Tximino mutantea

Neska honek ezin du ibili. Elbarri da. Tximino du izena, eta gizateriaren etorkizuna da. Ikusi bestela.

Andrei Tarkovski zine zuzendari errusiarraren Stalker pelikulan agertzen da Tximino. Nire filme faboritoetako bat da Stalker miresgarria, askorentzat “jasanezina” bada ere. Tarkovski nire zine zuzendaririk gogokoena izan da, 16 urtekin Sakrifizioa pelikulak txundituta utzi ninduenetik.

Duela gutxi arte ez diot erreparatu neska horri. Izan ere, orain arte filmea VHS-an izan dut, jatorrizko bertsioan (inork ez ditu halako filme xelebreak bikoizten, zorionez), eta azpitituluak espainolez zituen. Hor irakurri nuen neskak Mona zuela izena. Baina “mona” espainolez “tximino emea” izateaz gain, italianoz emakume izena ere bada. Horregatik, beti pentsatu izan dut neska horren jatorrizko izena Mona zela, errusieraz ere.

Baina hara non, DVD-a heldu da. Stalker bi DVD-tan daukat orain, eta aurreko batean pelikula berriz ikusten ari nintzela, bonbila piztu zitzaidan. Ingelesezko azpitituluak aukeratu nituen, eta, hara non, erderaz “Mona” zioen tokian ingelesez ez zioen “Mona”, baizik eta “Monkey”.

Tximino neskatoa stalker-aren -mugalariaren- alaba da. Mugalariaren lanbidea jendea Gunera ezkutuan eramatea da. Debekaturiko eremua da Gunea. Inork ez daki zergatik, espaziontzi baten leherketarengatik edo eztanda nuklear batengatik, agian, baina Gunea erradioazioz beteriko lurralde zabal bat da. Erradioazioa dela-eta, mugalarien seme-alabak “akats” genetikoekin jaiotzen dira, mutanteak dira.
stlkr102

Stalker pelikula Txernobilgo zentral nuklearraren eztandaren (1986) inguruko profezia dela diote batzuk. Hala bada, profeziak profeta hil zuela esan dezakegu. Estonian filmatu zuten, 1970ko hamarkadaren bukaeran, eremu industrial ultrakutsatu batean. Filmatu ondoren bronkioetako minbizi arraro bat aurkitu zioten filmazio taldeko kide bati. Gaitza berak hil zuen zuzendariordea. Tarkovski bera ere bronkioetako minbiziak hil zuen urte batzuren buruan.

Eboluzioaren hurrengo urratsa

Gizakia eboluzioaren ondorioa da, eta ez dago inongo arrazoirik pentsatzeko eboluzio prozesu hori gelditu denik. Gizakia ez da prozesuaren gailurra, batzuk hala uste arren, baizik eta tarteko produktu bat. Nor da, beraz Tximino?

Ikonografia kristauez beteta dago Tarkovskiren filmografia osoa. Stalkerren, esaterako, Andrei Rublev Errusiako XV. mendeko ikono margolariaren Hirutasuna erabili zuen eskena bat konposatzeko.

 trinity-rublev
stlkr18

Stalker, emaztea eta alaba ere hirutasunaren irudia dira.

Tarkovskiren filmean, irtenbiderik gabeko puntura heldu da gizateria, eta, horretan, itxaropen bakarra eboluzioaren hurrengo urratsa da: mutazioen bidez, garunaren ahalmen ezkutuak azaleratuko dituen supergizakia. Ez du nazien supergizakiarekin zerikusirik; neska ahul, elbarri bat baino ez da. Baina ahalmen berri misteriotsuak bere baitan dituena, bestelako etorkizun baten hazia.

Tximino jarri dio Tarkovskik neskatoari, eboluzioaz gogora gaitezen.

Hasieran jarri dudan sekuentziarekin bukatzen da pelikula. Nik mezua beste sekuentzia honekin bukatuko dut, Testamendu Berriko pasarte baten aipamena dela iruditzen zaidalako (agian flipatzen ari naiz, zuek erabaki).

Hor doaz Stalker, emaztea eta Tximino, paisaia apokaliptiko baten barrena. Jose mugalariak familia Egiptotik Palestinara pasa zuen bezala, Nazareteko etxerako bidean, Maria emaztea eta haurra gainean hartuta.

Haur hori Tximino da: gure KIXMI.