Tximino burugabea

Tximino bat bizirik lurperatuta, sakrifizio errituala egiten du gizaki talde batek orgia sadiko batean, basoaren erdian. Georges Bataille filosofoaren kontakizuna da Giboiaren Sakrifizioa. Baina, badira arrazoiak pentsatzeko fikzioa errealitate bihurtu zuela Bataillek 1936 urtearen inguruan. Antza denez, gizaki bat sakrifikatzeko zorian egon zen pentsalaria.

Giboiaren Sakrifizioa entzun

Uste al duzu Bataillek Giboiaren Sakrifizioa testuan kontatzen duena benetan gertatu zela? galdetu diot Michel Onfray filosofo frantziarrari. C’est assez probable, erantzun dit. Markos Zapiainek esan didanez, Onfrayk joan zen neguan kontatu zien bere ikasleei Bataillek eta bere taldeak biktima bat aurkitu zutela, bere burua sakrifikatzeko
gertu zegoen emakume idazle bat. Baso batean hiltzea erabaki zuten, baina azkenik ez zutela egin; eta emakume idazlearen ordez, tximino bat sakrifikatu omen zutela.

Bataille erotuta zegoen, ala deabrua tentatzen ari zen?, galdetzen dio bere buruari Michel Surya idazleak, Batailleren biografian. Batailleren Acéphale aldizkaria eta elkarte sekretua ezagutu behar dira epaitzeko.

Sakratuaren bila


1936ko apirilaren 29a. Idealismoaren aurkako bere gerran beste urrats bat eman zuen Bataillek. La conjuration sacreé testua amaitu zuen, Acéphale aldizkari berriaren lehen testu handia. Nietzsche faxisten eskuetatik erreskatatzea du helburu. Utopistek engainatzen gaituzte, ez dago gizakiak aldatzerik, ez komunismoaren bidez, ezta surrealismoaren bidez ere. Munduak ez du konponbiderik eta aitzakiarik gabe baietz esan behar diogu, Nietzscheren zentzuan, baita alderdirik ilunenetan ere; batez ere alderik ilunenetan.

  • Bada garaia zibilizatuen eta haien argiaren mundua abandonatzeko. Beranduegi da arrazoidun eta ilustratuak garen plantak egiteko –horrek gatza eta piperrik gabeko bizitza dakarrelako. Sekretuan ala ez, bestelakoak bihurtu behar gara, edo izateari utzi.

Hona Bataillek dioena (norbaitek gaur idatziko balu, “postmodernoa” dela esango genuke). Munduaren eta gizakiaren alde ilunenak, lohienak, esploratu nahi ditu Bataillek, trasgresioaren bidez. Bururik gabeko munstro gisa irudikatzen du gizakia.

  • Naizenaren harago, barregura sortzen didan izaki bat topatzen dut, xalotasunez eta krimenez eginikoa delako: burdinazko arma bat du bere ezkerreko eskuan eta bihotz sakratuaren itxurako su-garrak eskuinean. Erupzio berean biltzen ditu jaiotza eta heriotza. Ez da gizona. Ezta jainko bat ere. Ez da ni, baina ni baino gehiago da: haren sabela dedalo bat da eta han galdu da bera ere. Eta han galtzen naiz ni, nire burua bera bihurtuta aurkitzeko, hau da, munstro.

Acéphale 2

Batailleren azefaloak kaskezur bat dauka sexu organuen lekuan. Erotismoa eta heriotzaren arteko lotura zen filosofoaren obsesioetako bat. Nola ez ohartu bihotz sakratuaz. Lehen ere gai kuttunenetako bat da Kixmi blogean (ikusi Pornografia Sakratua eta baita hau ere).

Acéphale aldizkarian parte izan ziren Pierre Klossowski, Roger Callois, Jules Monnerot eta Jean Wahl, besteak beste. André Masson margolariak marraztu zuen bururik gabeko munstroa. Eta haiekin batera, emakume bakarra, antza: Colette Peignot idazle eta pertsonaia interesgarria (eta ustezko biktima boluntarioa).

Elkarte sekretua, elkarte sakratua

Suryak ongi nabarmentzen du: Acéphale aldizkaria osorik ezagutzen dugu, baina Acéphale elkartearen inguruko sekretua ez dugu, antza, inoiz urratuko. Izan ere, elkarte sekretua zen eta oso ondo gorde zuten sekretua Bataillek eta lagunak. Elkartearen errituen inguruan dakigun apurra, Bataillek berak Jacques Lacan eta beste adiskidei kontaturikoa da.Badakigu, esaterako, kideek uko egin behar ziotela bostekoa emateari antisemitei. Esanguratsua da hori, garaiko Frantzian eskuina osoa juduen aurkakoa zelako eta ezker gehiena ere, gorrotoaren militantea ez bazen ere.acéphale3Bigarren erritu ezaguna: Louis XVI. Frantziakoa erregearen gillotinatzea ospatzen zuten Parisen, urtarrilaren 21etan. Izan ere, Alemanian eta Italian estatuburu faxista jainko gisa gurtzen zuten bitartean, ordurako burubakarreko gizarterik ez zela posible adierazi nahi zuten azefaloaren bidez.

  • Buruaren printzipioa mundua batasunera murriztea da, mundua Jainkora murriztea. […] Burua, agintari konzienteak edo Jainkoak, bere burua helburutzat hartzen duen morroia da eta, ondorioz, ezin biziago gorroto behar da.

Naziek teosofiaren gainean eraikitako neopaganismo idealistaren aurrean, Dioniso jainkoa eta “formagabekoa, deabrutiarra, sexuala, extasigarria, khthonikoa, Amaren gurtza” kontrajartzen ditu Bataillek, eta nabarmendu egiten du faxismoak zeinen biziki gorroto dituen lurrazpiko jainkoekin zerikusirik duen oro.

Faxismoak heriotza ukatzen du; zentzu bat ematen diolako (aberriarengatik, buruzagiarengatik, idealarengatik hiltzea). Bataillek, ordea, heriotza bere zentzugabetasunean onartu nahi du, giza-komunitate bat sortu nahi du, erlijio bat, zentzurik gabeko sakrifizio baten gainean.

  • Buruzagia hiltzea betebehar tragikoa da. Giza aferen itxura aldatuko duen egia hasten da hemen: elkarbizitzari balio obsesiboa ematen dion osagai emozionala heriotza da.

Bataille ezker-eskuko bidearen jarraitzaile gisa ikus daiteke, azken finean. Indiako Tantra tradizio esoterikotik dator kontzeptua: iluminazioa lortzea alkoholarekin mozkortuz, sexuaren bidez eta sakrifizioaren eskutik, horra ezker-eskuko bidea. Hori zen Aleister Crowley “satanista” ingelesak garai beretsuan jarraituriko bidea, Helena Blavatsky teosofo protonaziak bidea inmoraltzat gaitzesten zuen bitartean.
acéphale3

Biktima badugu, borrerorik ez

Roger Calloisek baino ez zuen apur bat argitu sakrifizio egitasmoarekin gertatutakoa: Biktima boluntario bat topatu zuten. Bataillek borrero izateko eskatu zion Calloiseri berari, baina honek ezetz esan omen zion.

Iradoki dute Colette Peignot zela boluntarioa. Suryak dio ezerk ez duela justifikatzen hori esatea eta Bataillek gehiegi maite zuela bere maîtress-a horrela hiltzeko. Nire ustez, ordea, litekeena da Peignot izatea biktima. Hasteko, potlatch sakrifizio zeremoniaren logikaren barruan sartzen da gehien maite dena sakrifikatzea (horrek ematen dio balioa sakrifizioari, hain zuzen ere). Horrez gain, Peignot hilzorian zen ordurako, (1938ko azaroan hil zuen tuberkulosiak) eta ez nintzateke harrituko nahi izan balu, ohean hil beharrean, sakratutasun ateoaren tenplua bihurturiko basoan amaitzea.

IMG_4905 copy
Colette Peignot, Saint-Nom-la-Bretêcheko basoan.

Beraz, zer egin zuten azefalistek Paristik gertuko Saint-Nom-la-Bretêche herriko baso hartan? Kixmino bat hil zuten, pertsona baten ordez, Bataillek hamar bat urte lehenago irudikatu bezala?

Saint-Nom-la-Bretêcheko basoa.

Hogei urte geroago, erlijio ateo bat sortzeko egitasmoa “akats ikaragarria” izan zela esan zuen Bataillek. Bazuen, nire ustez, damua agertzeko aski arrazoi. Izan ere, Bataille zen taldearen burua eta askoz koherenteago izango zen bera izan balitz sakrifizioaren biktima. Agian, jentilen buruak Kixmiren kondairan bezala esan beharko zien bere kideei: “bota nazazue amildegi horretatik behera“.

N’est-ce pas, Colette?


Jesubioa



(Bideoa saltoka ikusten baduzu, konexio motela duzu. Ikusi ondo hemen, kalitate gutxiagorekin bada ere)

Jesubioa terminoa asmatu zuen Georges Bataille filosofoak, Jesus, je suis, sujet eta Vesubio hitzak batean sintetizatzeko. Tximino baten ipurditik ateratzen den erupzio eskatologiko gisa irudikatu zuen Jesubioa. Batailleren ideia zertan den azaltzeko goiko bideoa egin dizuet, sarrera gisa.

“Guztiz begibistakoa da Jésuve izenean Jesus aipatzen duela Bataillek, ez dago beste froga bilatu beharrik”. Hala idatzi dit Camille Dumoulié irakasleak. Literatura konparatua irakasten du Dumouliék Paris X-Nanterre unibertsitatean eta, horrez gain, Littérature et Idée ikerketa zentroa zuzentzen du.

Batez ere, Nietzscheren ideiek Antonin Artaud idazlearengan izaniko eragina aztertu du Dumouliék bere lanetan eta Bataillek horiei segida eman ziela dio. Dumouliéren Sur quelques sujets dionysiaques, d’Archiloque à Artaud lana irakurri dut eta, berehala idatzi diot irakasleari, Kixmi blogean interesatzen zaizkidan gaietan sakontzeko.

Georges Bataille

Lehen ere idatzi dut Batailleren inguruan. Gogoratu Bataille estasian sartzen zela zoologikoan tximinoen ipurdiak ikusten zituenean. Gogoratu istorio sadomaso-mistiko bat idatzi zuela tximino baten sakrifizioaren inguruan (azpiko gailuan sakatu eta entzun dezakezu).

Tximino hori Jesu kristorekin lotzea baino ez zitzaidan falta. Hor daukat, azkenean, Jesubioa.

Eguzki uzkia

“Batailleren lan osoan islatzen da horrore dionisiakoaren sakontze alai hau. Baina bi gaiek bereziki ongi ilustratzen dute: Eguzki uzkia (l’anus solaire) eta Begi pineala (L’oeil pineal)”, dio Dumouliék. “Eguzkiarekin bat egiteko desio obszenoak begi pineala sortarazten du gizakien kaskezurrean eta desio honi erantzuten dio izarraren izaera fekalak. Ikuspegi kosmologiko, bolkaniko eta fekal honen bihotzean jartzen du Bataillek berak Jesubioa deiturikoa. Termino hau “Sujet” eta “Vésuve” hitzen kontrakzioa da eta gizakiaren indar-muina adierazten du, hau da, energia bolkanikoa, anala eta fekala”.

Hizkuntza gutxitan adierazten da Eguzkia eta ipurtzuloaren arteko analogia hori euskaraz bezain ongi.


Eguzki uzkia, Coil musika taldearen arabera, 1984ko Scatology diskotik

Nietzschek bi kontzeptu asmatu zituen Tragediaren jaiotza lanean: apolineoa eta dionisiakoa. Apolineoa da forma, subjektua, gizbanakoa, ni-a, pertsona. Dionisiakoa, berriz, aurreko guztien sorburua da, existentziaren magma, “bataren abismoa”, jaio aurretik genuen aurpegia. Bien arteko jokoak eratzen du unibertsoaren tragedia.

Sumendiaren irudia ona da ideia ilustratzeko. Lurraren barruan magma dago, harri urtu formagabea. Sumenditik gora egiten duenean, berriz, gogortu eta forma hartzen du, apolineoa bihurtzen da. Horrela guk ere, subjektu forma hartzen dugu, umetokiaren magmatik ateratzen garenean jaiotzaren erupzioan.



Enpedokles filosofoaren istorioan drama honen ilustrazio egokia ikusi zuen Nietzschek. Kosmosaren sorrera azaltzeko lau elementuen teoria sortu zuen greziarrak: lurra, airea, sua eta ura. Elementuok elkartzeko bi indar proposatu zituen: amodioa eta gorrotoa edo gatazka. Greziako filosofian separazioa sartzeko bekatua egin zuen, nolabait esateko, Enpedoklesek eta larrutik ordaindu zuen. Kondairaren arabera, izurria zabaldu zen haren hirian, Agrigenton. Hiria salbatzeko, bere burua sakrifikatu zuen Enpedoklesek, Etna sumendiaren kraterrera botata.

Sakrifizio erlijiosoaren logika dago hor. Naturatik (Jainkotik) aldentzearen bekatua, separazioaren bekatua, sakrifizioaren bidez garbitzen da. Hori da Jesu kristoren heriotzaren atzean dagoen logika.

“Hitz batean, Enpedoklesen heriotzak ordain-akerraren ezaugarri guztiak ditu”, dio Dumouliék. “Errealitatean, Enpedokles hil egin zuten denen artean, horda primitiboan aita hiltzen zuten bezala, Freuden arabera, edo ordain-akerra, René Girarden aburuz. Beraz, subjektuaren ustezko eroaldia taldeak subjektuaren gainean proiektaturiko zoroaldia litzateke, hau doble sakratu eta munstroa bihurtuta. Asko dira, historian, lilura horretan erori diren subjektuak”.

Enpedoklesen istorioa eta euskal Jentilen akaberaren mitoa ere elementu berdinak dituzte. Hodei bat datorkiela ikusten dute jentilek (izurria, Hartsuagaren aburuz) eta leinuaren aita sakrifikatzen dute: “Kixmi etorri da, gure aroa amaitu da, bota nazazue amildegi horretatik”.

Ordain-tximinoa

Kixmi bat daukagu Bataillek bere irudimenean sakrifikatzen duen tximinoan? “Jesus sakrifikaturiko Jainko bat denez, bistan da lotura egin dezakegula”, idatzi dit Dumouliék.

Tximino-Jesusen uzkia sumendi gisa, kaka dariola heriotzaren azken ikarekin…

Zentzurik al du irudi sintesi bitxi horrek?

“Jesubioa, Nietzscheren Dioniso bezala, antikristo alai eta umoretsu mota bat da”, dio irakasleak. Haren arabera, kristautasunak eskaintzen duen sakrifizioaren ereduari jarritako “erresistentzia indar barrezalea da”. Izan ere, nola ekidin dezake Enpedokles moderno batek bere burua hiltzea edo gizartearen ordain-akerra bihurtzea?

Nietzschek hasitako eta Bataillek zein Artaudek jarraituriko bide umoretsua jarraituta, hain zuzen ere. “Salbazioaz edo sakrifizioaren problematikaz harago, abjekzio alaiaren bidea da, subjektuaren oinarri umoretsua, hau da, fekala, sakontzen duena”.

Batailleren arabera, tximinoan ipurditik ateratzen dena, gizakian ahotik bideratzen da. Kaka erupzio horren giza baliokidea barrea da.

“Nietzscherentzat munduak ez du helbururik, eta, orduan, zer aukera daukagu? Mundua den horretaz barre egitea”, esan zuen Bataillek.

Barre hori ez da edonolako barrea, ordea. Nietzschek “Zaratustraren barrea” deitu zion horri. Kafkak tximinoen algaraz idatzi zuen, “eraikinik zutik uzten ez duen barrea”.

Barrearen azken aukeretaraino heltzea da, Batailleren arabera, tragikoki barre egitea: “gurutze baten aurrean barre egingo genukeen bezala”.