Mamu batek egin zuen Sans Soleil (Eguzkirik Gabe, 1983) film liluragarria. Chris Marker zinemagilea ez da batere ospetsua, ez du ia inoiz elkarrizketarik eskaini eta haren argazkirik ia ez dago. Oso gutxi zabaldu dira Markerren filmak, baina halere, sekulako eragina izan dituzte harribitxiok. La Jeteé filman oinarritu ziren Twelve Monkeys (Hamabi Tximino) egiteko, baina, hona, ordea, nire fetitxe partikularretako batengatik ekarri dut Marker: tximino disekatuen erotismoarengatik.
Berlinen ikusi nuen Sans Soleil lehen aldiz, 1995. urteko udazkenean. Etxean ez genuen berogailurik eta, egun osoa zero gradu azpitik ez ematearren, askotan joaten nintzen Marshall Planaren diruarekin eraikitako Amerika Gedenk Bibliothek liburutegira. Hango bideotekan aurkitu nuen Markerren “dokumentala” (nolabait deitzearren). Lehen hitz eta iruditik lepotik heldu ninduen, Ingumaren indarrarekin. Ez nau oraindik askatu.
Sans Soleil collagea da, Markerrek besteak beste Guinea Bissaun, Islandian, eta, batez ere, Japonian 16 milimetroko kamera batekin harturiko irudiekin eta kasete grabagailu batekin jasotako soinuekin eginikoa.
1983. urtean argitaratu zuen denboraz, oroimenaz, kontsumismoaz, Tarkovsky-z, Historiaz, iraultzaz eta irudiaz eginiko hausnarketa poetiko-filosofiko hau (Markerrek jorraturiko gai bakan batzuk aipatzearren). Intelektualoidegia ematen du horrela esanda, baina edizioaren eta hitzaren bidez, magia egiten du Markerrek irudirik hutsalenekin, hau da, edozein turistaren kameratik atera zitezkeen souvenir banalenarekin. Are gehiago, banalitatearen apologia egiten du: “Japoniaren mirari ekonomikoaz mintza nintekeen, baina nahiago dut auzoetako jaiak ateratzea”.
Izugarri konplexua da Markerrek osatzen duen puzzlea eta honez gero, badakit pare bat reenkarnazio beharko ditudala Sans Soleil apur bat ulertzeko. Ez dut oraingokoa utziko, ordea, Markerren putzuan kainabera sartu gabe.
Gorpurik gabeko zauria
Sans Soleil, 27′ 47”: Tokyoko Sogo saltokiko zazpigarren solairuan jarritako erakusketa baten inguruan mintzo da off-eko ahotsa. Eliza katolikoari buruzkoa da erakusketa, eta Vatikanotik inoiz atera ez omen diren fetitxeak jarri dituzte ikusgai: Aita Santuaren koroa, Joan Paulo II.aren irudia, biblia apaindua, gurutzeak… Inguruan dabiltza japoniarrak, harrituta, objektuok zer diren eta zer esan nahi duten jakin-minez. Hortik, Japoniako objektu sakratu-erotikoak erakusten dituen museo batera egiten du salto. Hokkaido uharteko Josen-kain dago museoa eta sexu organoak irudikatzen dituzten eskultura erlijiosoak ditu lehen zatian. “Noiz ikusiko dugu hauen erakusketa gure saltokietan?”, galdetzen du burlaizez.
Museoaren bigarren zatia, disekaturiko animalia bikoteez osaturikoa, lurreko paradisua litzateke, beti amestu izan dugun bezalakoa. Baina agian ez…; animalien inozentzia trikimailua izan daiteke zentsura saihesteko, edo, agian, ezinezko adiskidetze baten ispilua. Eta jatorriko bekaturik gabe ere, hau galduriko paradisua litzateke. Josen-kaiko animalia jatorren dirdiran ikusten dut Japoniako gizartearen amildegi nagusia, gizonezkoak eta emakumezkoak banantzen dituzten amildegia. Bizian bi modutan baino ez da agertzen hori: hilketa odoltsuan edo malenkonia sotilean. Azken hau hitz bakar itzulezin baten bidez adierazten dute japoniarrek. Elizaren aitek gogor gaitzesten zuten gizakiak eta piztiak maila berean jartzea, baina hori hemen piztiek gauzen mingostasunari eginiko erronka bilakatu da. Malenkonia horren kolorea eman diezazuket Samura Koichiren lerro batzuk kopiatuta: “Nork esan du denborak zauri guztiak sendatzen dituela? Hobe litzateke esatea denborak dena sendatzen duela, zauriak ezik. Denborarekin, separazioaren minak galdu egiten ditu muga errealak. Denborarekin, desiraturiko gorputza aurki desagertuko da eta desiratzen duen gorputza dagoeneko galdu bada bestearentzat, orduan, hau geratzen da: gorputzik gabeko zauria”.
Marker eta Wenders, Sans Soleil eta Tokyo-Ga
Sans Soleil estreinatu eta bi urtera, 1985ean, Tokyo-Ga filma aurkeztu zuen Wim Wenders zuzendari alemaniarrak. Sans Soleil ez bezala, asko zabaldu da Wendersen dokumentala. Markerrek iluntasuna aukeratu bazuen, Wendersek Kaliforniaren eta ospearen argitasuna hautatu zituen.
Eta halere, nahiko ilun eta tristea da Wendersek Japonian eginiko ahalegina, batez ere, Sans Soleil ikusi duten zorionekoentzat.
Wendersek Yasujiro Ozu zinemagile japoniarrari ustez dioen miresmena erabiltzen du bere bidaia justifikatzeko. Ozuk 1950. Hamarkadako Japonia erretratatu zuen bere film naturalistetan eta gizarte hori nola aldatu den aztertu nahi duela dio Wendersek. Baina Wenders erabat galtzen da Tokyoko zeinuen labirintoan. Azkenean lortzen duen bakarra zera da, Ozuren kameralaria izan zena negarrez jartzea, zuzendariarekin pasatutako urteak gogorarazi eta emozionatuta. “Orain utz nazazue, mesedez”, eskatzen die agureak malkotan Europako barbaroei. Zinema dokumentalaren historiako elkarrizketa amaierarik lotsagarrienetako bat da, zalantzarik gabe.
Tokioko Pachinko izeneko makina txanponjaleak erakusten dizkigu Wendersek, gaia eta testua Roland Barthes filosofoak 1970. urtean argitaraturiko L’empire des signes liburutik aterata, baina fenomenoaren azalean geratzen da Wenders. Pilota zuloan sartzeko asmoa baztertuta, golf pilotak helburu argirik gabe kolpatzen dituzten tokyotarren hobby bitxia erakusten du, konturatu gabe, antza, arku tiratzaileen Zen tradizioa jarraitu baino ez dutela egiten.
Baina badago Tokyo-Ga salbatzen duen gauza bat: Chris Marker ateratzen da.
Tokyon La Jetée filman inspiraturiko taberna bat dago. Han lortzen du Wendersek frantziarraren irudia, “begi bat besterik ez bada”. Markerrek paper bat erakusten dio kamerari eta berori erabiltzen du ezkutatzeko. Paper horretan Markerren animali begikoenak ageri dira, katua eta hontza. Haren filmetan etengabe agertzen dira animaliok. Tximinoarekin batera, katuak eta hontzak gaizkia eta deabrua irudikatzen zuten Erdi Aroan.
Artean “Sans Soleil film ederra” ikusi gabe zuela esaten digu berehala Wendersek, badaezpada ere, norbaitek bi filmen arteko antza susmagarria ikusiko balu. Excusatio non petita...
Gogorregia naiz, agian, Wendersekin.
Zer da Markerrek Japonian somaturiko malenkonia hori, tximino disekatuen erotismoak iradokitzen dion gorpurik gabeko zauria? Argazkiaren definizio ederra litzateke “gorpurik gabeko zauria” esaldia. Baita oroimenarena ere.
Izan ere, oroimena eta irudiaren arteko harremanaren ikuspegi erabat kontrajarriak ematen dituzte Markerrek eta Wendersek euren lan horietan. “Japoniara kamerarik gabe joan izan banintz, hobeto gogoratuko nintzateke”, dio Wendersek Tokyo-Gan. Markerrek, ordea: “Irudiek berehala ordezkatu dituzte oroitzapenak nire memorian. Nire buruari galdetzen diot, nola gogoratzen dituzte gauzak irudirik hartzen ez dutenek?”.
Oraindik ez dakit zergatik jarri zion Terry Gilliam-ek Twelve Monkeys izenburua 1995. urtean Markerren La Jetée (1962) filman oinarrituta egin zuen moldaketari. Animalia disekatu asko agertzen dira La Jetée-n, baina tximinoen arrastorik ez. Ezkutaturik daude, Marker bezala? eta soilik Gilliamek somatu ditu?
Zuhaitzek, batzuetan, ez dizkizute tximinoak ikusten uzten.