Big Bang bideo psikodelikoa aurkeztu nuen aurreko mezuan eta LSDa aipatu nuen. Izan ere, haluzinogenoek giza eboluzioan izan duten eginkizuna gai interesgarria iruditzen zait, zientziak orain arte ikertu gabekoa. Era berean, haluzinogenoek jatorriko kristautasunean izaniko eraginaren inguruko hausnarketak tabu izaten jarraitzen du, baina gutxiago.
- Giza eboluzioaren inguruan pentsatzea, giza kontzientziaren inguruan pentsatzea da.
Honela dio Terence McKenna pop-filosofoak (1946-2000) Jainkoen bazka liburuan. Giza kontzientzia nola sortu zen hausnartzeko helburua jartzen dio bere buruari liburu horretan eta tximino kolokatuaren teoria (stoned ape theory) botatzera ausartzen da. Eragin handia izan du, bai zientzia fikzio literaturan, zein mugimendu neoxamanikoetan edo rave musikan.
Burmuinaren, edo, hobeto esanda, Neokortexaren eboluzio ikusgarriak harritzen du McKenna: Homo habilis-arekin burmuinaren handitze bat-bateko eta misteriotsua hasi zen… Lehenengo hominidoen burmuinek 530 gramo baldin bazuten milioi urteko tartean (huskeria, eboluzioaz ari garelarik) 1.100 gramotara heldu zen Homo erectus-aren garuna. Hiru milioi urteren buruan burmuinaren tamaina hirukoiztu egin zen. Garapen ikusgarria, alajaina; burmuinaren big-bang-a!
Hazkuntza honen emaitzarik bereziena lengoaia izan zen, McKennaren arabera, eta honekin batera kontzientzia. Orain artekoa, zientziaren ortodoxiaren barruan sartzen da. Aurrerakoa ez. Zerk eragin zuen bada burmuinaren eboluzio izugarria Terence McKennaren aburuz? Ezetz asmatu!
- …Hona nire teoria: Hainbat landareren alkaloideek, bereziki eragin haluzinagarria duten psilozibinak, harmalinak eta DMTak, giza kontzientziaren sortzea eragin zuten…Hominidoen dietan txertaturik zeuden hainbat gai psikoaktiboek zuzenean eragin zuten burmuinaren informazioa prozesatzeko ahalmenaren antolaketa azkarra.
Psilozibina hainbat perretxikotan agertzen zaigu, baita euskal Herrian aski arruntak diren sorgin zorrotzetan (psilocybe semilanceata, gazteleraz: mongis) Eboluziorako egiten duen mesedeak honakoak lirateke McKennaren aburuz:
- Ikusmena zorrozten du psilozibina dosi txikiak. Beraz, jana biltzeko eta ehizarako trebeago bihurtzen zaitu.
- Dosia pixka bat handituz gero afrodisiako lana egiten du. Beraz, ugalketa bultzatzen du.
- Dosi handitan estasi xamanikoa eragiten du eta honek norberekoikeriaren mugak hausten ditu, taldearteko loturak sendotuz eta sexu harremanak taldeka egitera bultzatuz. Beraz, komunitate zentzua bizkortzen du, ugalketa, berriro ere, bultzatzen du eta nahasketa genetikoa laguntzen du.
Guzti honek lengoaiaren sortzea eta garatzea eragin zuen. Gizakien arteko harremanak estutzerakoan komunikazio beharrak handitu ziren. Hiztegia aberastu zen eta honek oroimena indartu. Gizakiek taldeak eta leinuak osatu zituzten, kulturak sortu ziren…
Ebak Adani paradisuan eskainitakoa ez zen, nonbait, sagarra. Afrikako iparraldeko landaredian oparoak ziren alkaloide aluzinagarriek hominidoen neokortexaren leherketa eragin zuten, McKennak arrazoia balu.
Zoritxarrez, intuizio polita mozorro sasi-zientifikoarekin itsusitzen du McKennak bere lanean. Dena den psikonauta konbentzituentzat eta nerabe kuriosoentzat utziko dut teoriaren inguruko eztabaida, baina ez Kixmi blogean aurretik jorraturiko beste istorio batekin lotu gabe.
Kontuz gazteok! haluzinogenoek psikosiak eragin ditzakete, bereziki eskizofrenia; hona gai kimikoon etsaien ohiko argudioa. Halakorik oraindik frogatu ez bada ere, aluzinagarrien defendatzaileek ere onartzen dute gaiok psikosien katalizatzaile lana egin dezaketela, hau da, ezkutuan dagoen eskizofrenia atera dezaketela, dagoeneko horretarako joera dutenengan. Eskizofrenia eta haluzinagarriak lotuta badaude, ba al dago lengoaia eta eskizofrenia lotzerik?
Tximino eskizofrenikoa mezuan eman nuen Tim Crow genetistaren ikerketen berri. Lengoaia eta eskizofrenia, biak eraldaketa genetiko beratik datozkio gizakiari, haren arabera. Eraldaketa hori hominidoetan nola gertatu zen ikertzen ari da Crow, gaitza sendatzeko eta, bide batez, lengoiaren jatorria azaltzeko. Dena kolpe batez, ez da asmo makala.
Perretxiko eta onddo haluzinagarriak dira eraldaketa genetikoaren gakoa hor?
Tximinoa gurutzean
Aurrehistoriako oihanetatik, duela bi mila urteko Jordaniara. Ezaguna denez, Itsaso Hilaren inguruko kobazulo batean Nazareteko Jesusen garaiko hainbat idazki aurkitu zituzten hango artzai batzuk: Itsaso Hilaren Roiloak deiturikoak.
Idazki luzeok aztertzeko zientzialari talde bat antolatu zen. Zientzialari/hizkuntzalari haietako bat John Allegro zen (1923-1988). Ia bi hamarkada idazkiak aztertzen eman ondoren, 1968an hain zuzen, The end of the road izeneko liburuan, bere lanaren ondorioak aurkeztu zituen: Kristautasuna fede zaharrago baten (esenioen fedearen) imitazio engainagarria besterik ez da.
Baina benetako marka bi urte geroago egingo zuen, The sacred mushroom and the cross liburuarekin. Hartan zioenez, roiloek argi erakusten dute jatorrizko kristautasuna perretxiko haluzinagarrien inguruan antolatutako erlijio orgiastikoa zela. Halako kultuen ezaugarri tipikoak agertzeaz gain, hainbat xehetasun bitxi ematen dizkigu Allegrok: ostiari Jainkoaren gorputza esaten diote kristauek, Mexikoko indigenek perretxiko sakratuei Teonanacatl, jainkoen haragia, esaten dieten bezala. Jesukristo perretxiko haluzinagarri bat zela esan zuen Allegrok.
Are gehiago, gurutzearen jatorrizko sinboloa ez zen gaur egungo + , baizik eta Τ( tau ) hizki grekoa, eta bistakoa da azken honek perretxikoa irudikatzen duela, Allegroren aburuz. Bibliako paradisuko zientziaren zuhaitza perretxiko bat zela, alegia. Esenioek Asiako estepetako txamanismotik jasotako ideia, antza.
Jakina, kristorenak eta bi leporatu zioten Allegrori. Liburua suizidio akademikoa izan zen, baina pop kulturaren panteoian leku bat eman zion ikertzaileari.
Eta halere, Allegro ez zen lehena izan gurutzea Tau hizkiarekin lotzen.
- Gurutzeak oso zaharrak dira eta Egiptotik datoz, antza. Tau zeinu sakratuari, gurutze formako gurtutako zutabeari, Thot esaten zioten egiptoarrek.
Hala idatzi zuen Jacques-Antoine Dulaurek 1805. urtean argitaraturiko Des divinités génératrices, ou du culte du phallus chez les anciens et les modernes liburuan. Hor dago Egiptoko Thot jainko-tximino haren aipamena, gurutzearen sorburu gisa.
Polemika nahietatik urrun eginiko azken liburu honek, pop kulturarekin zerikusirik ez duenak, mezu honetan jorraturiko ideia guztiak sintetizatzen laguntzen du: xamanen kuleto faltsua perretxiko haluzinagarriak, logos-a (eta eromena) eman zizkion tximinoari, eta kristautasunak istorio biologiko hau jaso du Thoten gurutzean kodetuta. Kode horrek gako bat du: Kixmi.
Baina hau ere, pop-filosofia da, haluzinagarrien eraginpekoa.