Ekogune 30
|Tolosako Baratze Parkeari buruzkoa izango da gaurko erreportajea. 81 ortuz osatutakoa da Tolosako parkea, eta bertan egiten dute bat era askotako erabiltzaileek, gazte zein nagusi, elbarritu eta etorkin, era ekologikoan etxerako barazkiak haztearekin batera elkarren arteko harremanak sortuz. Elkarrizketaren tartean Mendi Esteban Iparraldeko Euskal Moneta elkarteko kidearekin izango gara. Urtarriletik dago kalean Euskoa, Lapurdi, Behenafarroa eta Zuberoako tokiko moneta. Ekonomia birlekukotzeaz gain, helburu sozialak, ingurumenarekikoak eta euskararekikoak ere betetzen ditu Euskoak. Azpeitiko Ingurugiro Etxea Museora bisita egingo dugu. Eta etxebizitzen energia eraginkortasuna ere izango dugu hizpide gaurko saioan. Aurreko ekainetik derrigorrezkoa da saltzekoak edo alokairuan jartzekoak diren etxebizitzek energia eraginkortasun ziurtagiria eta etiketa izatea, erostera edo alokatzera doanak etxearen ezaugarri horien berri izan dezan. [SAIOA]