Jentilen Akabera

Abesti bat sortu dut Jentilen akabera eta Kixmiren etorrera hitzez eta musikaz kontatzeko. Apokaliptiko-kitsch generoan sartuko nuke emaitza. Hemen duzue:

 

Zergatik ez diezu musika musikariei uzten? esango du baten batek.

Ba, ez didatelako ematen nik entzun nahi dudana.

Bi mila urte pasatxo daramatzat zain, musikari profesionalen batek noiz egingo duen jentilen akaberaren eta Kixmiren etorreraren inguruko abesti bat. Alferrik. Probabilitatearen legearen arabera, azkenean egingo zidaten ditxosozko abestia, beste bi mila urte-edo itxoinez gero. Baina horrenbeste biziko naizela ziurra ez denez, neronek sortzea erabaki dut.

                                    Jentilen akabera
                                         by zimino

Kredituak: Izarne Cardabak jarri du ahotsa.
Eli Laztangurenek teklatuak eta alboka. Erritmoak prefabrikaturiko loopak dira eta
sample batzuk zor dizkiet J. S. Bachi zein tximino oihulariei Siamango giboiei. Hitzak: Jose Miguel de Barandiaran, Diccionario ilustrado de mitologia vasca y algunas de sus fuentes. La Gran Enciclopedia Vasca, Bilbo 1972, 132-133 orrialdeak.

Norbaitek remix bat egin nahi badu, eska ditzala pistak eta eskura jarriko ditut. Abestia bere horretan jaisteko, CD kalitatean edo MP3an: Jentilen akabera.

Kixmino lisergikoa

Picture 6

Big Bang bideo psikodelikoa aurkeztu nuen aurreko mezuan eta LSDa aipatu nuen. Izan ere, haluzinogenoek giza eboluzioan izan duten eginkizuna gai interesgarria iruditzen zait, zientziak orain arte ikertu gabekoa. Era berean, haluzinogenoek jatorriko kristautasunean izaniko eraginaren inguruko hausnarketak
tabu izaten jarraitzen du, baina gutxiago.

  • Giza eboluzioaren inguruan pentsatzea, giza kontzientziaren inguruan pentsatzea da.

Honela dio Terence McKenna pop-filosofoak (1946-2000) Jainkoen bazka liburuan. Giza kontzientzia nola sortu zen hausnartzeko helburua jartzen dio bere buruari liburu horretan eta tximino kolokatuaren teoria (stoned ape theory) botatzera ausartzen da. Eragin handia izan du, bai zientzia fikzio literaturan, zein mugimendu neoxamanikoetan edo rave musikan.

Burmuinaren, edo, hobeto esanda, Neokortexaren eboluzio ikusgarriak harritzen du McKenna: Homo habilis-arekin burmuinaren handitze bat-bateko eta misteriotsua hasi zen… Lehenengo hominidoen burmuinek 530 gramo baldin bazuten milioi urteko tartean (huskeria, eboluzioaz ari garelarik) 1.100 gramotara heldu zen Homo erectus-aren garuna. Hiru milioi urteren buruan burmuinaren tamaina hirukoiztu egin zen. Garapen ikusgarria, alajaina; burmuinaren big-bang-a!

Picture 1

Hazkuntza honen emaitzarik bereziena lengoaia izan zen, McKennaren arabera, eta honekin batera kontzientzia. Orain artekoa, zientziaren ortodoxiaren barruan sartzen da. Aurrerakoa ez. Zerk eragin zuen bada burmuinaren eboluzio izugarria Terence McKennaren aburuz? Ezetz asmatu!

  • …Hona nire teoria: Hainbat landareren alkaloideek, bereziki eragin haluzinagarria duten psilozibinak, harmalinak eta DMTak, giza kontzientziaren sortzea eragin zuten…Hominidoen dietan txertaturik zeuden hainbat gai psikoaktiboek zuzenean eragin zuten burmuinaren informazioa prozesatzeko ahalmenaren antolaketa azkarra.

Psilozibina hainbat perretxikotan agertzen zaigu, baita euskal Herrian aski arruntak diren sorgin zorrotzetan (psilocybe semilanceata, gazteleraz: mongis) Eboluziorako egiten duen mesedeak honakoak lirateke McKennaren aburuz:

  1. Ikusmena zorrozten du psilozibina dosi txikiak. Beraz, jana biltzeko eta ehizarako trebeago bihurtzen zaitu.
  2. Dosia pixka bat handituz gero afrodisiako lana egiten du. Beraz, ugalketa bultzatzen du.
  3. Dosi handitan estasi xamanikoa eragiten du eta honek norberekoikeriaren mugak hausten ditu, taldearteko loturak sendotuz eta sexu harremanak taldeka egitera bultzatuz. Beraz, komunitate zentzua bizkortzen du, ugalketa, berriro ere, bultzatzen du eta nahasketa genetikoa laguntzen du.

Guzti honek lengoaiaren sortzea eta garatzea eragin zuen. Gizakien arteko harremanak estutzerakoan komunikazio beharrak handitu ziren. Hiztegia aberastu zen eta honek oroimena indartu. Gizakiek taldeak eta leinuak osatu zituzten, kulturak sortu ziren…

Ebak Adani paradisuan eskainitakoa ez zen, nonbait, sagarra. Afrikako iparraldeko landaredian oparoak ziren alkaloide aluzinagarriek hominidoen neokortexaren leherketa eragin zuten, McKennak arrazoia balu.
 
Picture 2

Zoritxarrez, intuizio polita mozorro sasi-zientifikoarekin itsusitzen du McKennak bere lanean. Dena den psikonauta konbentzituentzat eta nerabe kuriosoentzat utziko dut teoriaren inguruko eztabaida, baina ez Kixmi blogean aurretik jorraturiko beste istorio batekin lotu gabe.

Kontuz gazteok! haluzinogenoek psikosiak eragin ditzakete, bereziki eskizofrenia; hona gai kimikoon etsaien ohiko argudioa. Halakorik oraindik frogatu ez bada ere, aluzinagarrien defendatzaileek ere onartzen dute gaiok psikosien katalizatzaile lana egin dezaketela, hau da, ezkutuan dagoen eskizofrenia atera dezaketela, dagoeneko horretarako joera dutenengan. Eskizofrenia eta haluzinagarriak lotuta badaude, ba al dago lengoaia eta eskizofrenia lotzerik?

Tximino eskizofrenikoa mezuan eman nuen Tim Crow genetistaren ikerketen berri. Lengoaia eta eskizofrenia, biak eraldaketa genetiko beratik datozkio gizakiari, haren arabera. Eraldaketa hori hominidoetan nola gertatu zen ikertzen ari da Crow, gaitza sendatzeko eta, bide batez, lengoiaren jatorria azaltzeko. Dena kolpe batez, ez da asmo makala.

Perretxiko eta onddo haluzinagarriak dira eraldaketa genetikoaren gakoa hor?

Picture 5

Tximinoa gurutzean

Aurrehistoriako oihanetatik, duela bi mila urteko Jordaniara. Ezaguna denez, Itsaso Hilaren inguruko kobazulo batean Nazareteko Jesusen garaiko hainbat idazki aurkitu zituzten hango artzai batzuk: Itsaso Hilaren Roiloak deiturikoak.

Idazki luzeok aztertzeko zientzialari talde bat antolatu zen. Zientzialari/hizkuntzalari haietako bat John Allegro zen (1923-1988). Ia bi hamarkada idazkiak aztertzen eman ondoren, 1968an hain zuzen, The end of the road izeneko liburuan, bere lanaren ondorioak aurkeztu zituen: Kristautasuna fede zaharrago baten (esenioen fedearen) imitazio engainagarria besterik ez da.

Baina benetako marka bi urte geroago egingo zuen, The sacred mushroom and the cross liburuarekin. Hartan zioenez, roiloek argi erakusten dute jatorrizko kristautasuna perretxiko haluzinagarrien inguruan antolatutako erlijio orgiastikoa zela. Halako kultuen ezaugarri tipikoak agertzeaz gain, hainbat xehetasun bitxi ematen dizkigu Allegrok: ostiari Jainkoaren gorputza esaten diote kristauek, Mexikoko indigenek perretxiko sakratuei Teonanacatl, jainkoen haragia, esaten dieten bezala. Jesukristo perretxiko haluzinagarri bat zela esan zuen Allegrok.

Are gehiago, gurutzearen jatorrizko sinboloa ez zen gaur egungo + , baizik eta Τ( tau ) hizki grekoa, eta bistakoa da azken honek perretxikoa irudikatzen duela, Allegroren aburuz. Bibliako paradisuko zientziaren zuhaitza perretxiko bat zela, alegia. Esenioek Asiako estepetako txamanismotik jasotako ideia, antza.

Jakina, kristorenak eta bi leporatu zioten Allegrori. Liburua suizidio akademikoa izan zen, baina pop kulturaren panteoian leku bat eman zion ikertzaileari.

Eta halere, Allegro ez zen lehena izan gurutzea Tau hizkiarekin lotzen.

  • Gurutzeak oso zaharrak dira eta Egiptotik datoz, antza. Tau zeinu sakratuari, gurutze formako gurtutako zutabeari, Thot esaten zioten egiptoarrek.

Hala idatzi zuen Jacques-Antoine Dulaurek 1805. urtean argitaraturiko Des divinités génératrices, ou du culte du phallus chez les anciens et les modernes liburuan. Hor dago Egiptoko Thot jainko-tximino haren aipamena, gurutzearen sorburu gisa.

Polemika nahietatik urrun eginiko azken liburu honek, pop kulturarekin zerikusirik ez duenak, mezu honetan jorraturiko ideia guztiak sintetizatzen laguntzen du: xamanen kuleto faltsua perretxiko haluzinagarriak, logos-a (eta eromena) eman zizkion tximinoari, eta kristautasunak istorio biologiko hau jaso du Thoten gurutzean kodetuta. Kode horrek gako bat du: Kixmi.

Baina hau ere, pop-filosofia da, haluzinagarrien eraginpekoa.

 Picture 4

Big Bang


Big Bang bideoa egin dut elkarlanean Izarne Cardaba margolariarekin. Izarne da protagonista eta fondo gisa haren Big Bang margoa erabili dugu. Eli Laztangurenek irudiak hartu eta editatu egin ditu eta Izarneren garrasi eta oihuak oinarri erabilita, soinu banda sortu du. Albert Hofmann LSDaren aurkitzailea hil zen joan zen astean. Bideo hau da gure omenaldi xumea, alua eta (h)aluzinagarria, tximino lisergikoarentzat.


(Bideoa saltoka ikusten baduzu, konexio motela duzu. Ikusi ondo hemen, kalitate gutxiagorekin bada ere)

Kixmiren iltzeak

closer ona

Closer to God (Jainkotik hurbilago) bideo clip bat da. Mark Romanek zuzendariak egin zuen, Nine Inch Nails taldearen kanta bat ilustratzeko. Bideoaren irudi nabarmenetako bat goian duzue: tximino bat gurutze bati lotuta. Blog hau jarraitzen baduzue jakingo duzue, honez gero, nondik atera zuen bideogileak ideia.

Nine Inch Nailsen musika rock ‘industrial’ gisa saltzen badute ere, ez du zerikusirik Throbbing Gristle taldeak izen horrekin sorturiko estilo atonal zaratazalearekin. Rock hutsa da, komertziala %100 eta osagai originalik gabea. Horren erradikaltasun guztia hitz bortitz eta gordinetan datza. Azken finean, nerabe estatubatuarrak (edo haien gurasoak) epatatzea du helburu.

Closer abestia argitaratu zuen Nine Inch Nails taldeak 1994. urteko The Downward Spiral diskoan. Kantak ez du inongo interesik blog honetarako, baina urte horretan Romanekek eginiko bideoak badu. Tximino bat gurutze bati helduta agertzen da. Zentsura jasan zuen bideoak, baina ez, antza, irudiengatik, baizik eta hitzetan fuck aditza erabiltzen duelako abeslariak.

Herzogen tximinoa

Nondik dator tximino hori? Bideoaren inguruan Wikipedian idatzi dutenek Joel-Peter Witkin argazkilari estatubatuarra aipatzen dute bideoaren ikonografiaren inspiratzaile gisa. Litekeena da, baina argi dago kixminoa ez datorrela hortik, baizik eta Werner Herzog zinemagilearen Ipotxak ere txiki hasi ziren filmetik. Tximino espezie mota berdina da, berdin dago lotuta gurutzean, eta ia modu berean borrokatzen du torturaren aurka.

Nine Inch Nails taldeko buru Trent Reznor blog honetako beste aspaldiko ezagun baten “aitapontekoa” izan zen musika munduan: Marilyn Manson kantariarena, alegia. Tximinoa gurutzean gaia berriz agertzen da

Mansonen Disposable teens 2000. urteko bideoan. Baina horretan, Herzogi eginiko omenaldi/plagioa ez da horren begi bistakoa.

Gezurra badirudi ere, Romaneken bideoak arte modernoaren aita santuen bendizioa du. Bere bilduman sartuta du New Yorkeko Museum of Modern Art (MOMA) museoak.

Kixmi bloga ez da gutxiago izango.

Nine Inch Nails Closer To God Music via Noolmusic.com

Choco Kixmies

chocokixmies

Mezu honetan ematen dut Cosimo Cavallaro eskulturgilearekin elkartasunez aste hauetan nire buruari ezarri diodan penitentziaren berri. Cavallaroren erakusketa bat ixtera behartu dute fundamentalistek New Yorken, artistak txokolatezko Jesu kristo bat jarri zuelako erakusgai. Zentsuraren aurka eta Cavallaroren alde, Choco Kixmies zereal kutxa oso bat amaitu arte ez dut besterik gosalduko. Hona bideoa.


Gosaltzeko zerealak dira Choco Kixmies deiturikoak, Kellogg’s etxeak eginikoak. Rice Kixmies delakoen bertsioa dira, kakao gustukoa. Gai berezi bat dute, eta esnetan botata, txokolate kolore eta gustua ematen diote. Ameriketako Estatu Batuetan merkaturatu zituzten Choco Kixmies zerealak lehen aldiz 1958. urtean.

Hainbat maskota erabili ditu Kellogg’sek Choco Kixmies zerealentzako. Lehengoa Jose tximinoa izan zen. Luze gabe Coco elefantearekin ordezkatu zuten 1959. urtean. Ogg kobazuloetako gizona izan zen Choco Kixmies-en ikurra 1968tik. Tusk (betortza) elefantea 1971. urtetik 1981era. Ondoren, Snap, Crackle eta Pop. Baina 1990. urtean itxi egin zuten zirkulua: berriz tximino bat izango zen maskota: Coco tximua.

Tximino marroia da Coco, kapera urdina darama eta kamiseta zuria, tximuaren izena agerian duela.

1990ko hamarkadaren amaieran, benetako tximino batekin ordezkatu zuten marrazkia. Ez zioten izena aldatu, dena den. 2001. urtean berriz aldatu zuten maskota. Ameriketako Estatu Batuetan, Snap, Crackle eta Pop dira egun arte Choco Kixmies-en maskotak.

Baina Choco Kixmies zerealak ez dituzte izen horrekin ezagutzen leku guztietan. Coco Pops izena dute Erresuma Batuan, Mexikon, Zeelanda Berrian, Irlandan, Finlandian, Italian, Grezian, Israelen, Frantzian, Belgikan, Herbeheretan, Hego Afrikan, Hong Kongen eta Australian. Herrialde horietan Choco Krispies izen itxusiarekin izendatu zituzten 1998. urtean. Izan ere, Alemanian eta Espainian izen horrekin ezagutzen zituzten. Edonola ere, salmentek behera egin zuten, eta telefonoen bidezko galdeketak egin ostean, atzera bota zuten izena 1999. urtean.

Choco Kixmies-ak ekoizten dituen Kellogg’s konpainia auzitara eraman dute AEBetan. Zerealak azukrez betetzeak “haurren gizentasun izurrian” laguntzen duela egotzi diote multinazionalari.


Espero dut zuek kontuan hartzea Choco Kixmies zerealak aurkezteko egin dudan ahalegina. Bada astebete ez dudala besterik gosaltzen, eta Choco Kixmies-ak ditut beste hiru asterako, gutxienez.

kixmiesgosaltzen

Fruitu debekatua

christfrontpage

“Ez duzue zuhaitz honetako fruiturik jango”. Debeku zaharra, baina oraingoan debekaturikoa ez da sagarra, txokolatea baizik.

Fundamentalista kristauek arrakasta itzela lortu dute gaur, New Yorken, Ameriketako Estatu Batuetan, adierazpen askatasunaren ustezko santutegian.

Cosimo Cavallaro eskulturgile italiar-kanadiarrak Manhattanen paratutako erakusketa ixtera behartu dute fundamentalistek, txokolatezko Jesu kristo bat dela eta. Cavallarok janarekin egiten du lan, eta ia 200 kilo txokolate erabili ditu Jesu kristo irudikatzen duen eskultura handia egiteko. My Sweet Lord (Ene jaun gozoa) jarri dio izenburu.

“Sentiberatasun kristauari inoiz eginiko erasorik okerrenetako bat da hau”, esan du Bill Donohue Catholic League taldeko buruak. Eskulturan Jesu kristoren sexu organoak agerian daudela gaitzetsi dute kristauek. Baina, batez ere, irudia txokolatezkoa izatea jarri ditu sutan.

Erakusketa aretoan ehunka mehatxu jaso dituzte egunotan, eta, azkenean, amore eman dute gaur.

Bitxia da afera, zalantzarik gabe. Kristauen gozogintzan santuen hezurtxoak jan egiten dira, baita mojen titiak ere. Kristoren haragia jatea eta haren odola edatea sakramentua da.

Baina txokolatea debekaturik dago.

Burmuina ere bitxia da. Honetaz pentsatzen ari naizela, etengabe datozkit burura gosaltzeko zereal marka berriak:

ChocoChristies?

TxokoKixmies?

Photoshopeko artistaren batek diseinatuko al du kutxa bat zereal horientzako?

Ni horretan ari naiz dagoeneko.

Zer diote blog honi buruz?

  • Honezkero 3 urte dira eli laztangurenek “kixmi” abiarazi zuela: barandiaranek idatzi zuen euskal jentilek jesukristo “kixmi”rekin identifikatu zutela, ziminoarekin, eta, hari horri tiraka, dispertsatu barik, egundoko abentura den bloga ontzen ari da, aldi berean ikerketa serio eta aurkikuntza eta gozamen estetiko; zenbat doktore tesik ez ote duten aurrera egiten askoz ere gutxiagorekin, esaterako nireak…  

    Markos Zapiain – Filosofoa


  • Tximinoen eta gizakien arteko gorabeherak ekartzen ditu. Nahiko mono-grafikoa da, baina monada bat, zinez. Argazki, marrazki eta bideoak sartzen ditu Elik, gaiarekin lotuak. Eta proposamen filosofiko bitxiak ekartzen ditu. Blog kurratua da eta zur eta lur utzi nau behin baino gehiagotan.

    Urtzi Urkizu – Kazetaria

  • Errespetu osoz esango dut, baina egia esan, Kixmi bloga… Ez dakit
    nola definitu… Ez dakit nola esan… Beno ba ez duela ez hankarik eta
    ez bururik.

    Joni – Internauta


  • Eldarnioa ulergarria da, gezurra salagarria.

    Garikoitz – Internauta

  • Ixildu zaitez mesedez!! Baina zein mundutan bizi zara zu, Kixmi?

    Mikel – Internauta