Georges Bataille pentsalariak Dossier de l’oeil Pineal (Begi pinealaren txostena) testu bilduma harrigarria eta sailkaezina idatzi zuen 1927. eta 1930. urteen artean. Horren lehen partean agertzen da Giboiaren sakrifizioa testua. Tximino baten inguruko erritual sadikoa deskribatzen du.
Testua (azkarregi) itzuli eta audio lantxo hau egin dut zuen gozamenerako. (Gezian klikatu abiatzeko).
Edo beste gailu honetan:
Bestela, hemen duzue irakurtzeko.
Giboiaren sakrifizioa
Oilarren kantu jasanezinaren esan nahia eguzkiarekin dago lotuta, gizakia harro eta garaile sentitzen delako zeruaren erdian ikusten dituenean bere kakak. Era berean, gauean, maitasun izugarria, bortitza, neska gazte baten espasmoa bezalakoa, abandonatu egiten da, unibertso erraldoi batean amiltzen da, izarrak txizatu izana barnean sentituta. Sabela naturarekin lotzen duen itun samur hau berritzeko, oihan ustel batek bere komun zulo ilunak eskaintzen ditu. Eguzkiaren argia desegiten da adarrik altuenetan. Emakume ingeles ilehori batek bere gorputz miresgarria ematen die hainbat gizonezko biluziren lizunkeriari eta irudimenari, eta estasian murgiltzen da, ustel usain bitxi batez. Haren ezpain hezeak musutan irekitzen dira, padura goxo bat bezala, zaratarik egin gabe isuriko litzatekeen erreka bat bezala, eta plazerez itotako begiak ahoa bezain galdurik ditu. Besarkatzen eta ukitzen duten giza-piztien gainetik altxatzen du buru zoragarria, bortizki itsututa, eta haren begi handiak irekitzen dira, eromenez beteriko eszenaren aurrean. Landareria oparoaren erdian, berriki eginiko lubaki borobil batetik gertu, giboi eme handi batek borroka egiten du, hiru gizonen eskuetatik askatzeko. Soka luzeekin lotzen dute. Aurpegi lerdoa du, are doilorragoa, eta haren izu-garrasi harrigarriei erantzun egiten diote tximinoen oihuek, adar altuetatik. Hegaztiak bezala lotu bezain laster, hau da, hankak gorputzaren kontra estututa, hiru gizonek jaitsi egiten dute eta buruz behera lotzen diote lubakiaren erdian lurrean sartuta dagoen hesola bati. Horrela, lurra jaten du garrasi izugarri bakoitzarekin, eta kontrara, ipurdiko koskor handiak, arrosa kolore bizikoa, zerura begiratzen du lore batek bezala. Soilik atal hori ateratzen da lubakiaren mailatik. Ipurdi horren lizunkeriak txunditu egiten du. Prestakizunak amaituta, han diren gizonezko eta emakume guztiak lubakiaren inguruan jartzen dira: une horretan denak daude biluzik, denak plazerraren goseak eroturik, arnasestuka eta paroxismoaren atarian… Ingelesa izan ezik, denak pala batez daude armaturik: lubakia betetzeko lurra banatuta dago euren inguruan. Giboi doilorrak, jarrera doilorrean, garrasi izugarriak botatzen jarraitzen du. Ingelesak keinu bat egiten duenean, denak hasten dira lurra palakadez botatzen lubakira eta, berehala, zapaltzen dute azkar eta zorabioa eragiten duen grinez. Horrela, di-da batean, bizirik lurperatzen dute pizti higuingarria. Isiltasuna nagusitzen da: begirada guztiak harrituta elkartzen dira lurretik ateratzen den eguzki uzki zikinean, odol kolore ederrekoan. Heriotzaren espasmoek astintzen dute era barregarrian. Orduan ingelesak ipurdi ederreko bere gorputz luzanga biluzia zabaltzen du, beteriko lubakiaren gainean: kaskezur faltsu burusoil horren haragi likitsua kakaz zikindurik dago, izar itxurako erdiko lorean. Are izugarriagoa ematen du hatz zuri ederrez ukituta. Inguruan, garrasia itotzen dute denek, izerdia lehortzen dute, ezpainak hozkatzen dituzte. Lerde arina erortzen da nahastuegi daudenen ahoetatik: asfixiak eta heriotzak gogortuta, haragi gorriko puspiloa gar nabar kirastuez betetzen da. ……………………………….. Jesubio nazkagarriaren gainean jarri du ingelesak musurik sutsuenak, gozoenak, ume okada txiki hori gertatu denean. Musuen soinu bitxia haragian zabaltzen zen, heste soinu okaztagarriren kirrikan. Egoera harrigarriak orgasmoak eragin zituen ikusle gaixoen artean; eztarri guztiak hasperen lakarretan itota zeuden, ezinezko oihuetan, eta begi guztiak zorabioaren malko distiratsuekin zeuden heze…………………………… Eguzkiak botaka egiten zuen garrasi barregarriez beteriko ahoen gainetik, zeru zentzugabe baten hutsunean, mozkor gaixo batek bezala… Eta, era horretan, su eta espantu izugarriak ituna sinatzen zuen. Ezteiak ospatzen zituen, kiratsa duen zuloaren eta eguzkiaren arteko kopulazio txikia. |
---|