Pelikula bitxia egin zuen 1978. urtean Marco Ferreri zinemagile italiarrak (Milan 1928, Paris 1997).
Nonbaiten irakurri dudanez, Ciao Maschio filma interesgarria eta txatxua da aldi berean, fantasia hipererrealista, eta argumenturik gabeko zozokeria.
Adios al Macho, Bye By Monkey, Reve de Singe izenburua jarri zioten pelikulari Europa eta Ameriketako zinemetan, eta, bai, ados nago, aski txatxua da. Baina ikusle batzuei interesgarria iruditu bazaie, are interesgarriagoa da KIXMIren inguruko ikerketa honentzat.
Irudi harrigarriz beteriko filma da. Horietako batzuk
profetikotzat ere har daitezke, kontatuko dizuedanez (amaiera ere izorratuko dizuet, irakurtzen jarraitzen baduzue. Argi gera dadin).
Hona pelikulak kontatzen duen istorioa:
Lafayette (Gerard Depardieu) gazte kaskarina elektrizista da New Yorken. Hiria arratoiez beteta dago. Erromako Inperioaren Museoarentzat eta emakumez osaturiko antzerki talde feminista batentzat egiten du lan. Eguberri egunean, sexu indarkeriaren inguruko antzezlana egitea erabakitzen dute emakumeek. Bortxatzaileek sentitzen dutena zuzenean jakitearren, Lafayette bortxatzen dute.
Hurrengo sekuentzian Manhattango hondartza batean dabiltza Lafayette eta bere lagunak (Marcello Mastroiannik antzezturiko agure anarkista tartean). King Kongen gorpua aurkitzen dute, hondarraren gainean. Hilotz erraldoian tximino-kume bat topatzen du Mastroiannik, baina bera kumea zaintzeko zaharregia dela dio, eta Lafayetteri ematen dio tximua. Sehaska kanta abesten diote animaliari:
- Haurra lo dago zuhaitzaren gainean / Haizeak jotzen duenean / jo eta erori egingo dira / haurra, sehaska eta guztiak.
Dorre Bikiak atzean dituztela ikusita, barre urduria eragin zidan erorketaren inguruko sehaska kantak. Ikusi bestela sekuentzia.
Are harrigarriagoa egin zitzaidan hurrengo sekuentzia. Erromako Inperioaren argizarizko museora eramaten du Lafayettek tximinoa, eta Jesukristoren Azken Afaria-ren errepresentazio baten aurrean pasatzen dira. Gogoratzen Veroneseren margoa? Eta Marilyn Mansonen bideo-klipa?
Lafayette eta bere bortxatzaileetako bat elkarrekin bizi dira soto batean. Familia osatzea erabakitzen dute, eta tximinoa legez adoptatzeko agiriak egiten dituzte. Zoriontsu biziko direla dirudi, baina komedia honek amaiera tragikoa du, buffo-a egia esan. Mendebaldeko zibilizazio patriarkalaren amaieraren metafora izan nahi du, antza.
Neskalagunak haurdun dagoela (bortxaketatik) esaten dio Lafayetteri. Elektrizista izutu egiten da gizaki baten aita izango dela entzutean eta bikotea hautsi egiten da.
Gero, etxera itzultzean, arratoiek tximinokumea jan dutela aurkitzen du Lafayette. Penak itsututa, Erromako Inperioaren Museora joaten da elektrizista. Hona han gertatzen dena. Adi Lafayette eta museoaren zuzendariaren arteko elkarrizketari.
Hasieratik ikusten da Ciao Maschio sexu rolen inguruko ariketa dela, gizonen menpeko gizartearen amaieraren inguruko hausnarketa.
Marco Ferrerik tximinoak protagonista jarri zituelako eta Jesukristoren Azken Afaria agertu zuelako KIXMIrekin lotzen badut, ordea, batek baino gehiagok pentsatuko du manibelari emateko gogoa dudala (Hartsuagak esan bezala).
Horregatik, nire ikuspegia azaldu beharrean, nahiago dut Piero Scaruffi idazle eta zinema kritikariak gaiaz esandakoak aipatzea (negritak neronek jarri ditut).
- King Kong munstroaren gorpuzkinen, hau da, plastikozko zibilizazioaren hondakinen pasartea eta bortxaketa batetik sorturiko neskatoarena, mundu hobearen itxaropena, alegia, Jesukristo modernoaren bi irudiren heriotzaren bitartez heltzen dira: zintzoegia, chaplinianoa ia, den gaztearen heriotza, eta txinpantzearena, Jesus haurraren karikatura. Lehenak bere zibilizazioaren sute sinbolikoan uzten du bere burua hiltzen, bigarrena arratoiek jaten dute. Azken hauek itxuragabeko zibilizazioaren sinbolo dira, hau da Erromako zibilizazioarena eta zibilizazio amerikarrarena, hau da, New Yorkeko argizarizko museoa. Bi zibilizazioak hilzorian daude, bata zaharren zaharrez, eta bestea bere gizagabetasun izugarriaren bidez.
Esan bezala, zibilizazio patriarkalaren gainbeheraren inguruko hausnarketa da Ciao Maschio. Filmeko gizonezko guztiak (tximukumea eta King Kong barne) hil egiten dira, gizontasunaren sinboloak (New Yorkeko etxeorratzen paisaia falikoa eta Erromako Inperioaren Museoa) bezala.
Emakumea, eta bortxaketatik jaiotako neskatoa, berriz, etorkizuna dira.
Giza tragikomediaren hasieraren eta amaieraren eskenatokia da hondartza, badakizue, galtzadarrien azpian omen dagoen hori. Eta hondartzan amaitzen da Marco Ferreriren filma ere, Tximinoen Planeta bezala.