Tximinoaren bizkarra

ce1b3b02-44d2-4411-8fb0-62114583eb90

Meza ematen duen tximino baten inguruan eraiki zuen Le due Zitelle (Bi neskazahar) nobela laburra Tommaso Landolfi  idazle italiarrak, 1946. urtean. Mezu honetan entzun ahal duzue Landolfik nola kontatzen duen tximuaren zeremonia eta irakurri, blog honi dagokionez, idazleak esan nahi izan zuenaren interpretazio kixmitarra.

Podcast-a entzuteko klikatu gailuan:

Fededunei bizkarra erakusten eman zuen meza Joseph Ratzinger -katolikoen Benedikto XVI. Aita Santua- joan zen igandean Vatikanoko Sixtoren Kaperan. Eliza katolikoa modernotzeko Vatikanoko II. Kontzilioak erabaki zuen apaizak aurrerantzean meza fededunei begira emango zuela eta latinen ordez, eliztarrek ulertzeko moduko tokian-tokiko hizkuntza erabiliko zela.
Jakina da Ratzinger oso kontserbadorea dela. Izan ere, igandeko keinuarekin oniritzia erakutsi nahi izan die Elizaren alderdi ultraeskuindarrenei. Hauek erreformak baztertu eta eutsi izan diote kontzilio aurreko liturgiari, hau da, Errito Tridentinoa deritzonari. Hamarkada askotan Erromak tridentinoak gaizki ikusita izan ondoren, uztailean baimendu zuen berriz haien erritoa Ratzingerrek.

foto_1114262870117

Benedikto XVI.arena irakurri eta berehala etorri zait burura Tommaso Landolfiren tximinoa. Izan ere, haren nobelaren klimax nagusietako batean, tximinoaren zeremonian, animaliak Ratzingerrek igandean eginiko keinu bera egiten duela espreski idazten du Landolfik: meza bizkarrez eman.

Italo Calvino eta Cesare Paveserekin batera, Italiako XX. mendeko literaturako idazle klasikoen artean jartzen dute Landolfi.

Aristokraten semea, garaiko literaturaren modetatik at gorde zuen bere burua eta dandy dekadentearen bizimodua egitea erabaki zuen. Horren ondorioz, eszentrikotzat eta marginaltzat izan zuten, eta dute, idazlea zein haren lana.

Horren adibide argia da Bi neskazahar eleberria. Tombo izeneko tximinoaren istorioa kontatzen du. Bi neskazahar elizkoiekin eta haien neskamearekin bizi da, herri baztertu eta aspergarri batean. Tximinoak kateetaz libratzen eta kaiolatik ihes egiten ikasi du eta, ia gauero, etxetik ateratzen da eta inguruko komentuko elizara joaten da. Mojek salatzen dutenez, ostiak jan eta mezetako ardoa edaten du han. Neskazaharretako bat zelatan jartzen da gau batean, salaketak egiazkoak ote diren ikusteko. Errealitatea are gordinagoa dela ikusten du.

Eleberriaren amaieran, tximinoa “exekutatu” egiten dute neskazaharrek, sakrilegioaren lotsa jasan ezinik. “Dena den, garaipena ezin zitekeen ironikoagoa izan: gurutziltzaketak martiri bihurtzen du Tombo biraogilea”, idatzi du Estibalitz Ezkerrak Gara egunkariko Mugalari gehigarrian (Azaroaren 3a, 6. orrialdea. Ez dut testua Interneten aurkitu, beraz, ezin estekarik egin, zoritxarrez).

Hermetismoa

Kafkaren gizatasun-animaliatasun arazoaren eragina igartzen zaio lanari. Baina litekeena da Landolfi haratago joan izana.

Hermetici (Hermetikoak) deituriko idazle talde bateko partaide izan zen Landolfi. Frantziako dekadentismoa (Mallarmé, Rimbaud, Valéry…) zuten eredu talde horretan 1920. eta 1940. urte artean bilduriko poeta eta nobelagileek. Hermetikoak esaten zieten, irain gisa, baztertu zutelako hitzaren komunikazio ahalmena eta honen indar ebokatiboari eman ziotelako lehentasuna (haien lanak ez direla “erraz ulertzen”, alegia).

Ez da harritzekoa jarrera hori hartu izana, Mussolinismoaren urte gorenetan, faxismoaren “kultur giroa” pairatu behar izan baitzuten idazleok. Landolfik jarrera antifaxista argia hartu zuen eta hilabete batez preso izan zuten Florentzian.

landolfi

Baina gogoratu behar dugu hemen hermetiko hitza nondik datorren. Lehen ere jorratu dut gaia hemen. Greziako Hermes jainkotik eratorritakoa da. Hitzaren eta idazkeraren jainkoa da Hermes, interpretea eta mugalaria, baina baita gezurtia, tranpatia eta lapurra ere. Mundu helenistikoan Egiptoko Thot jainkoarekin bat egin zuten Hermes. Thot, zeinuen jainkoa, tximino batez irudikatzen zuten egiptoarrek.

Landolfiren tximinoa argitzeko beste erreferentea Jainkoaren tximinoaren ideia da, blog honetan askotan azaldu dena.

Baina zergatik ematen dizu tximinoak bizkarra aldarean?

Zure begirada eskuan dituen sinboloetara zuzendu nahi du, egia ostian eta odola-ardoa duen kalizan dagoela esateko. Bere aurpegia ezkutatzen dizu, bera artekari bat baino ez dela adierazteko. Baina, bide berean, tximino bihurriak tranpa egiten dizu: berak eskainitako zeinuak ere aurpegia eta bizkarra duela ahaztarazi nahi dizu, gogoan izan ez dezazun Landolfiren tximinoak irakatsitakoa: zeinuak alde batekin egia esaten dizula eta, bestearekin, gezurra.