Zer: Entretenimendua helburu duten ikus-entzunezkoen ekoizpenerako eta hedapenerako egitasmoa da Ikustenda, Debagoiena jatorri eta lan eremu nagusi duena. Honela, egitasmoaren ezaugarri nagusietakoa da bertakotasuna: bertako pertsonak, bertako lekuak eta bertako gaiak dira saioetarako aitzakia eta haien ardatz; askotariko saioz osatutako egitasmoa, aipatutako ezaugarriekin, beraz. Astean saio berri bat ikusteko aukera ematen du Ikustenda-k.
 
Nola: Bertakotasuna izanda egitasmoaren ezaugarri nagusi, Debagoieneko bertako merkataritza eta zerbitzu sektorea izan nahi ditu oinarrizko sostengu; aldi berean, sektoreari berari ekarpena egitea ere bilatzen du: jaso eta eman, beraz. Honela, entretenimendura bideratutako saioekin batera, egitasmoaren sostengu direnen promoziorako bideoak sareratzea da asmoa. Honez gain, ikus-entzuleen fideltasuna eskertu nahian, promozio bideoetako edukiarekin lotutako galderak zuzen erantzuten dituztenen artean saria zozkatuko du Ikustenda-k, hamar publierreportajetik behin.