Duela lau mezu Joan Vollmerri buruz idatzi nuen. Vollmer emaztea hil zuen William Burroughs idazleak tiroz, Mexikon, 1951. urtean, jolas batean. Elkarrizketa egin diot Folka, countrya, jazza eta bluesa nahasten dituen
Jolie Holland musikari estatubatuarrari (Houston, 1975). Tom Waits du
zaleen artean, eta haren zigiluan grabatzen ditu diskoak. Azkena The living and the Dead
da eta erreferentzia zuzenak egiten dizkio Burroughs eta Joan Vollmerri. Azken honekiko lotura berezia somatzen zaio Hollandi.
Irailaren 11n jaio zinen. Zer edo zer esan nahi du horrek zuretzat?
Esan nahi du 26 urte bete nituenean urteurren ikaragarria izan
nuela. Orain, gainera, New Yorken bizi naiz, eta oso berezia izaten da
urtebetetzea. Jende askoren bizitza aldatu zen, mundu osoan.
Beti izan duzu lotura handia AEBetako beat
belaunaldiarekin. Zerk lotzen zaitu, Allen Ginsbergekin, Jack
Kerouacekin eta, batez ere, William Burroughsekin?
Amets bitxia izan nuen behin: Joan Burroughs nintzela. Hamar
urte geroago, Tom Waitsek eskatu zidan Joan antzezteko Burroughsekin
egin zuen musikalean. Abesti bat idatzi nuen haren inguruan.
Harekin identifikatzen zara?
Ez dakit. Haiek ameriketako kulturaren adierazpena dira, eta
halako pertsonaiak oraindik badabiltza inguruan. Kultura hori bizirik
dago, eta jende hori nire lagunak dira. Nire lagunetako askok ez dakite
ezer beat haien inguruan, baina kultura hura bizi dute. Beat haiek izarrak ziren, azken finean, baina jende asko dago gaur kultura eta artea sortzen, inoiz izarrak izango ez direnak.
Joan Vollmer biktima izan zen?
Biktima izan zen, hitzez hitz, baina denok gara zer edo zeren
biktima, eta ez dut uste hura berez biktima rolean jarri zenik. Oso
pertsonaia interesgarria zen. Hark aurkeztu zituen Burroughs eta
Ginsberg. Pentsalari garrantzitsua zen bere komunitatean.
Joan Vollmer, 1944. urte aldera, Allen Ginsbergen argazkia.
Zure musika denboraz haragoko kutsua dutela esan dute askok. Nondik ateratzen da kutsu hori?
Konplimendutzat hartzen dut hori, musika on guztiak duelako
denboraz haragoko kutsu hori. Gitarra jotzaile bat ikusi nuen atzo
gauean [herenegun], eta ikaragarria zen. Jotzeko eran, eternitate
kutsua zerion.
Esan zenion?
Negarra ateratzen zidala esan nion [barre]. New Yorkera etortzeko esan nion eta han kontzertu on batzuk lortuko genizkiokeela.
Kantak zeuri gertaturiko gauzetatik ateratzen dituzu beti. Agian horretan datza sekretua?
Inspiratzen nauen idazkera haiku klasikoarekin lotuta dagoela
esan dezaket. Halako idazkera kultura guztietan dago, baina arreta
guztia egia zuzen bat esatera bideratzen du zen haiku zaharrak. Escondida diskoko bertso bat dago, halako modu garbian idatzi nuena:
The smell of burnt exhaust
Drifts into the bar
It’s midnight in California
It’s high noon where you are
[Ihes hodi erreen usaina / tabernan sartzen da / gauerdia da
Kalifornian / Eguerdia zu zaren lekuan].
Une bateko esperientzia baten
deskripzioa da, eta konturatu naiz kazetariek diskoko beste edozein
bertso baino gehiagotan aipatu dutela. Horrek frogatzen du, halako
bideek benetako eragina dutela jendearengan.
Azkenean ez zenuen Joan Vollmerrena egin Tom Waitsek eta Burroghsen musikalean. Zer gertatu zen?
Bira bat hitzartuta nuen ordurako eta ezin izan nuen egin.
Azkenean Mary Margaret O’Harak egin zuen niri eskainitako rola, eta
zoragarria izan zen.
Damu duzu Vollmer antzeztu ez izana?
Ez. Espero dut aukera berriz izatea.