Tximinoaren bizkarra

ce1b3b02-44d2-4411-8fb0-62114583eb90

Meza ematen duen tximino baten inguruan eraiki zuen Le due Zitelle (Bi neskazahar) nobela laburra Tommaso Landolfi  idazle italiarrak, 1946. urtean. Mezu honetan entzun ahal duzue Landolfik nola kontatzen duen tximuaren zeremonia eta irakurri, blog honi dagokionez, idazleak esan nahi izan zuenaren interpretazio kixmitarra.

Podcast-a entzuteko klikatu gailuan:

Fededunei bizkarra erakusten eman zuen meza Joseph Ratzinger -katolikoen Benedikto XVI. Aita Santua- joan zen igandean Vatikanoko Sixtoren Kaperan. Eliza katolikoa modernotzeko Vatikanoko II. Kontzilioak erabaki zuen apaizak aurrerantzean meza fededunei begira emango zuela eta latinen ordez, eliztarrek ulertzeko moduko tokian-tokiko hizkuntza erabiliko zela.
Jakina da Ratzinger oso kontserbadorea dela. Izan ere, igandeko keinuarekin oniritzia erakutsi nahi izan die Elizaren alderdi ultraeskuindarrenei. Hauek erreformak baztertu eta eutsi izan diote kontzilio aurreko liturgiari, hau da, Errito Tridentinoa deritzonari. Hamarkada askotan Erromak tridentinoak gaizki ikusita izan ondoren, uztailean baimendu zuen berriz haien erritoa Ratzingerrek.

foto_1114262870117

Benedikto XVI.arena irakurri eta berehala etorri zait burura Tommaso Landolfiren tximinoa. Izan ere, haren nobelaren klimax nagusietako batean, tximinoaren zeremonian, animaliak Ratzingerrek igandean eginiko keinu bera egiten duela espreski idazten du Landolfik: meza bizkarrez eman.

Italo Calvino eta Cesare Paveserekin batera, Italiako XX. mendeko literaturako idazle klasikoen artean jartzen dute Landolfi.

Aristokraten semea, garaiko literaturaren modetatik at gorde zuen bere burua eta dandy dekadentearen bizimodua egitea erabaki zuen. Horren ondorioz, eszentrikotzat eta marginaltzat izan zuten, eta dute, idazlea zein haren lana.

Horren adibide argia da Bi neskazahar eleberria. Tombo izeneko tximinoaren istorioa kontatzen du. Bi neskazahar elizkoiekin eta haien neskamearekin bizi da, herri baztertu eta aspergarri batean. Tximinoak kateetaz libratzen eta kaiolatik ihes egiten ikasi du eta, ia gauero, etxetik ateratzen da eta inguruko komentuko elizara joaten da. Mojek salatzen dutenez, ostiak jan eta mezetako ardoa edaten du han. Neskazaharretako bat zelatan jartzen da gau batean, salaketak egiazkoak ote diren ikusteko. Errealitatea are gordinagoa dela ikusten du.

Eleberriaren amaieran, tximinoa “exekutatu” egiten dute neskazaharrek, sakrilegioaren lotsa jasan ezinik. “Dena den, garaipena ezin zitekeen ironikoagoa izan: gurutziltzaketak martiri bihurtzen du Tombo biraogilea”, idatzi du Estibalitz Ezkerrak Gara egunkariko Mugalari gehigarrian (Azaroaren 3a, 6. orrialdea. Ez dut testua Interneten aurkitu, beraz, ezin estekarik egin, zoritxarrez).

Hermetismoa

Kafkaren gizatasun-animaliatasun arazoaren eragina igartzen zaio lanari. Baina litekeena da Landolfi haratago joan izana.

Hermetici (Hermetikoak) deituriko idazle talde bateko partaide izan zen Landolfi. Frantziako dekadentismoa (Mallarmé, Rimbaud, Valéry…) zuten eredu talde horretan 1920. eta 1940. urte artean bilduriko poeta eta nobelagileek. Hermetikoak esaten zieten, irain gisa, baztertu zutelako hitzaren komunikazio ahalmena eta honen indar ebokatiboari eman ziotelako lehentasuna (haien lanak ez direla “erraz ulertzen”, alegia).

Ez da harritzekoa jarrera hori hartu izana, Mussolinismoaren urte gorenetan, faxismoaren “kultur giroa” pairatu behar izan baitzuten idazleok. Landolfik jarrera antifaxista argia hartu zuen eta hilabete batez preso izan zuten Florentzian.

landolfi

Baina gogoratu behar dugu hemen hermetiko hitza nondik datorren. Lehen ere jorratu dut gaia hemen. Greziako Hermes jainkotik eratorritakoa da. Hitzaren eta idazkeraren jainkoa da Hermes, interpretea eta mugalaria, baina baita gezurtia, tranpatia eta lapurra ere. Mundu helenistikoan Egiptoko Thot jainkoarekin bat egin zuten Hermes. Thot, zeinuen jainkoa, tximino batez irudikatzen zuten egiptoarrek.

Landolfiren tximinoa argitzeko beste erreferentea Jainkoaren tximinoaren ideia da, blog honetan askotan azaldu dena.

Baina zergatik ematen dizu tximinoak bizkarra aldarean?

Zure begirada eskuan dituen sinboloetara zuzendu nahi du, egia ostian eta odola-ardoa duen kalizan dagoela esateko. Bere aurpegia ezkutatzen dizu, bera artekari bat baino ez dela adierazteko. Baina, bide berean, tximino bihurriak tranpa egiten dizu: berak eskainitako zeinuak ere aurpegia eta bizkarra duela ahaztarazi nahi dizu, gogoan izan ez dezazun Landolfiren tximinoak irakatsitakoa: zeinuak alde batekin egia esaten dizula eta, bestearekin, gezurra.

Choco Kixmies

chocokixmies

Mezu honetan ematen dut Cosimo Cavallaro eskulturgilearekin elkartasunez aste hauetan nire buruari ezarri diodan penitentziaren berri. Cavallaroren erakusketa bat ixtera behartu dute fundamentalistek New Yorken, artistak txokolatezko Jesu kristo bat jarri zuelako erakusgai. Zentsuraren aurka eta Cavallaroren alde, Choco Kixmies zereal kutxa oso bat amaitu arte ez dut besterik gosalduko. Hona bideoa.


Gosaltzeko zerealak dira Choco Kixmies deiturikoak, Kellogg’s etxeak eginikoak. Rice Kixmies delakoen bertsioa dira, kakao gustukoa. Gai berezi bat dute, eta esnetan botata, txokolate kolore eta gustua ematen diote. Ameriketako Estatu Batuetan merkaturatu zituzten Choco Kixmies zerealak lehen aldiz 1958. urtean.

Hainbat maskota erabili ditu Kellogg’sek Choco Kixmies zerealentzako. Lehengoa Jose tximinoa izan zen. Luze gabe Coco elefantearekin ordezkatu zuten 1959. urtean. Ogg kobazuloetako gizona izan zen Choco Kixmies-en ikurra 1968tik. Tusk (betortza) elefantea 1971. urtetik 1981era. Ondoren, Snap, Crackle eta Pop. Baina 1990. urtean itxi egin zuten zirkulua: berriz tximino bat izango zen maskota: Coco tximua.

Tximino marroia da Coco, kapera urdina darama eta kamiseta zuria, tximuaren izena agerian duela.

1990ko hamarkadaren amaieran, benetako tximino batekin ordezkatu zuten marrazkia. Ez zioten izena aldatu, dena den. 2001. urtean berriz aldatu zuten maskota. Ameriketako Estatu Batuetan, Snap, Crackle eta Pop dira egun arte Choco Kixmies-en maskotak.

Baina Choco Kixmies zerealak ez dituzte izen horrekin ezagutzen leku guztietan. Coco Pops izena dute Erresuma Batuan, Mexikon, Zeelanda Berrian, Irlandan, Finlandian, Italian, Grezian, Israelen, Frantzian, Belgikan, Herbeheretan, Hego Afrikan, Hong Kongen eta Australian. Herrialde horietan Choco Krispies izen itxusiarekin izendatu zituzten 1998. urtean. Izan ere, Alemanian eta Espainian izen horrekin ezagutzen zituzten. Edonola ere, salmentek behera egin zuten, eta telefonoen bidezko galdeketak egin ostean, atzera bota zuten izena 1999. urtean.

Choco Kixmies-ak ekoizten dituen Kellogg’s konpainia auzitara eraman dute AEBetan. Zerealak azukrez betetzeak “haurren gizentasun izurrian” laguntzen duela egotzi diote multinazionalari.


Espero dut zuek kontuan hartzea Choco Kixmies zerealak aurkezteko egin dudan ahalegina. Bada astebete ez dudala besterik gosaltzen, eta Choco Kixmies-ak ditut beste hiru asterako, gutxienez.

kixmiesgosaltzen

Fruitu debekatua

christfrontpage

“Ez duzue zuhaitz honetako fruiturik jango”. Debeku zaharra, baina oraingoan debekaturikoa ez da sagarra, txokolatea baizik.

Fundamentalista kristauek arrakasta itzela lortu dute gaur, New Yorken, Ameriketako Estatu Batuetan, adierazpen askatasunaren ustezko santutegian.

Cosimo Cavallaro eskulturgile italiar-kanadiarrak Manhattanen paratutako erakusketa ixtera behartu dute fundamentalistek, txokolatezko Jesu kristo bat dela eta. Cavallarok janarekin egiten du lan, eta ia 200 kilo txokolate erabili ditu Jesu kristo irudikatzen duen eskultura handia egiteko. My Sweet Lord (Ene jaun gozoa) jarri dio izenburu.

“Sentiberatasun kristauari inoiz eginiko erasorik okerrenetako bat da hau”, esan du Bill Donohue Catholic League taldeko buruak. Eskulturan Jesu kristoren sexu organoak agerian daudela gaitzetsi dute kristauek. Baina, batez ere, irudia txokolatezkoa izatea jarri ditu sutan.

Erakusketa aretoan ehunka mehatxu jaso dituzte egunotan, eta, azkenean, amore eman dute gaur.

Bitxia da afera, zalantzarik gabe. Kristauen gozogintzan santuen hezurtxoak jan egiten dira, baita mojen titiak ere. Kristoren haragia jatea eta haren odola edatea sakramentua da.

Baina txokolatea debekaturik dago.

Burmuina ere bitxia da. Honetaz pentsatzen ari naizela, etengabe datozkit burura gosaltzeko zereal marka berriak:

ChocoChristies?

TxokoKixmies?

Photoshopeko artistaren batek diseinatuko al du kutxa bat zereal horientzako?

Ni horretan ari naiz dagoeneko.

Zein da Piztiaren Zenbakia?

 mono_burial_01

666?

Ez, 1.

Piztiaren zenbakia bat da. Hona monochrom (sic, txikiz) taldeak Politeismoaren Nazioarteko Urterako proposaturiko leloa.

Monochromek nazioarteko arte-teknologia-filosofia taldetzat definitzen du bere burua, eta Vienan (Austria) du egoitza. Hainbat adierazpide erabiltzen ditu: bideojokoak, elektronika oro har, performanceak, aldizkariak…

Ekintza ugari egin dituzte 1993. urtetik. Politena, nire ustez, Coca-Cola adreilua izenekoa (2005). Hainbat litro Coca-Cola egosi zituzten lapiko batean. Ura lurrindu eta ore itsaskorra lortu zutenean, molde batean sartu zuten. Coca-Colaz eginiko adreilu bat lortu zuten horrela. “Performancearen gaia azukrearen industriaren eta beste multinazionalen enpresa-estrategia da, hala nola, Coca-Cola bera, konpainien boterearen sinbolo gisa”.

Jendea bizirik lurperatzen

Kixmi blogerako gehien interesatzen zaidana, ordea,  aurten egiten ari diren Politeismoaren Nazioarteko Urtea da. Ekimenak “monoteismoaren mundu ikuspegiaren aroa gainditu nahi du, eta hortik eratorritako “Mendebaldea” eta “Mundu Arabiarra”. Aniztasun politeista berriz eraikiz gainditu nahi du hori. Aniztasun horretan jainko eta jainkosa ugarik elkar neutralizatzen dute azkenean. Politeismoa demokrazia da, Monoteismoa diktadura”.

burial_sm05

Politeismoaren Nazioarteko Urtea ospatzeko bigarren ekitaldia aurkeztu
zuten otsailaren 7an: Hil Aurreko Lurperatzea, Heriotzatik Gertuko Ekintzetarako Esperimentu gisa.

Boluntarioei aukera eman diete hilkutxa batean sartzeko eta 15 minutuz lurperatuta egoteko.
“Egoera sasi-traumatikoa paira dezakete, eta, beharbada, harremanetan jarri hainbat jainko edo/eta hil ondorengo bizitzekin”.

Ironia darie, bistan da, monochrom taldearen ekintzei. Edonola ere, mezua indartsua da. Batez ere, berriz jaiotako monoteistek zibilizazioen arteko gerra batean sartu nahi gaituzten honetan.

Monoteismoa = monotonoteismoa = tximinoteismoa.

Monochrom / polychrom.

 
burial_sm00

Zer diote blog honi buruz?

  • Honezkero 3 urte dira eli laztangurenek “kixmi” abiarazi zuela: barandiaranek idatzi zuen euskal jentilek jesukristo “kixmi”rekin identifikatu zutela, ziminoarekin, eta, hari horri tiraka, dispertsatu barik, egundoko abentura den bloga ontzen ari da, aldi berean ikerketa serio eta aurkikuntza eta gozamen estetiko; zenbat doktore tesik ez ote duten aurrera egiten askoz ere gutxiagorekin, esaterako nireak…  

    Markos Zapiain – Filosofoa


  • Tximinoen eta gizakien arteko gorabeherak ekartzen ditu. Nahiko mono-grafikoa da, baina monada bat, zinez. Argazki, marrazki eta bideoak sartzen ditu Elik, gaiarekin lotuak. Eta proposamen filosofiko bitxiak ekartzen ditu. Blog kurratua da eta zur eta lur utzi nau behin baino gehiagotan.

    Urtzi Urkizu – Kazetaria

  • Errespetu osoz esango dut, baina egia esan, Kixmi bloga… Ez dakit
    nola definitu… Ez dakit nola esan… Beno ba ez duela ez hankarik eta
    ez bururik.

    Joni – Internauta


  • Eldarnioa ulergarria da, gezurra salagarria.

    Garikoitz – Internauta

  • Ixildu zaitez mesedez!! Baina zein mundutan bizi zara zu, Kixmi?

    Mikel – Internauta