikusi nahi ditugu zure besoetan. Zure talentua ez da gizatiarra. Ireki zure bularra, barruan zer duzun erakusteko.